BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Eduardo Chillida
Donostia, 1924 - 2002
1956
Burdina forjatua, 28,5 x 63 x 25 cm
Museoak eskuratua, 2003
Chillidak kaligrafia informalista –hau da, ezaugarri azkar bezain jarraitua– eta "zehaztu gabeko geometriako" forma trinkoagoak aukeratu zituen tarteka. Hori dela eta, espazialismora ere hurbildu zen. Lan bakoitzean, zalantza hori materialaren arabera ebatzi zen sarritan, eskulturagileak oso-oso kontuan hartu baitzuen gehienetan erabili ohi zituen burdinaren, egurraren, alabastroaren, hormigoiaren edo terrakotaren balio plastikoa desberdina zela. Dardara-burdinak II Chillidak 1956an Parisen ikusgai jarri zituen eskulturetakoa da. Izan ere, lan horiek nazioarteko onespenaren ateak ireki zizkioten. Bertan, burdinaren garapen lineala antzematen da, bere izaera grafiko zorrotza, bai eta nekazaritzako lanabesak, armak eta antzinako beste erreminta batzuk egiten zituzten olagizonen zereginarekin daukan lotura ere. Hain zuzen ere, badirudi Dardara-burdinak II lanean goldearen formaren abstrakzioa egiten dela, infinituaren adierazle bihurtuz eta, horren ondorioz, esangura metafisikoko objektu bilakatuz. Eskultura honetan, egileak adierazpide zailaren bilaketaren berri ematen digu, berezko grafismoaren garapen malgua eraman nahi baitu espaziora, burdina forjatua bezain gogorra den eta astiro eraldatzen den materialaren bitartez. Chillida arkitektura ikasten hasi zen Madrilen, baina hasi eta gutxira bertan behera utzi zuen eskultura lantzeko. Parisen egon ondoren, 1951n Euskadira itzuli zen. 1958. urtean, Veneziako Biurtekoko Eskultura Sari Nagusia lortu zuen. Chillidak Picassok, Julio Gonzálezek eta Pablo Gargallok hasitako burdinazko tradizio eskultorikoari eutsi zion, eta XX. mendeko bigarren zatiko funtsezko eskulturagileetako bat izan zen. Filosofoekin –Heidegger, Cioran– eta olerkariekin –Jorge Guillén– lan egin zuenez, agerikoa da bere lanek interes esentzialista zutela. [J.V.]

2011 museoaren historiako urterik onenetakoa izan da. 259.968 bisitari, artearen inguruko erakusketaz, jardueraz, topaketaz eta esperientziaz betetako urtean. Emozio pertsonal eta kolektiboak, gizarte jantzi eta gizatiartuagoa sortzen laguntzen dutenak.
Lankidetzarako espiritu berarekin, Museoak bat egin zuen –Operaren Lagunen Bilboko Elkartearekin eta Umpro higiezin-enpresarekin batera– Alex Txikon alpinista eta aizkolari bizkaitarraren "Umpro K2" espedizioarekin. Hain zuzen ere, Txikon joan den maiatzean abiatu zen Gernikatik, mundu erdia zeharkatu eta Skardúra (Pakistan) heltzeko; han, bidaia egiteko erabili zuen furgoneta Felix Baltistan Fundazioari eman zion dohaintzan. Errepidez egin zituen 7.000 kilometroetan, gainera, herri kiroleko erakustaldiak eskaini zituen, munduko gailurretako batera igotzen hasi aurretik.
Elkartasuna, kirola eta kultura, artea ere lekurik garaienetara eramateko.
Argazkia: Alex Txikon, uztailaren 13an Gasherbrum 1eko gailurra zapaldu zuenean.