X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Equipo Crónica taldea 1964an sortu zuten hiru artista valentziarrek: hain zuzen ere, Rafael Solbes (1940-1981), Manuel Valdés (1942) eta Joan Antoni Toledok (1940-1995), azken horrek taldea handik hilabete gutxira utzi bazuen ere. Martxan egondako urteetan, 1981era arte (urte hartan hil zen Solbes), proiekzio publiko zabala izan zuen Espainiako artean, eta presentzia esanguratsua izan zuen Frantzia, Italia eta Alemaniako giro artistikoetan.

Taldearen sorreratik berrogeita hamar urte pasatxo bete direnean, Bilboko Arte Ederren Museoak orain arte egindako atzera begirako erakusketarik zabalena eskainiko du BBK Fundazioaren babesari esker (azkena Valentziako Arte Modernoko Institutuak antolatu zuen 1989an, eta, ondoren, Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalera eraman zen). Bertan, taldearen sorkuntza-fase guztiak daude ikusgai, 1964tik 1981era.

Erakusketan, hainbat bilduma publiko eta pribatutako lan garrantzitsuak jaso dira, eta, horien artean, IVAMek lagatako sorta zabala nabarmentzen da. Ehun eta berrogeita hamar lan inguru bildu dira, eta museoko bi espaziotan aurkeztuko dira: BBK aretoan, zenbait serietan artikulatutako 74 pintura eta eskultura; eta 33. aretoan (eraikin modernoko bigarren solairuan), berriz, Valentziako Estampa Popular mugimenduaren 72 marrazki, grabatu, kartel eta jatorrizko dokumentazio. Hain zuzen ere, Solbes, Toledo eta Valdés aipatutako talde horren parte izan ziren, Equipo Crónica sortu aurretik. Era berean, taldearen proposamen artistikoaren hastapenak ere bertan daude ikusgai.

Proiektuko komisarioak Tomàs Llorens Serra (bere garaian, taldearen oinarri teoriko gisa erabilitako testuak prestatu zituen) eta Boye Llorens Peters historialariak izan dira. Museoak erakusketa dela-eta argitaratutako katalogoan, Tomàs Llorensen eta Valeriano Bozal historialari ospetsuaren testuak daude. Horrez gain, kronologia zehatza ere argitaratu da, Equipo Crónica taldearen katalogo arrazoitua egin zuen Michèle Dalmaceren eskutik (hain zuzen ere, museoak 1988an ere kolaboratu zuen Dalmacerekin, lan grafikoaren eta egindako lan ugarien katalogoa argitaratzeko).

Pop giroaren eta figurazio berriaren epeletan, Equipo Crónica taldea Parisko hainbat erakusketatan eman zen ezagutzera, joan den mendeko hirurogeiko hamarkadan. Taldean egindako lan anonimoa, tinta lauen erabilera, serietan egindako lanen artikulazioa, komunikabideetatik jasotako irudien oroitzapena eta historiari zein arteari buruzko erreferentzien jabetze kritikoa izan ziren euren jarduera sortzailearen ezaugarririk nagusienak, garai hartako errealitate soziopolitikoarekin nahita lotutakoak. Hain zuzen ere, gutxi gorabehera, erregimen frankistaren azken hamarkadarekin eta demokraziaranzko trantsizioaren hasierarekin bat egiten duen Espainiako historia bisualki irudikatzeko gaitasuna da taldearen ezaugarririk nabarmenenetakoa.

 

ERAKUSKETAREN IBILBIDEA. 33. aretoa (eraikin modernoko bigarren solairua)

1.- Valentziako Estampa Popular taldea, eta Equipo Crónica taldearen hasierak
Areto honetan, Estampa Popular mugimenduaren lanak daude ikusgai. Mugimendua 1959an agertu zen, Madrilen, José García Ortegak gidatuta. Gero, beste leku batzuetara hedatu zen, tartean Euskadira, Agustín Ibarrolaren eskutik, adibide hurbilen bat baino ez aipatzearren. Valentziara 1963. urtean iritsi zen, eta erakusketa kolektibo bat izan zen mugimendu horren jatorria; hain zuzen ere, frankismoaren aurkako arte espainiarrari Italian eskainitako erakusketa kolektiboaz ari gara, Giulio Carlo Argan edota Mario de Micheli kritikari ospetsuek sustatutakoa. Aldez aurreko bileretan, Solbesek, Valdések eta erakusketa honetako komisarioak hartu zuten parte, eta ondorioztatu zuten Estampa Popular mugimenduaren helburuak eta bitartekoak ez zirela nahikoak (diktadura frankistaren aurkako borroka; poetika errealista, joera abstraktu nagusien aurrean; eta estanparen aldarrikapena, adierazpide gisa), eta, beraz, entitate artistiko berri bat sortu beharra zegoela. Modu horretan, 1964ko azarotik abendura bitartean, Equipo Crónica sortu zen Valentzian, eta, bizpahiru urtez, taldearen lanek Estampa Popular mugimenduarenekin bat egin zuten estanpetan, karteletan, egutegietan, postaletan zein komikietan. Hala ere, handik gutxira, sasoi hartako errealitate sozial eta politikoarekin lotura handiagoa zuten gaiak lantzeko premia sortu zen, betiere, ikuspuntu errealistetatik. Horrela, bada, komunikabideetako eta publizitateko irudiak erabiltzen hasi ziren, baina beti hausnarketaren ikuspuntua hartuz eta urruntasunari eutsiz, lanen anonimotasunari esker. Horretarako, gutxienez 1966ra arte, irudien erreprodukzioa, errepikapena eta desitxurapena erabili zituzten prozedura gisa.

