BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Orazio Gentileschi
Pisa, Italia, 1563-Londres, Erresuma Batua, 1639
1628
Olioa mihisean, 226 x 282 cm
Museoak eskuratua, 1924
1626an, Ingalaterrako Karlos I.a erregeak Londresera gonbidatu zuen Gentileschi, eta zenbait neurritako mihiseak enkargatu zizkion; tartean, hau. Bertan ikusten da zelan egiten duten alde Lotek eta bere familiak, Sodoma suntsituko zutelako abisua jaso ostean. Bidean, Loten emaztea (paisaian figura txiki gisa dago pintatuta) gatzezko estatua bihurtu zen, Jainkoaren aginduei kasu egin ez eta sutan zegoen hirirantz begiratzeagatik. Lot eta bere alabak kobazulo batean sartu ziren, eta alabak beldur zirenez munduan bakarrik geratuko ote ziren, aita mozkortu zuten, berarekin ondorengoak izateko. Gentileschik leuntasunez iradokitzen du gai labainkor honen erotismoa, zeina modu sinbolikoan baitago erabilita Ingalaterrako Gortearen kezka dinastikoen testuinguruan. Mahatsondoak, lurrean isuritako ardoak eta pitxerrak Loten horditasunari egiten diote erreferentzia. Gentileschik lehenago ere jorratu zuen gai hau Genoan, eta, oraingoan, konposizio ireki eta landua erakusten du, non hiru figurak, ia-ia tamaina naturalekoak, atzealde ilunaren gainean nabarmentzen baitira, argi biziarekin. Loten tunika distiratsuaren eta bere alabetako baten mantuaren ezaugarriak (azken hori urdin distiratsuz dago pintatuta) maisutasun handiz daude islatuta. Londresen igarotako etapa honetan, Gentileschiren pinturak estilo fin eta koloretsuranzko bilakaera izan zuen, eta lan hau estilo horren adibide bikaina da. 1628tik, artelan hau Whitehall Jauregian egon zen ikusgai, eta, gero, Greenwichekora eraman zen, Karlos I.aren emazte zen Henrietta Maria erreginaren nahiari jarraituz.XVII. mendearen hasieran, Gentileschi Caravaggiorekin batera egon zen Erroman; haren jarraitzailerik aipagarrienetakoa izan zen, eta bere estiloa dotoretasun handienarekin eta tenebrismorik txikienarekin islatu zuena. Erroman, Genoan eta Turinen egin zuen lan, gero Parisen (Medicisko Mariaren zerbitzupean), eta, azkenean, Londresen jarri zen bizitzen. [A.S.L.]

Museoak giza baliabideen inguruan darabilen politika uste sendo batean dago oinarrituta: giza talde hau funtsezko pieza dela gure helburuak lortzeko, alegia.
Pertsonenganako konfiantza eta errespetua sustatzen ditugu. Eta zintzotasunaren, sormenaren, osotasunaren, erantzukizunaren eta konpromiso etiko profesionalaren balioetan oinarritutako lanean sinesten dugu. Ezagutza zabaleko talde motibatua izatea da gure helburua.
Zuk ere balio berberetan sinesten baduzu, gure taldeko kide izateko aukera eskaintzen dizugu; izan ere, talde horretan, gaitasun handiko pertsona gogotsuak sartzen dira. Kultura hedatzen lagunduko diguzu, eta zure karrera profesionala garatu edo zure prestakuntzarekin jarraitu ahal izango duzu. Horretarako, lan-giro malgua aurkezten dizugu. Bertan, pertsona bakoitzaren interes profesional eta indibidualak zaintzen dira.
Gure hautaketa-prozesu guztiak gure webgunean argitaratzen dira, bai eta zenbait komunikabidetan ere.
Gurekin bat egin nahi baduzu, aukera hauen bitartez egin dezakezu: