X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Inpresionismoaren ordezkari espainiar nagusiaren heriotzaren mendeurrena dela-eta antolatutako Darío de Regoyos (1857-1913). Abentura inpresionista atzera begirako erakusketa handiak 130 artelan baino gehiago –olioak, pastelak, akuarelak, marrazkiak eta grabatuak– biltzen ditu, margolariaren interes adierazpideak, interes tematikoak eta bilakaera estetikoa erakusteko asmoz. Gainera, jatorrizko dokumentazioa aurkezten du, artistaren izaerari, harreman profesionalei eta profil biografikoari buruz oso ezagunak ez diren datuak eguneratzeko helburuarekin.

Regoyosen paisaietako argien eta fenomeno atmosferikoen originaltasun kromatikoa eta irudikapen ausarta garai hartako panorama artistikoko pasarterik berritzaileenetakoa da. Horri Espainiako kultur tradiziorik goibelena irudikatzen duten akuaforteen eta olioen kontrapuntua gehitu behar zaio; hain justu, margolariak “Espainia beltza” delakoaren estetikan formulatu zuen hori. Beste alde batetik, Belgikako eta Frantziako margolari, musikari eta idazleekin izan zuen harremanak eta abangoardiako zirkulu artistikoetan izan zuen parte-hartze aktiboak –lehenengo, L’Essor delakoan, eta, gero, Les XX taldean– osatzen dute XIX. mende amaierako pintura espainiarreko profilik nazioartekoena.

Darío de Regoyos (Ribadesella, Asturias, 1857–Bartzelona, 1913) jatorri asturiarrekoa zen, baina, gainera, harreman artistiko eta familiar estua izan zuen Euskal Herriarekin bere bizitza osoan, eta funtsezko zeregina izan zuen mende aldaketako euskal pintura modernizatzeko orduan. Hori dela eta, Bilboko Arte Ederren Museoak azken urteotako estrategiari jarraituz ekoitzi du erakusketa hau, hain zuzen ere, erakusketa, argitalpen eta eskuraketa berrien bitartez euskal artearen gaineko ezagutzan sakontzeko. Oraingo honetarako, hizpide dugun margolaria ondo ezagutzen duen Juan San Nicolás aditua izan da komisarioa.

Bilboko Arte Ederren Museoko BBK aretoan (134 artelan) aurkeztua izan ostean, erakusketa, datorren urtearen hasieran, Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museora (100 artelan) eta, geroago, Carmen Thyssen Málaga (60 artelan inguru) Museora eramango da, bertsio txikiagoetan. Hiru museoek euren bildumetako obra garrantzitsuak eskaini dizkiote erakusketari, eta, horiez gain, beste instituzio esanguratsu batzuk ere sartu dira ekimen honetan; besteak beste, Musées Royaux des Beaux-Arts de Belgique, Parisko Musée d’Orsay, Museu Nacional d’Art de Catalunya eta Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionala, bai eta bilduma partikular ugari ere.

Juan San Nicolás, Javier Barón (Pradoko Museo Nazionaleko XIX. Mendeko Pintura Saileko burua) eta Mercè Doñate (aurten arte, Museu Nacional d’Art de Catalunya museoko Arte Modernoaren kontserbatzailea) izan dira erakusketako katalogoko testuen egileak. Modu horretan, margolariaren biografia eguneratuta geratu da eta haren ekarpen artistikoari buruzko azterketa sakona eskaintzen da.

Erakusketak zenbait atal ditu, eta Regoyosen hasierako etaparekin hasten da; aro hartan, margolariak paisaia-pintura deskubritu zuen eta lehenengo bidaiak egin zituen. Ondoren, Espainia beltzaren gaiari eskainitako lanak daude, eta, besteak beste, bere grabatu-serie ospetsua ere tartean dago. Jarraian, esperientzia puntillista eta inpresionista datoz (azken hori da erakusketaren hari nagusia). Amaitzeko, margolariaren jatorrizko agiriak eta erretratuak bildu dira.

DARÍO DE REGOYOS (1857-1913). ABENTURA INPRESIONISTA

Lehenengo ikasketak Madrilen egin ostean, Regoyos Bruselara joan zen, eta, han, laster bihurtu zen L’Essor eta Les XX abangoardiako talde europarretako kide. James Ensor, Camille Pissarro, Georges Seurat eta Paul Signac artista belgikar eta frantsesekin eta James McNeill Whistler iparramerikarrarekin harremanetan egonda, ikasketak aberastu zituen.

Bere bizitzan zehar, hainbat bidaia egin zituen Espainian, Belgikan, Holandan, Frantzian eta Italian barrena, gai piktorikoen bila. 1885ean, Londresera joan zen bere adiskide Émile Verhaeren poetarekin batera, Whistler bisitatzeko asmoz. Hain zuzen ere, Whistler Regoyosen erretratu baten egilea izan zen, baina, gaur egun, artelan hori desagertuta dago. Handik urte gutxira, Espainiako geografia zeharkatu zuen Verhaerenekin, eta, esperientzia horretatik, España negra (Espainia beltza) (1899) liburua sortu zen.

