Web irisgarritasuna

Bilboko Arte Eder Museoaren webguneak behar bezala betetzen ditu W3Ck ezarritako A Bikoitza mailaren web-edukirako irisgarritasun-ildoak. 1 eta 2. lehentasun-baldintza guztiak zorrotz egiaztatu dira, indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzeko.

Ondoren, Bilboko Arte Eder Museoaren webgunearen irisgarritasuna bermatzeko hartutako neurrietako batzuk deskribatuko ditugu:

Estandarren betearazpena

  • Orrialde guztietarako 1. lehentasuneko eta 2. lehentasuneko baldintzak TAW (Web Irisgarritasunerako Testa) tresnarekin egiaztatu ziren, bai eta edukiak eskuz berrikusiz ere.
  • Webgune honetako orrialdeak XHTML 1.0 Baliagarri Zorrotzean daude idatzita.
  • Webgune honetako estilo-orri erlastuak CSS 2 eran daude idatzita.

Egiturazko markaketa

Orrialde guztietan, ondo desberdindutako lau esparru daude:

  • Goiburua, non nabigazio nagusia agertzen baita.
  • Eduki nagusien esparrua.
  • Atalei buruzko alboko zutabea.
  • Orri-oina, non nabigazio nagusia eta bigarren mailakoa agertzen baitira.

Dokumentuek lau esparru horien ordena gordetzen dute, estilo-orri erlastuak aplikatzen ez direnean edo pantaila-irakurgailu bat erabiltzen denean ere bai.

  • Webgune honetako orrialde guztiek markaketa semantiko egituratua dute. Goiburuko elementuak erabiltzen dira, orrialdeen egitura logikoa transmititzeko.
  • Testu-elementuetan, neurri-unitate erlatiboak erabiltzen dira.

Eduki erabilgarriak

  • Nabigatzaileak ez baditu flash edukietarako behar diren osagaiak, ordezkatze-teknika bat erabiltzen da.
  • Eduki guztiak erabilgarriak eta irisgarriak dira, baita irudi edo script-en erabilera desaktibatuta dagoenean ere.

Irudiak

Webguneko irudi guztiek "alt" ezaugarria dute, testuzkoak ez diren elementuei testu baliokidea eskaintzeko, albo batean utzita irudi apaingarri hutsak.

Edukien tabulazioa

Orrialdeetako elementu guztiek tabulazio-ordena logikoa jarraitzen dute, teklatuaren bitartez bertatik nabigatu daitekeela bermatzeko.

Entzumen-minusbaliotasuna duten erabiltzaileentzako irisgarritasuna:

Web orri honetan, Gomendatutako Ibilbidea atalerako aukeratutako lanei dagozkien zeinu hizkuntzako bideoak daude.

Zeinu hizkuntzako materiala web orriaren atal finko batean dago sartuta, eduki gehigarriarekin (jatorrizko testua). Ikusi ahal izateko, Adobe Flash Player izan behar da instalatuta.

Oztopo arkitektonikoak

Joan den mendeko laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Bilboko Arte Eder Museoa berritu eta handitzeko proiektua jarri zen martxan.

Beharrizanen azterketan, agerian geratu zen minusbaliatu fisikoek zenbait gabezia zituztela Museoaren espazio eta zerbitzuen irisgarritasunari eta erabilerari zegokienez. Konplexutasun handiko egoera da: 1945eko eraikin historiko bat da, eta, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, beste eraikin moderno bat gehitu zitzaion; ondorioz, sarbideak aldatu eta pasabideak konpondu egin behar ziren. Hori dela eta, Irisgarritasun Plana egin zen, eta, horren bitartez, oztopo arkitektonikoak kentzeari buruz indarrean zegoen D16/84 araudia aplikatu zen; bertan, puntu hauek hartu ziren kontuan:

Museoko sarbidearen egoeraren aldaketa

Museoko lehengo sarbidea aldatu egin zen; izan ere, handik joanda, eskailerak igo behar ziren.

Sarbide berriak

Sarrera berri bi eraiki ziren, Arriagaren monumentuko plaza berritutik eta Chillida plaza berritik. Sarbide horiek zuzenekoak dira, ez dute eskailerarik eta maila berean daude.

Komunikazio horizontala

Museo barruko komunikazioa arrapala bidez konpondu zen.

Komunikazio bertikala

6 igogailu jarri ziren: karga-jasogailu 2, zerbitzu orokorreko 3 igogailu, eta igogailu egokitu 1.

Komunak

Minusbaliatuentzako 2 komun berri jarri ziren; mugikortasunerako distantzia libreak dituzte, bai eta komunak errazago erabiltzea ahalbidetzen duten barrak eta elementuak ere

Museo barruko seinaleek ere irisgarritasunarekin lotutako arloak hartzen dituzte kontuan.

Ibilbide egokitua

Oztopo arkitektonikorik gabeko ibilbide egokituaren berri ematen duen plano bat dago. Txartel-leihatilan gurpildun aulkiak eta artazi-aulkiak daude gure bisitarien esku. Sartu ibilbide egokituaren planora.

Auditoriuma

Zenbait butaka arrunt kendu ziren, gurpildun aulkientzako lekua uzteko.

Hezkuntza berezia

Beste alde batetik, Museoak premia bereziak dituen publikoaren eskaera guztiei egiten die aurre, Didaktika Sailaren bitartez. Sail horrek pertsona bakoitzaren interes eta ezaugarrien arabera orientatzen eta programatzen ditu bisitak.

Ikusmen arazoak dituzten pertsonak

Iberdrola eta ONCErekin lankidetzan, ikusmen urritasuna duten pertsonei Museoaren bilduma ezagutzeko aukera eskaintzen zaie, programa zehatz baten bitartez. Museoaren bilduma kontsultatzeko ordenagailu egokitu bat ere badute Liburutegian. Une honetan, Braillez idatzitako kartelen ibilbide bat ari gara lantzen.

Kognizio arazoak dituzten pertsonak

Iberdrola eta Gorabiderekin lankidetzan, bisita azalduen programak Museora hurbiltzeko aukera ematen die minusbaliotasun intelektuala duten pertsonei.

Gizarteratze programetan dauden pertsonak

Gizarteratze programetan dauden pertsonentzat, bisitak diseinatu dira Museoaren bildumara eta erakusketetara, euren interes eta itxaropenei egokitutako metodologia erabiliz.

Búsqueda en el sitio