BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Paul Gauguin
París, Frantzia, 1848-Atuona, Islas Marquesas, 1903
1888
Olioa mihisean, 74 x 92 cm
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena, 1920
Latsariak Arlesen Frantziako herri horretan izan zen pintatua. Izan ere, 1888. urtearen amaieran, Gauguin bertara joan zen, Vincent van Goghek hala eskatuta (talde artistiko bat sortu nahi zuen). Lanak argi erakusten du margolariak garai hartan zeukan interesa, eta, hori dela eta, lehentasuna ematen dio adierazpenari, errepresentazio formalaren gainetik. Modu horretan, betiko apurtu zuen inpresionismoarekiko lotura. Ideario horren (Gauguinek "sintetismo" terminoa eman zion) ezaugarri nagusia da natura ez dela modu mimetikoan islatzen, perspektibari uko egin eta estanpa japoniarretik etorritako hirugarren dimentsioa albo batera uzten dela, eta kolorea plano handi eta kontrastatuetan banatzen dela, lerro ilun baten bidez. Koadroaren elementu aipagarrienak fondoaren abstrakzioa, mugimendu itxura, elementu batzuk ebakitzen dituen enkoadraketa fotografikoa, silueta iluneko forma lauak eta kolore hutseko guneak dira. Figuren distortsioak eta hieratismoak Bretainiako elizetako harrietan egindako estatua zakarren eragina erakusten dute. Pinturan modu berantiarrean hasita, XIX. mendeko azken hamarkadetan, Gauguin liderra izan zen ezaugarri inpresionisten eraldaketan, adierazpiderik subjektiboenetan. Pont-Aven edo Arlesera, eta, bereziki, Hegoaldeko Itsasoetara egindako bidaiek modu esanguratsuan markatu zuten bere hizkera artistikoa. Alde batetik, Polinesiako koloreen eta argiaren intentsitateak, eta, bestetik, gizarte indigenaren eta naturaren arteko harreman estuak, liluratuta utzi zuten artista. Hori horrela, paraje exotikoak eta Bretainia zein Tahitiko sinesmen primitiboak, Van Gogh lagunaren adierazkortasun piktorikoarekin batera, bere ideiak gauzatzeko erreferentzia nagusiak izatera heldu ziren. Gainera, grabatuak, zeramikak eta, Hiva-Oa uhartean eman zituen azken urteetan, eskulturak ere egin zituen. [J.N.G.]
Koadroetatik bidaiatuz, beste garai batera joango gara, eta, denon artean, gure arbasoak hobeto ezagutzeko balioko diguten istorioak sortuko ditugu.
Otsailaren 18an larunbata 17:00etan 2. taldea
Otsailaren 19an igandea 11:00etan 2. taldea
Otsailaren 19an igandea 17:00etan 2. taldea
Gaztedi BBK Planaren babesarekin eta parte-hartzaile guztientzat doakoa
Erreserbak egin behar dira 94 439 61 41 (ext.202) telefono zenbakian.
Museoaren Lagunak: 2011ko Irailaren 30etik aurrera.
Gaztedi Planaren partaideak: 2011ko Urriaren 04tik aurrera.
Beste familiak: 2011ko Urriaren 06tik aurrera.
1. taldea: 4 eta 6 urte bitartean
2. taldea: 7 eta 9 urte bitartean
3. taldea: 10 eta 12 urte bitartean
Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak (HKES) adin eta interes mota askotako jendeari zuzendutako jarduerak eta programak jartzen ditu abian. Ekimen horien helburu nagusia Museoaren bilduma iraunkorra eta aldi baterako erakusketak hobeto ezagutzea da, bai eta horietaz gozatzea ere.
Gure ezagutzak museoetako hezkuntza-esparruetako beste profesional batzuekin konpartitzen ditugu, eta gure hezkuntza-proiektuan parte hartzen duen jendearen ekarpenak jasotzen ditugu. Azken helburua Museoaren eta interes partikularren arteko bitartekaritza egokia lortzea da. Modu horretan sortuko liratekeen proposamenei esker, Museoa ezagutzarako eta ikasketarako esperientzia baliagarriak sorraraziko lituzkeen lekua izango litzateke.