BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
José de Ribera
Xátiva, Valencia, 1591 - Nápoles, Italia, 1652
1621
Olioa mihisean, 180,3 x 231,6 cm
Museoak eskuratua, 1924
Mihise handi honetan, santu biluziaren figura etzanda dago, beso bat martirioaren zuhaitzetik zintzilik duela. Irene eta Luzila emakume santuek laguntza ematen diote: batak geziak ateratzen dizkio eta besteak ukenduen potea dakar. Beraien artean, martirioaren palma eta koroa daramatzaten aingerutxo bi dabiltza hegan. Lan honen estiloari erreparatuta, errealismo tenebristaren maisu handia den Riberaren obra hau gaztaroko lana da, Osunako dukea zen Napoliko erregeordeak enkargatzen zizkion lanekin konparatuta. Lan horiek Osunako Kolejiatan daude, eta 1616 eta 1618. urteen artean koka daitezke. Mihisea zaharberritu baino lehen pintatutako sinaduran "1631" jartzen zuen, baina lana urte horretakoa izatea ezinezkoa da, kontuan izanik lanaren teknika lauagoa eta jarraituagoa zela hogeita hamarreko hamarkadako mihiseetan baino. Baliteke 1621ekoa izatea, hain zuzen ere Osunako Kolejiatan dauden mihiseen eta San Petersburgoko Hermitagen dagoen gai bereko bertsioaren artekoa (azken hori, argi eta garbi, 1628an dago datatuta). Interpretazio biek gorputzaren konposizio ausarta dute; izan ere, besoaren bertikalarekin eta gorputzaren horizontalarekin, angelu argitsua marrazten dute, eta hori margolariaren beste mihise askotan errepikatuko da gero. Eskortzoa, zenbait marrazki bikainetan aztertua izan dena, martirio kristauen (San Sebastian, San Bartolome) eta paganoen (Apolo eta Marsias) zenbait gaitara egokitu zen. Historia gorabeheratsuko mihise hau Leganésko markesarena izan zen XVII. mendean, eta horrek Felipe IV.a erregeari oparitu zion. Azken horrek, berriz, El Escorialeko Monasterioan gorde zuen, eta hantxe egon zen frantziarren inbasiora arte. Orduan, Jose Bonapartek Soult mariskalari oparitu zion, eta Museoak haren oinordekoei erosi zien. [A.E.P.S.]
Bilboko Arte Ederren Museoak espazio ireki, atsegin eta parte-hartzailea izan nahi du; bertan, familiek zenbait proposamen aurkituko dituzte, jarduera berean batera parte hartu ahal izateko.
Gaztedi BBK Planaren babesarekin eta parte-hartzaile guztientzat doakoa
Museoaren Lagunak: 2011ko Irailaren 30etik aurrera.
Gaztedi Planaren partaideak: 2011ko Urriaren 04tik aurrera.
Beste familiak: 2011ko Urriaren 06tik aurrera.Parte-hartzaileak zenbait taldetan sartuko dira, duten adinaren arabera:
1. taldea: 4 eta 6 urte bitartean
2. taldea: 7 eta 9 urte bitartean
3. taldea: 10 eta 12 urte bitartean
Jarduerak:
Edozein zalantza argitzeko, informazioa eskatzeko edo erreserbak egiteko, deitu 94 439 61 41 telefono zenbakira.
Posible ote da argazki-koadro bat egitea? Museora bazatoz, zelan egiten den jakingo duzu, eta gurekin batera dibertituko zara. Egin behar duzun gauza bakarra zure argazki-kamera ekartzea da.
Imajina ezazu nolakoa izango zen paperezko mundu bat! Yumikoren eskutik halako munduan sartuko gara eta papera artea bihurtuko dugu.
Koadroetako pertsonaiak ezagutzera eta diotena entzutera gonbidatzen zaituztegu. Apur bat hondatuta dagoen telefono bat izango dugu bidelagun ibilbide honetan.
Badaukazu tarte bat? Beste garai batzuetatik paseatzera eta gauzak nola aldatu diren ikustera gonbidatzen zaitugu.
Koadroetatik bidaiatuz, beste garai batera joango gara, eta, denon artean, gure arbasoak hobeto ezagutzeko balioko diguten istorioak sortuko ditugu.
Arropa epelekin jantzita ibiliko gara museotik, euriz betetako istorioen bila. Eta istorio horiek itsasoaren aurrean pintatuz gogoratuko ditugu. Ez ahaztu txanoa eta bufanda ekartzea!
Parkeko eta museoan dauden koadroetako zuhaitzik eta landarerik berezienak bisitatuko ditugu. Modu horretan, beraiek oparituko dizkiguten ideia eta materialekin, “oso naturalak” izango diren pertsonaiak sortuko ditugu.
Museoko areto eta korridoreetatik gabiltzala, arkitektoak izatera jolastu gaitezke. Horrela, beste espazio batzuk asmatu eta ibilbide berriak sortuko ditugu.
Ez oliorik, ez pastelik, ez mihiserik, ez pintzelik. Zer beste material aurkitu dezakegu?
Koadroetan agertzen diren musika-tresnen soinua entzungo dugu, eta melodia berrien laguntzarekin ibiliko gara Museotik.
Babeslea • Patrocinador • Sponsor
Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak (HKES) adin eta interes mota askotako jendeari zuzendutako jarduerak eta programak jartzen ditu abian. Ekimen horien helburu nagusia museoaren bilduma iraunkorra eta aldi baterako erakusketak hobeto ezagutzea da, bai eta horietaz gozatzea ere.
Gure ezagutzak museoetako hezkuntza-esparruetako beste profesional batzuekin konpartitzen ditugu, eta gure hezkuntza-proiektuan parte hartzen duen jendearen ekarpenak jasotzen ditugu. Azken helburua Museoaren eta interes partikularren arteko bitartekaritza egokia lortzea da. Modu horretan sortuko liratekeen proposamenei esker, Museoa ezagutzarako eta ikasketarako esperientzia baliagarriak sorraraziko lituzkeen lekua izango litzateke.