BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Antoni Tàpies
Barcelona, 1923-2012
1955
Teknika mistoa mihisean, 194,5 x 170 cm
Museoak eskuratua, 1985
Obalo handia Tàpiesen lehenengo maisulanetako bat da. Garai hartan, sartu berria zen abstrakzio informalista materikoan. Pieza honen soiltasun formala egilearen obra informalistaren barruko etapa goiztiar batean dago kokatuta. Bertan, materiaren, formen, zeinuen eta urraduren erabilera moderatua egiten da, eta gauza bera gertatzen da kolorearekin, izan ere, okrea eta grisa baino ez dira erabiltzen, horma zahar bat balitz bezala. Tàpiesen lanen izenburuek beti egiten diete erreferentzia oso konkretuak diren gai formal, ikonografiko, objektual edo kromatikoei. Arlo horrek materialtasunean eta izaera fisiko testualean dauka eragina. Hala ere, bere obraren gaitasun liriko eta iradokitzaileari eta kontenplazioaren handitasunari esker, XX. mendeko artearen hausnarketa existentzialik sakonenetakoa da. Tàpiesen lana (hasieran surrealista zen) 1953tik aurrera hasi zen garatzen, drama existentzialistaren eta zen erako budismoaren hausnarketaren artean. Margolari katalana da, beharbada, pintura materikoaren eredurik konplexu eta sortzaileena. Pintura materikoa arte informalistaren adar nagusietako bat da, zeina, aldez aurretik, Fautrierrek eta Dubuffetek garatu baitzuten. Keinu, zeinu eta hondakin-objektuen grafismoak sartzeak eta hiru dimentsiotako lanak egiteak aberastu egin du margolariaren bilakaera, eta povera artearen eta instalazioen munduaren zenbait arlotan ere parte hartu izan du. [J.V.]
