Kontserbazio eta Zaharberritze Saila 1975ean sortu zen, eta sail gisa eratutako lehenengo departamentua da Museoaren antolakuntzan.

Aipatutako urte horretatik aurrera, baliabide teknikoak eta zaharberritze-irizpideak betebehar museistiko berrietara egokitu ditu, Museoaren bilakaeran modu aktiboan parte hartuz. Bere egiteko nagusia Museoaren bilduma kontserbatzea da, eta gauza bera egitea Museoaren instalazioetan dauden artelan edo ondasun kultural guztiekin. Era berean, funtsezko zeregina dauka artelanen gaineko ezagutza zientifikoari dagokionez eta lan horiek jendartean zein komunitate zientifikoaren artean hedatzeari dagokionez.

EKINTZAK

Kontserbazio prebentiboa

Kontserbazio prebentiboaren helburua artelanetan izan daitezkeen kalteak saihestea da, eta zeharkako zenbait ekintzatan gauzatzen da:

  • Museoko areto eta biltegietako hezetasun erlatiboaren, tenperaturaren eta argiztapenaren ingurumen-kontrola.
  • Museoan dauden artelan guztien kontserbazio, mantenimendu eta azaleko garbiketaren egoeraren berrikuspena eta aldizkako kontrola.
  • Lanak markoztatzea, kontserbaziorako muntaketa egitea, eta kutxa klimatikoetan instalatzea.
  • Lan bakoitzaren biltegiratze, manipulazio eta instalazio egokiaren ikuskapena.
  • Museoaren bildumako lanak beste erakunde batzuei mailegatzen zaizkienean, mailegu horien ikuskapena egiten dugu –esate baterako, aldi baterako erakusketen kasuan–, eta egoitza horietako ingurumen-baldintzak ebaluatzen dira, eta bilgarriak, garraiobideak eta manipulazioak gainbegiratzen dira. Gainera, artelanekin batera joaten gara euren helmugaraino, hala egin behar dela uste dugunean.
  • Beste erakunde batzuek, erakusketaren baterako, aldi baterako gordailuan edo maileguan lagatako artelanen baldintzen kontrola. Artelanaren kontserbazio egoera ebaluatzen da eta dagokion txostena ematen da. Txosten horrek, aldi berean, artelana kontrolatzeko balio du, Museoan dagoen bitartean eta Museotik irteten denean.

Kontserbazioa eta zaharberritzea

Kontserbaziorako tratamenduak edo, hala deitu baitzaie ekintza horiei, kontserbazio sendagarriak, artelanaren gaineko ekintza zuzenak dira, eta artelana hondatuta dagoenean baino ez dira aplikatzen. Horren bitartez, besteak beste, materia finkatzen da eta egonkortze estruktural edo kimikoa ahalbidetzen da. Zaharberritze-ekintzei esker, normalean, artelanak itxuraldaketa bat izaten du, eta neurri horiek artelanen irakurketa bueltatzeko edo ahalbidetzeko asmoz aplikatzen dira, artelanaren esanahia aldatu gabe. Jendeak lan horrekin identifikatu izan ditu beti kontserbatzaile-zaharberritzaileak, baina, gaur egun, beharrizan museologiko berriak direla eta, kontserbazio eta ikerketa ekintzak ere sustatzen dira. Bilboko Arte Eder Museoaren bilduman pieza ugari daudenez, diziplinarteko lana egin beharra dago, eta, ondorioz, gero eta lankidetza gehiago eta gero eta aditu-truke gehiago dago zenbait erakunde publikorekin; esate baterako, Espainiako Ondare Kulturalaren Institutuarekin, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluarekin edo Pradoko Museo Nazionalarekin.

Sail honen inguruko informazio eskaeraren Formularioa

Sail honen inguruko duda edo kontsultarik izanez gero, bidal iezaguzu mezu bat hurrengo formulario beteaz:

(*) markaturiko eremuak derrigorrezkoak dira.