Sasoi hartan, Regoyosek maiz hartu zuen parte erakusketa kolektiboetan, Bruselan, Anberesen, Ganten, Amsterdamen, Parisen, Madrilen edo Bartzelonan. Pissarro adiskidearen bitartekaritzaz, 1897an erakusketa indibidualak egiten hasi zen Parisen. Mende aldaketarekin, Bilbotik bertako testuinguru artistikoa berritu nahi zuen euskal artisten taldean sartu zen –bertan zeuden Manuel Losada, Adolfo Guiard, Francisco Iturrino, Pablo Uranga eta Ignacio Zuloaga ere–. 1907an, familiarekin batera Bizkaira etorri, eta Durangon jarri zen bizitzen, eta, geroago, Bilbon eta Areetan ere bizi izan zen.

Bere ekoizpen luzeak iraun zuen bitartean, Regoyosen pinturak zenbait etapa izan zituen. Hasieran, aro belgikarra izan zuen; bertan, erretratuak eta paisaiak agertzen dira, eta margolariak argi-efektuekiko interesa erakusten du. Ondoren, Regoyosek berak Espainia beltza izendatu zuen seriea etorri zen, filosofikoagoa eta sinbolistagoa. Beste aroetako bat teknika puntillistarena da; izan ere, teknika hori Seurat, Signac eta Pissarro margolariekin izandako adiskidetasunari esker ezagutu zuen. Azkenik, Regoyos inpresionista dago. Erakusketak arreta berezia eskaintzen dio aro horri, garai hartako paisaia-pinturaren arloan Regoyosek egin zituen berrikuntzen erakusgarri diren olio ugari bildu dira eta.

Hasierako lanak

1879an, Regoyosek lehen aldiz bidaiatu zuen Bruselara, eta, han, sasoi hartako artistarik berritzaileenak ezagutu zituen. Nazioarteko harreman horien lekuko dira Bruselako paisaia lanbrotsuak eta Miss Jeanningen erretratua (1885), non Whistlerren modeloetako bat pintatu baitzuen, emakume hura Londresera egindako bisita batean ezagutu ostean. Baina, gainera, hasierako etapa horretan, argi-efektuekiko interesa agertu zuen –bere lehenengo gau-paisaiak pintatu zituen–, eta, aurrerantzean ere, bere ibilbide osoan eutsiko zion joera horri. Place à Ségovie (Segoviako plaza bat, 1882) lanean, Gaztelako ikuspegi pintoreskoa erakusten du, eguzkiaren argi indartsupean. Fenomeno atmosferikoek pintzeladarekin eta kolorearekin esperimentatzeko aukera ere ematen diote, Hego-haizea (Mezatako irteera sirokoarekin) (1885) lanean ikus daitekeen bezala.

Espainia beltza

1888an, probintzietako Espainiarik tradizionalenetako eta, sarri askotan, goibelenetako paisaiak eta erritualak ezagutu zituen, Émile Verhaeren poetarekin batera egindako bidaia batean. Azken horrek, Belgikara itzultzean, aldizkari batean argitaratu zituen bere inpresioak. Handik hamar urtera, testu haiek itzuli egin zituzten, eta Regoyosek xilografia bidez ilustratu zituen. Emaitza gisa, España negra (Espainia beltza) liburu ezaguna sortu zen. Margolariak hainbat olio eta paperean egindako zenbait obra eskaini zizkion gai horri, eta, mende hasierara arte, paisaia inpresionistekin uztartu zuen. Defuntuen gaua (1886) (hemen bildu diren hiru koadrotan banatuta), Jaiko biktimak (1894) eta Vendredi Saint en Castille (Ostiral Santua Gaztelan) (1904) aro hartako obra paradigmatikoak dira, duten sinbolismo gordinarekin.

Obra grafikoa

Regoyosek Les XX taldeko artista belgikarrekin ikasi zuen grabatuaren teknika. Bere lehenengo akuaforteak 1887an egin zituen, eta, gero, litografia ere landu zuen. Bere serierik ospetsuenetakoa 15 litografiaz osatutako País Basco (Euskadi) (1897)albuma da; hemen, sorta horretako 11 artelan daude ikusgai. Aipatutako litografiak bere adiskide margolariei eta garai hartako artista espainiarrik garrantzitsuenetako batzuei (adibidez, Joaquín Sorollari edo Santiago Rusiñoli) oparitu zizkien.

Puntillismoa

1887an, Regoyosek puntillismo edo dibisionismoarekiko interesa agertu zuen, Georges Seurat, Paul Signac eta Camille Pissarroren eskutik joera horren lehenengo formulazioak ezagutu zituenean Parisen eta Bruselan. Sareak (1893) garai hartako maisulana da. Hala ere, garai hura laburra izan zen, teknika berri honek ez baitzion kanpoan pintatzen uzten. Gero, nahiko modu partzialean eta tarteka, ukitu puntillista erabili izan zuen, bere paisaietan ehundura eta argi-xehetasun berriak lortzeko asmoz.

