BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
El Greco (Domenikos Theotokópoulos)
Candia, Creta, 1541-Toledo, 1614
c. 1596-1600
Olioa mihisean, 113,8 x 65,4 cm
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena, 1920
Deikundea, El Grecok asko maite zuen gaia, Pradoko Museoan dagoen mihisearen bertsio txikia da. Bertsio handia Madrilgo María de Aragón Ikastetxeko Deikundearen Elizako erretaularako pintatu zuen, 1596an enkargatu baitzioten. El Grecok mihise txikiagoetan errepikatzen zituen arrakasta handiena zuten edo berari gehien gustatzen zitzaizkion lanak, eta halaxe dio Pachecok: "[...] 1611. urtean [...] bizitza osoan pintatu zituen lan guztien jatorrizkoak erakutsi zizkidan, [...] mihise txikiagoetan [...]." Thyssen-Bornemisza Museoak ere lan honen bertsio txiki bat dauka. Lanak ikonografia berritzailea dauka; bertan, Ama Birjina, harrituta goiaingerua heldu delako, zutik jarri eta goiaingeruarengana biratu da, aingeru musikarien talde eder batek goiko aldea betetzen duen bitartean eta kerubin mordo batek bidea irekitzen dien bitartean Espiritu Santuaren usoaren argi-izpiei, Deikundearen unea adieraziz. Trebezia izugarriz eta gama kromatiko bikainez pintatutako lan hau margolariaren azken urteetako obra esanguratsua da. Domenikos Theotokópoulos Candian jaio zen, Kreta uharteko hiriburuan, eta hantxe hasi zuen ikonoen margolari izateko prestakuntza. Venezian egin zuen lan, eta, gero, Erroman; han, Alejandro Farnesio kardinalaren babespean, "margolari bikaintzat" hartu zuten. El Escorialeko multzo apaingarri handiek erakarrita, Espainiara joan zen 1577an, eta Toledon jarri zen betiko bizitzen. Han, giro kultu eta finean bizi izan zen, eta hantxe egin zituen bere obrarik onenak. [A.S.L.]
Koadroetan agertzen diren musika-tresnen soinua entzungo dugu, eta melodia berrien laguntzarekin ibiliko gara Museotik.
Larunbata martxoaren 31a 17:00etan: 2. taldea
Igandea apirilaren 01a 11:00etan 2. taldea
Igandea apirilaren 01a 17:00etan 2. taldea
Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak (HKES) adin eta interes mota askotako jendeari zuzendutako jarduerak eta programak jartzen ditu abian. Ekimen horien helburu nagusia Museoaren bilduma iraunkorra eta aldi baterako erakusketak hobeto ezagutzea da, bai eta horietaz gozatzea ere.
Gure ezagutzak museoetako hezkuntza-esparruetako beste profesional batzuekin konpartitzen ditugu, eta gure hezkuntza-proiektuan parte hartzen duen jendearen ekarpenak jasotzen ditugu. Azken helburua Museoaren eta interes partikularren arteko bitartekaritza egokia lortzea da. Modu horretan sortuko liratekeen proposamenei esker, Museoa ezagutzarako eta ikasketarako esperientzia baliagarriak sorraraziko lituzkeen lekua izango litzateke.