BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Antoni Tàpies
Barcelona, 1923
1955
Teknika mistoa mihisean, 194,5 x 170 cm
Museoak eskuratua, 1985
Obalo handia Tàpiesen lehenengo maisulanetako bat da. Garai hartan, sartu berria zen abstrakzio informalista materikoan. Pieza honen soiltasun formala egilearen obra informalistaren barruko etapa goiztiar batean dago kokatuta. Bertan, materiaren, formen, zeinuen eta urraduren erabilera moderatua egiten da, eta gauza bera gertatzen da kolorearekin, izan ere, okrea eta grisa baino ez dira erabiltzen, horma zahar bat balitz bezala. Tàpiesen lanen izenburuek beti egiten diete erreferentzia oso konkretuak diren gai formal, ikonografiko, objektual edo kromatikoei. Arlo horrek materialtasunean eta izaera fisiko testualean dauka eragina. Hala ere, bere obraren gaitasun liriko eta iradokitzaileari eta kontenplazioaren handitasunari esker, XX. mendeko artearen hausnarketa existentzialik sakonenetakoa da. Tàpiesen lana (hasieran surrealista zen) 1953tik aurrera hasi zen garatzen, drama existentzialistaren eta zen erako budismoaren hausnarketaren artean. Margolari katalana da, beharbada, pintura materikoaren eredurik konplexu eta sortzaileena. Pintura materikoa arte informalistaren adar nagusietako bat da, zeina, aldez aurretik, Fautrierrek eta Dubuffetek garatu baitzuten. Keinu, zeinu eta hondakin-objektuen grafismoak sartzeak eta hiru dimentsiotako lanak egiteak aberastu egin du margolariaren bilakaera, eta povera artearen eta instalazioen munduaren zenbait arlotan ere parte hartu izan du. [J.V.]

Pintatzera Tamayorekin
Sortu zure alegia: hartu pintzela, eta koloreztatu pintoreak mihisean jarri dituen pertsonaiak eta objektuak.
Pintatzera: paseo bat Bilbotik
Denboran zehar, Bilbok margolari asko inspiratu ditu: hortxe daude, besteak beste, Paretek XVIII. mendean Bilboko Areatzari buruz egin zuen ikuspegi idealizatua, Lagarrek XX. mendearen hasieran egin zuen portuko irudi planista, edo, joan den mendeko laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Lazkano inspiratu zuen Kale Nagusiko eraikin ezagun bati buruzko hiperrealismoa. Ausartuko zara ondo pasatzera, zure bertsio propioa koloreztatuz?
Pintatzera: Haurrak pinturan
Haurrak ere ohiko gaia izan dira pinturan, errepresentazio mitologiko eta erlijiosoetatik hasi eta genero-eszenetan eta erretratuetan izandako protagonismo modernoraino: ahizpa bi landa-paisaia batean, itsasmutil gazte bat ontzi baten bizkarrean, neskatila bat leiho batetik begira, Antonio Mª Esquivel, Adolfo Guiard eta Aurelio Artetak margotuta, eta orain... zure bertsioa.