BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Ignacio Zuloaga
Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madrid, 1945
1913
Olioa mihisean, 152 x 195,5 cm
Ramón de la Sota y Llano jaunaren dohaintza, 1919
Mathieu de Noailles kondesaren erretratua lanean, jatorri greziar eta errumaniarreko Anna Elisabeth de Brancovan olerkari paristarra agertzen da. Erretratuak gortina astunak dauzka inguruan, izaera eszenografikoa azpimarratu nahian. Dena dela, Zuloagak konposizioa irekitzen du El Grecoren atzealdeetan inspiratutako argizuloaren bidez, eta protagonismo osoa ematen dio emakumearen irudi sentsualari. Azkenik, eskuineko beheko angeluan, liburudun natura hila margotu du, literaturarekiko zaletasun biziaren adierazgarri, bai eta pasioaren sinboloa den perladun idunekoa eta maitasunaren adierazgarri diren arrosez betetako pitxer handia ere: kondesaren nortasunaren bildumatxo sinbolikoa eta, aldi berean, Espainiako barrokoko vanitas delako gaiaren eguneraketa. XX. mendearen hasierako nazioarteko kritikari artistikoen esanetan, garaiko margolari onenetakoa izan arren, Zuloagari atzerakuntza nazionala goresten zuela egotzi zioten Espainian. Bere prestakuntzak ez zuen inolako zerikusirik mundu akademikoarekin, Parisko zirkulu intelektualen eraginpean zegoen eta lotura estua zeukan 98ko Belaunaldiarekin. Hori guztiori dela eta, herri-kultura, XVII. mendeko Espainiako pintura eta Goyaren lana hartu zituen eredu. Eragin horien ondorioz, barneraketa psikologikoko lan adierazkorrak sortu zituen. Ezaugarri horiek, hain zuzen ere, bere estiloko faktore garrantzitsuenak izan ziren, ikuspegi erromantikoarekin eta betearazpenerako trebeziarekin batera. [J.N.G.]
Bilboko Arte Ederren Museoko eskola-programek erantzun zabala ematen diete Hezkuntza Sistemako maila guztiei, eta, artelanen aurrean, elkarrizketa eta hausnarketa ahalbidetzen duen hezkuntza-tresna gisa agertzen dira, bai eta ikasleen artean trebetasun sozialak eta ezagutza garatzeko bitarteko gisa ere.
Programetako batzuetan, ikasleak museoko hezitzaile batekin joaten dira, eta, beste batzuetan, irakasleak berak gidatzen du ikasleen bisita. Aipatutako azken kasu hori zenbait programatan ematen da: Museoa Deskubritu, Kontaktuko Ibilbidea, Hastapen Ibilbidea, Oinarrizko Ibilbidea eta Antzinako Pintura.
Beste alde batetik, ikusmen-urritasuna duten ikasleei eta beren ikaskideei zuzendutako Tailer-bisita programak ikasleen mailaren araberako ibilbide egokitua dauka, bai eta ukimenean eta esperimentazio haptikoan oinarritutako espazio bat ere.
Edozein zalantza argitzeko, informazioa eskatzeko edo erreserbak egiteko, deitu 94 439 61 41 telefono zenbakira.
Museoen mundurako lehen hurbilketa gisa planteatzen da, betiere, Haur Hezkuntzako umeei eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleei zuzenduta. Bere helburuen artean, behaketa eta elkarrizketa sustatzea, eta Museoaren ikuspegi orokorra eskaintzea daude.
Ez dago museoa baino leku hoberik, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleek koloreekin harreman zuzena izan eta esperimentatu dezaten. Gainera, gauza gutxiren bitartez bideratu daitezke ideiak, emozioak eta sentimenduak, kolorearekin bezain modu atsegin eta naturalean.
Artearen munduan, edozein izaki fantastikok har dezake bizitza. Jarduera honetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleak animatu nahi ditugu, gure museoan bizi diren izaki fantastikoetako batzuk aurkitu ditzaten eta beraiekin dibertitu daitezen.
Museoko koadroetan, uste duguna baino askoz ere animalia gehiago bizi dira. Abentura honetan, zaldiak, katuak, loroak eta beste asko aurkituko ditugu, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleek animaliekin duten harremanari buruz egin ahal izango dute berba, bai eta animaliek dituzten erabilerak aipatu ere.
Zein koloretakoak dira gereziak? Sagarrak gozoak dira? Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko gure ikasleek gai hauei eta beste askori buruz egin ahal izango dute berba, museoa bisitatu ahala elikagaiek gure bizitzan duten garrantziaz jabetzen diren bitartean.
Koloreetatik egindako bidaia atsegin eta parte-hartzailea da, Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleei zuzendutako koadroen aukeraketa bat erabiliz. Artearen munduarekiko sentsibilizazioa piztea eta ikusten dutena interpretatzera animatzea dira helburuetako batzuk.
CEIDAren menpeko Eskola Agenda 21 programari lotutako ibilbidea da, eta ingurumenaren eta garapen iraunkorraren heziketa hobetzeko asmoz sortu da. Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleek urak gure bizitzan daukan presentzia eta garrantzia ikusi ahal izango dute, Museoko hezitzaile batekin gure bildumako lanik nagusienetatik egingo duten bisita azalduari esker.
Hizkera sinple eta motibatzailea erabiliz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei artelanen azterketa formala egiteko aukera ematen zaie. Bisita honetan zenbait arlo sustatzen dira; besteak beste, artelanei buruzko solasa sustatzea, ikasteko baliabide gisa; eta beste arte-museo batera eramateko moduko esperientzia eskaintzea.
Museoari eta Artearen Historiari buruzko panoramika berezia eskaintzen du, Batxilergoko ikasleei zuzenduta. Pinturaren eta eskulturaren azterketa formala, artearen munduaren inguruko pentsamendu kritikoa garatzera bultzatzen duen jarduera baten bitartez.
CEIDAren menpeko Eskola Agenda 21 programari lotutako ibilbidea da, eta ingurumenaren eta garapen iraunkorraren heziketa hobetzeko asmoz sortu da. DBH eta Batxilergoko ikasleek materialen berrerabilpenari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dute; hain zuzen ere, erabilera jakin baterako sortutako material asko artean zelan berrerabili daitezkeen aztertuko dute, bai eta berrerabilitako material horiek Museoko artelan batzuetan eman dituzten emaitzak ere.
DBHko bigarren ziklotik aurrerako ikasleei zuzenduta, eta, betiere, Museoko hezitzaile batek gidatuta, programa honek zortzi artelan aztertzen ditu, eta, lan horietatik abiatuta, Europako hainbat herriren historia eta kulturari buruzko gogoeta egingo da, herri horien iragan komuneko loturak eta gertakari garrantzitsuak aztertuz.
Babeslea • Patrocinador • Sponsor
Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak (HKES) adin eta interes mota askotako jendeari zuzendutako jarduerak eta programak jartzen ditu abian. Ekimen horien helburu nagusia museoaren bilduma iraunkorra eta aldi baterako erakusketak hobeto ezagutzea da, bai eta horietaz gozatzea ere.
Gure ezagutzak museoetako hezkuntza-esparruetako beste profesional batzuekin konpartitzen ditugu, eta gure hezkuntza-proiektuan parte hartzen duen jendearen ekarpenak jasotzen ditugu. Azken helburua Museoaren eta interes partikularren arteko bitartekaritza egokia lortzea da. Modu horretan sortuko liratekeen proposamenei esker, Museoa ezagutzarako eta ikasketarako esperientzia baliagarriak sorraraziko lituzkeen lekua izango litzateke.