Inpresionismoa

Regoyos teoria inpresionistak bereganatu zituen artista espainiar urrietako bat izan zen, eta, kritikarietako batzuek ulertu ez bazuten ere, teoria horiei fidel eutsi zien bakanetakoa. Carlos de Haes eta Joseph Quinaux maisuekin (Madrilen eta Bruselan, hurrenez hurren), paisaiari aplikatutako ukitu-pintzelada eta paleta argia deskubritu zituen. Garai hartan, genero hori ez zen lar estimatua, baina, hala ere, Regoyosek bere anbizio guztia jarri zuen horretan.

Bere lanetan, itzalen presentzia erabatekoak, argi-efektuen iheskortasunak eta gauzen itxurak sorrarazten duten berehalako inpresioa adierazi nahi izan zuen. Zuzenean naturalean egiten zuen lan, au plein air, azkar eta aldez aurreko zirriborrorik gabe; hori dela eta, bere ekoizpenean formatu txiki eta ertaineko obra asko daude, garraiatzeko errazagoak dira eta.

Paisaiak argiaren, argi-efektuen eta kolorearen inguruan ikertzeko aukera eman zion. Egunsentiak eta ilunabarrak, egun lainotuak, argi goibelak eta gauetako irudiak, haizeteak eta zaparradak izan ziren bere gairik gogokoenak. Euri-jasa. Santoñako badia (1900), Lumière électrique (Argi elektrikoa, 1901), Urumea (1904) edo Kontxa, gauez (c. 1906)bezalako lanetan, agerian geratzen da argiarekin erlazionatutako fenomenoak –ostadarra, eguneko edo gaueko argia, gas-argia edo argi elektrikoa, elurra…– islatzeko interesa, eta asmo hori gailurrera heltzen da gai beraren inguruan eguneko bi unetan egin zituen irudikapenetan: Burgosko plaza bat, goizean eta Burgosko plaza bat, ilunabarrean, biak 1906koak.

Kea eta itsasontzi zein trenen mugimendua, bizitza modernoaren ikur, maiz agertzen dira bere lanetan, 1910eko Areatzako zubia estanpa bilbotarrean islatu zuen moduan.

Bidaiari nekaezina izan zen, eta Euskadin egin zituen lan-kanpainak ohikoak izan ziren 1884 eta 1912. urteen artean; gainera, denbora luzez bizi izan zen Irunen, Donostian, Areetan eta Durangon. Nahiago zuen Kantauri itsasoaren argi finpean lan egin, baina hegoalderagoko beste latitude batzuetan ere pintatu zuen; adibidez, Egunsentia Granadan (1911) lanean edo Castelló inguruan egindako Almendrondoak loretan (c. 1905) obran.

Taureaux à Passages (Zezenak Pasaian, 1898), Bainua Errenterian (1900) edo Fabrikako irteera (1901) lanak betetasun-urte haietako adibide onak dira. Konposizio aldetik ere, elementu esanguratsuak dituzte; esate baterako, zerutik ikusitako eszenak, diagonal sakonak eta enkoadraketa zatikatuak. Ezaugarri horiek inpresionistek estanpa japoniarren gaineko ezagutza eta argazkigintzaren eragina erabili izanagatik sortu ziren.

Bere obra osoan, giza figuraren presentzia indibiduala oso eskasa da; ez, aldiz, talde eta jendetzen presentzia. Hain zuzen ere, Regoyosek zehaztasunik eta xehetasunik gabe irudikatzen zituen jendetza horiek, merkatuetako, jaietako edo prozesioetako eszenei bizitza eta mugimendua emateko. Daxeko merkatua (1909) horren gaineko adibide ona da.

1912an, Regoyos Bartzelonara joan zen bizitzera, bere familiarekin. Ordurako minbiziz oso gaixorik zegoen arren, bi erakusketa garrantzitsu egin zituen han, eta aire librean ere egin zuen lan, Kataluniako zenbait eskualdetako paisaiak eta beste eszena batzuk sartuz bere pinturan, inguruan ikusten zuena jasoz; horren adibidea da Txitak (1912) lana. Hiriko zenbait ikuspegi ere pintatu zituen, eta bertan hil zen urtebete geroago, 55 urterekin, oraindik gazterik.

Erretratuak eta dokumentuak

Atal honetan, gutunak, argazkiak, liburuak eta katalogoak daude ikusgai, Darío de Regoyosen soslai profesional eta pertsonala ezagutu ahal izateko. Lagunek egin zizkioten erretratuek (esate baterako, Théo van Rysselberghek 1882an pintatutako Gitarra-jotzailea. Darío de Regoyos margolari espainiarraren erretratua) Espainiako pinturan mugimendu inpresionista ondoen islatu zuen artistaren gizatasunera hurbilarazten gaituzte.


Irudian:
Darío de Regoyos (1857-1913)
Almendrondoak loretan, c. 1905
Olioa mihisean. 46 x 61 cm
Carmen Thyssen-Bornemisza Bilduma

Babeslea:

Darío de Regoyos (1857-1913)

Zerrendara itzuli