 

ERAKUSKETAREN IBILBIDEA. BBK ARETOA (sarrerako atondoa)

2.- Lehenengo serieak (1967-1971) 1967a oso urte erabakigarria izan zen taldearentzat, euren erakusketek oihartzun handia izan zutelako Parisen, Valentzian, Donostian eta Bartzelonan. Serieen metodoari eman zioten hasiera, eta, horretarako, 1967tik 1969ra bitartean egindako obren lehenengo sorta erabili zuten, Berreskuratzea izenburupean. Hainbat irudi kontrajartzen zituzten; adibidez, masa-komunikabideetako irudiak, eta XVII. eta XVIII. mendeetako Espainiako pinturako beste irudi batzuk, adibidez, Greco, Velázquez eta Goyarenak, besteak beste. Izan ere, irudion karga ikonikoa erabiltzen zuten, une hartako errealitate sozial eta politikoko gertaerak eta faktoreak satirizatzeko. Inguruarekiko erreakzio hori taldearen sorkuntza-metodologiaren parte izan zen. Urte haietan, Informazio eta Turismo Ministerioak, Manuel Fragaren zuzendaritzapean, zenbait kanpaina jarri zituen abian, diktadura frankistaren irudi baketsua eskaintzeko eta nazioarteko turismoa erakartzeko. "Spain is different" lemaren urteak ziren. Espainiako eskolaz "jabetzeko" prozesuak Guernica 69 seriean jarraitu zuen, eta 1969. urtean aurkeztu zen Bilboko Grises galerian. 1968. urtearen amaieran New Yorkeko MOMAn zegoen Picassoren margolana berreskuratzeko egindako saialdia izan zen serie haren gai nagusia. Gertakari horretatik aurrera, Equipo Crónica taldeak bere serierik biribilenetakoa egin zuen, XX. mendeko artelanik ospetsuenaren itzulera desiratuari buruzko irudimenezko kontakizuna garatuz. Garai honetako hirugarren seriea Lanbide baten autopsia da, eta, bertan, margolarien lanbideari buruzko hausnarketa egiten da, Espainiako pinturako beste adibide paradigmatiko batean oinarrituta:Velázquezen Meninak obran, alegia.

3.- Polizia eta kultura (1971)
Serie hau aurrekoetatik aldentzen da, honek ere kanpoko gertaerei erantzuten dien arren. Garai hartan, errepresioa zen nagusi, eta sindikatuak nahiz ikasleak kalean matxinatu ziren, 1968ko maiatzean Parisen gertatutakoaren ondoren. Diktadorea ahul zegoenez eta erregimenaren amaiera aztoratuegia izango ote zen beldur zirenez, salbuespen-egoera ezarri zuten, eta, ziurrenik, Burgosko Prozesua izan zen sasoi hartako gertakaririk nabarmenena. Solbesek eta Valdések ere brigada politiko-sozialaren larderiazko bisita jaso zuten. Errepresio-giro horretan, koadro handiak pintatu zituzten, eta, gero, Kataluniako Arkitektoen Elkargoan jarri zituzten ikusgai. Aurreko urtean, Mirók gauza bera egin zuen, friso iragankor handi baten bidez; hala ere, handik bi hilabetera, Mirók berak suntsitu zuen obra hura. Equipo Crónica taldeari dagokionez, gerora Madrilera eta Espainiako beste hiri batzuetara eramandako lanak oihal handiak ziren (200 x 200 cm), eta, bertan, mehatxuka edo erasoka dabiltzan poliziak agertzen ziren. Eragin handiko Triunfo aldizkariak, azalean atera zituen (lehenago ere egin zuen), eta Manuel Vázquez Montalbán idazleak artikulu luzea idatzi zien. Bartzelonako artistek, ordea, "panfleto plastikoa" zentsuratu zuten, Mª Lluïsa Borrás kritikariaren esanetan. Izan ere, izenburu horixe bera erabiliz, Borrásek beste artikulu bat argitaratu zuen Destino aldizkarian, posizio kontzeptualak defendatuz eta Equipo Crónica taldearen lana oportunistatzat hartuz.

4.- Serie beltza (1972)
Serie hau denetan homogeneoenetakoa da, bai eta biribilenetakoa ere. Ipar Amerikako zine beltzeko eta polizia-eleberrietako ekintza-eszenak eta indarkeria koadro hauen erreferentzia argiak dira, baina, beste behin ere, gaiak sorkuntza-jardueraren inguruko zalantzekin nahasten dira. Serie honetan, fikzioak indarkeria-giro generikoaren metafora gisa funtzionatzen du, eta horrek sorkuntza piktorikoaren arloari ere eragiten dio.

