BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Eduardo Chillida
Donostia, 1924 - 2002
1956
Burdina forjatua, 28,5 x 63 x 25 cm
Museoak eskuratua, 2003
Chillidak kaligrafia informalista –hau da, ezaugarri azkar bezain jarraitua– eta "zehaztu gabeko geometriako" forma trinkoagoak aukeratu zituen tarteka. Hori dela eta, espazialismora ere hurbildu zen. Lan bakoitzean, zalantza hori materialaren arabera ebatzi zen sarritan, eskulturagileak oso-oso kontuan hartu baitzuen gehienetan erabili ohi zituen burdinaren, egurraren, alabastroaren, hormigoiaren edo terrakotaren balio plastikoa desberdina zela. Dardara-burdinak II Chillidak 1956an Parisen ikusgai jarri zituen eskulturetakoa da. Izan ere, lan horiek nazioarteko onespenaren ateak ireki zizkioten. Bertan, burdinaren garapen lineala antzematen da, bere izaera grafiko zorrotza, bai eta nekazaritzako lanabesak, armak eta antzinako beste erreminta batzuk egiten zituzten olagizonen zereginarekin daukan lotura ere. Hain zuzen ere, badirudi Dardara-burdinak II lanean goldearen formaren abstrakzioa egiten dela, infinituaren adierazle bihurtuz eta, horren ondorioz, esangura metafisikoko objektu bilakatuz. Eskultura honetan, egileak adierazpide zailaren bilaketaren berri ematen digu, berezko grafismoaren garapen malgua eraman nahi baitu espaziora, burdina forjatua bezain gogorra den eta astiro eraldatzen den materialaren bitartez. Chillida arkitektura ikasten hasi zen Madrilen, baina hasi eta gutxira bertan behera utzi zuen eskultura lantzeko. Parisen egon ondoren, 1951n Euskadira itzuli zen. 1958. urtean, Veneziako Biurtekoko Eskultura Sari Nagusia lortu zuen. Chillidak Picassok, Julio Gonzálezek eta Pablo Gargallok hasitako burdinazko tradizio eskultorikoari eutsi zion, eta XX. mendeko bigarren zatiko funtsezko eskulturagileetako bat izan zen. Filosofoekin –Heidegger, Cioran– eta olerkariekin –Jorge Guillén– lan egin zuenez, agerikoa da bere lanek interes esentzialista zutela. [J.V.]
Badaukazu tarte bat? Beste garai batzuetatik paseatzera eta gauzak nola aldatu diren ikustera gonbidatzen zaitugu.
Otsailaren 11an larunbata 17:00etan 3. taldea
Otsailaren 12an igandea 11:00etan 2. taldea
Otsailaren 12an igandea 17:00etan 2. taldea
Gaztedi BBK Planaren babesarekin eta parte-hartzaile guztientzat doakoa
Erreserbak egin behar dira 94 439 61 41 (ext.202) telefono zenbakian.
Museoaren Lagunak: 2011ko Irailaren 30etik aurrera.
Gaztedi Planaren partaideak: 2011ko Urriaren 04tik aurrera.
Beste familiak: 2011ko Urriaren 06tik aurrera.
1. taldea: 4 eta 6 urte bitartean
2. taldea: 7 eta 9 urte bitartean
3. taldea: 10 eta 12 urte bitartean
Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak (HKES) adin eta interes mota askotako jendeari zuzendutako jarduerak eta programak jartzen ditu abian. Ekimen horien helburu nagusia Museoaren bilduma iraunkorra eta aldi baterako erakusketak hobeto ezagutzea da, bai eta horietaz gozatzea ere.
Gure ezagutzak museoetako hezkuntza-esparruetako beste profesional batzuekin konpartitzen ditugu, eta gure hezkuntza-proiektuan parte hartzen duen jendearen ekarpenak jasotzen ditugu. Azken helburua Museoaren eta interes partikularren arteko bitartekaritza egokia lortzea da. Modu horretan sortuko liratekeen proposamenei esker, Museoa ezagutzarako eta ikasketarako esperientzia baliagarriak sorraraziko lituzkeen lekua izango litzateke.