BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Francisco de Goya
Fuendetodos, Zaragoza, 1746-Burdeos, Frantzia, 1828
1797
Olioa mihisean, 83 x 65 cm
Ramón de la Sota y Aburto jaunaren dohaintza, 1980
Martín Zapater (1746–1803) Goyaren lagun handia izan zen, Zaragozako Eliz Eskoletan ezagutu zirenetik. Gizon ilustratua eta San Fernandoko Arte Ederren Erret Akademiako kidea izan zen, eta Karlos III.ak Aragoiko Noble titulua eman zion, bere eskuzabaltasunagatik. Arrakastaz aritu zen merkataritzan, eta gutun ugari trukatu zituen Goyarekin. Korrespondentzia hori funtsezkoa da margolariaren izaera ezagutzeko. 1797an, Goya Madrilen zegoenean bizitzen eta arrakasta handiko margolaria zenean, erretratu hau eskaini zion Zapaterri, zazpi urte lehenago ere haren beste irudi bat egin zuen arren. Oraindik ere ukitu neoklasiko samarra duen margo honek Zapater heldu eta osasuntsu baten irudia eskaintzen du. Goyak Zapaterren aurpegian jarri zuen arreta osoa, non haren sudur handia nabarmentzen baita –Goyak "sudurluze" deitzen zion–, begirada zintzo eta zuzenaz gain. Hain zuzen ere, begiradari esker, lagunaren adierazkortasuna eta izaera markatu eta irekia harrapatu ahal izan zuen. Ondoren, garai erromantikoko gustuei jarraituz, mihisea ebaki egin zen eta forma obalatua eman zitzaion. Francisco de Goyak Zaragozan ikasi zuen pintatzen, eta, 1775ean, Madrilera joan zen. Gortean Bayeuren babesa zeukan, eta modu bikainean landu zituen genero guztiak. Erretratu-egile gisa dohain apartak zituenez, Karlos III.a, Karlos IV.a eta Fernando VII.a monarken eta nobleziaren margolari gogokoena izatera heldu zen. Hain zuzen ere, Fernando VII.ak errepresio basatia praktikatzen zuen liberalen aurka, eta, 1824an, Goyak ere errepresio horretatik alde egin behar izan zuen. Bordelen jarri zen bizitzen –ordurako 78 urte zituen–, eta, lau urte geroago, hil egin zen. [A.S.L.]

Pintura, eskultura, paperean egindako obra eta arte aplikatuen artean, Bilboko Arte Eder Museoaren bildumak zortzi mila pieza baino gehiago ditu, XII. mendetik gaur egunera arteko ondare multzo aipagarri batean. Antzinako arteko eta arte moderno eta garaikideko ale garrantzitsuak ditu, eta interes berezia dute Espainiako eta Flandesko eskolako pinturak eta euskal artisten presentzia handiak.
Museoa euskal artisten bildumarik garrantzitsuenaren jabe da, eta, hori horrela, erreferentziarik handieneko instituzioa da, dituen fondo dokumentalengatik, ikerketa arloko tradizioagatik eta artistenganako hurbiltasunagatik. Manuel Losada margolari bilbotarra izan zen Museoaren sustatzailerik sutsuenetako bat eta lehenengo zuzendaria, eta Aurelio Arteta, hau ere margolari bilbotarra, Bilboko Arte Modernoko Museoaren lehenengo zuzendaria izan zen. Dagoeneko ehun urte dituen historian zehar, erakunde biak fusionatu egin ziren eta gaur egungo Museoa sortu zen. Ordutik hona, jardunean egon diren euskal artista garrantzitsu guztiek, Zuloagatik hasi eta Chillidaraino, lotura berezia izan dute Museoarekiko. Bakoitzak bere moduan, laguntza handia eman dute Museoaren sendotzea eta hazkundea ahalbidetzeko, kudeaketa arloan parte hartuz edo artelanak dohaintzan emanez.
Bilboko Arte Eder Museoaren bilduma aurreko bi museoren fondoak batu zirenean sortu zen: lehen Arte Eder Museoa, 1914an inauguratua, eta Arte Modernoaren Museoa, 1924koa. Hainbat erakunderen eta partikularren dohaintza ugariek eta Museoaren beraren erosketek markatu dituzte bildumaren ezaugarririk behinenak eta handitze-bideak.
Museoko aretoetatik oinarrizko ibilbidea eginez gero, Bermejo, Benson, Mandijn, Vredeman de Vries, De Vos, Moro, Sánchez Coello, Greco, Pourbus, Gentileschi, Ribera, Zurbarán, Van Dyck, Murillo, Arellano, Meléndez, Bellotto, Goya, Paret, Villaamil, Ribot, Zamacois, Madrazo, Gauguin, Cassatt, Sorolla, Guiard, Ensor, Regoyos, Romero de Torres, Zuloaga, Sunyer, Arteta, Gutiérrez Solana, Vázquez Díaz, Lipchitz, Delaunay, González, Gargallo, Bacon, Palazuelo, Oteiza, Chillida, Caro, Millares, Tàpies, Saura, Lüpertz, Kitaj, Blake, Arroyo, eta Barcelóren, lan bikainak ikusiko ditugu, besteak beste.