BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Francisco de Zurbarán
Fuente de Cantos, Badajoz, 1598-Madrid, 1664
1662
Olioa mihisean, 169 x 127 cm
Museoak eskuratua, 1940
Ama Birjina Jesus Haurrarekin eta San Joan Bataiatzailea, umea Zurbaránek pintatu zuen lanik garrantzitsuenetakoa da. Hil baino urte bi lehenago egin zuen, eta, bertan, Madrilen bizi zen garaian bere estiloak zelako bilakaera izan zuen ikusten da. Madrilen, bezero pribatuentzat egiten zuen lan; kontuan izan behar da lehenago, Sevillako lantegi garrantzitsuan, beste modu batean egiten zuela lan, laguntzaileekin. Hemen, Zurbarán modu autografoan agertzen da, eta bere onena ematen du, konposizioaren gozotasunean eta intimitatean, sagarrez eta madariz osatutako peltrezko plateraren natura hilari eskaintzen dion arretan, eta bildotsaren artileen kalitateetan. Modu horretan, natura hilak pintatzeko dohaina duela erakusten du. Beste konposizio batzuetan bezala, Alberto Dureroren estanpen eta, zehazki, Tximinoaren Ama Birjina ospetsuaren erabilera jakintsuari esker, Ama Birjinaren buruaren eta liburuaren gainean duen eskuaren kadentzia konpondu zuen, bai eta Jesus Umearen jarrera ere. Bestetik, margoan argi ikusten da zelako maisutasunera heldu zen egilea, oihalen tolesen tratamenduan edo Ama Birjinaren aurpegiaren leuntasunean. Izan ere, aurpegia sentimendu malenkoniatsuz beteta dago, semearen sufrimendua aurreikustean. [B.N.P.]
Artea punta-puntako hezkuntza-baliabide gisa ulertzen dugu. Horren bitartez, pertsonek euren gaitasunak garatzen dituzte, inguruan dugunari buruzko espiritua eta azterketa kritikoa sustatuz. Azken batean, zerbait funtsezkoa da, pertsona gisa oso-osorik bilakatu ahal izateko.
Hori dela eta, Museoak proposatzen dituen hezkuntza-programa gehienekin batera, irakasleei zuzendutako prestakuntza-saioak ere eskaintzen dira, informazioa eta dokumentazioa emateko eta, hala beharko balitz, bisitak gidatzeko gaitasuna emateko. Bisitaren batean irakaslea izango bada taldearen gidari, guztiz beharrezkoa da dagokion prestakuntza-saiora joatea, esperientzia arrakastatsua izan dadin.
Kasu guztietan, 94 439 6141 telefonora deitu beharra dago, aldez aurreko erreserba egin ahal izateko.
Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak (HKES) adin eta interes mota askotako jendeari zuzendutako jarduerak eta programak jartzen ditu abian. Ekimen horien helburu nagusia Museoaren bilduma iraunkorra eta aldi baterako erakusketak hobeto ezagutzea da, bai eta horietaz gozatzea ere.
Gure ezagutzak museoetako hezkuntza-esparruetako beste profesional batzuekin konpartitzen ditugu, eta gure hezkuntza-proiektuan parte hartzen duen jendearen ekarpenak jasotzen ditugu. Azken helburua Museoaren eta interes partikularren arteko bitartekaritza egokia lortzea da. Modu horretan sortuko liratekeen proposamenei esker, Museoa ezagutzarako eta ikasketarako esperientzia baliagarriak sorraraziko lituzkeen lekua izango litzateke.