5.- Erretratuak, natura hilak eta paisaiak seriea (1972-1973)
Taldeak Frantzian eskainitako lehenengo erakusketa indibidualerako pintatu zen; hain zuzen ere, erakusketa hori Antonio Saura margolariaren ekimenez egin zen, Parisko Staedler galerian. Bertan, Solbes eta Valdés Espainiako eskolako pinturara itzuli ziren, baina bertako genero tradizionalak arakatu zituzten, ez soilik gaietan oinarrituta, ezpada ezaugarri piktorikoei interpretazio berria emanda. Beste behin ere, koadroen koadroak dira, baina efektu tekniko berrien bila dabiltza, eta pinturaren berezko elementuak nabarmentzen dituzte, artelanen markoetaraino ere helduz, ironikoki.

6.- Pinturarekin bueltaka (1973-1975)
Garai honetan, Equipo Crónica taldeak artearen eta artisten zereginari buruz hausnartzen jarraitu zuen Lanbidea eta langileak seriean; eta, paradigmatikoki, Margolari margotua lanean. Hirurogeita hamarreko hamarkadako proposamen neoabangoardistei aurre eginez (proposamen horiek, Joseph Beuysen gidaritzapean, xaman gisa erakusten zuten artista), Equipo Crónica taldeak normaltasun-itxura eman zuen Pintura ikusi eta egitea seriean. Badirudi taldea nolabaiteko sorkuntza-krisian murgilduta zegoela eta, horren ondorioz, bilaketen nahiz amaitu gabeko serieen garaiari eman ziola hasiera. Zeinuen subertsioa seriean, errealismoak XX. mendeko arterako zeukan garrantzia berreskuratu zuten, eta, horretarako, Gutiérrez Solanaren eta Schaden edo Heartfielden eta Lissitzkyren irudiak kontrajarri zituzten. Nahiz eta serie jakin batekoak izan ez, Guernica moztua eta Begizko lekukoa garai honetako funtsezko bi obra dira. Lanok historia-pinturari buruzko ikuspegi berezia dira, eta, horren azpian, Manet eta Ernst agertzen dira, bai eta, berriz ere, garai hau goitik behera blaitu zuen pinturari buruzko hausnarketa ere.

7.- Arte politikoa? Iruñeko Topaketak. Kartela. Hormatzarra. Korapiloa (1972-1977)
1972tik 1977ra, Equipo Crónica taldearen ideiak ikuspegi politiko esplizitura itzuli ziren, Kartela, Hormatzarra eta Korapiloa serieen bitartez. Serie horiei Iruñeko Topaketetan egindako ekintzak eman zien hasiera; hain zuzen ere, ekintza hori gertakari mitikoa da Espainiako arte garaikidean, eta Luis de Pablo konpositoreak bultzatu zuen, Huarte familiak babestuta. 1972. urtean, taldeak kultur jaialdi horretan parte hartzeko gonbita jaso zuen, eta, bide batez, une hartako zaintzapeko askatasun-egoera salatu zuen bertan. Horretarako, harri-kartoizko 100 pieza egin zituen –Ikusleen ikuslea–, brigada politiko-sozialeko agenteen antzera karakterizatuta. Ekintzak porrot egin zuen; izan ere, bertaratutakoek happening bihurtu zuten, agintariek ezikusiarena egiten zuten bitartean. Urtebete geroago, Antonio Saura margolariaren ekimenez, taldeak Parisko Bienalean parte hartu zuen Kartela seriearekin, urte parte bat lehenago Mª Lluïsa Borrásek egin zizkien kritikei erantzuteko asmoz. Bost oihal handi erabili zituzten, arteak (panfletoa izan gabe) politikari buruz hitz egin dezakeela erakusteko, baina aipatutako oihalek ez zuten kritikaren interesik piztu. 1975. urtean, Hormatzar bati buruzko bariazioak aurkeztu zuten Veneziako Bienalean. Serie hori ez zen hain asmo handikoa, eta Francoren diktadurako azken fusilamenduak hartu zituen gaitzat, ikuspegi objektibora itzuliz, Espainiako errealitate politiko eta sozialeko gertakari jakin batean oinarrituta. Handik gutxira, taldeak Korapiloa sortu zuen, Eduardo Arroyo margolariak Parisen sustatutako erakusketa baterako. Dozena bat triptikotan, diktadorearen biografiari buruzko zenbait alderdi agertzen ziren, eta, horrez gain, bizkarrez jarritako ikusle bat ere azaltzen zen. Baina Francoren heriotzak (1975eko azaroan) demokraziaranzko bidea ireki zuen apurka-apurka, "trantsizioa" izenarekin ezagutzen den garaian. Kontuan izanda Arroyo, Solbes eta Valdés buru-belarri aritu zirela frankismoaren aurka, diktadorearen heriotzak aldaketa handiak ekarri zizkien, lan egiteko moduari eta harreman profesionalei dagokienez.

8.- Billar-partida (1977)
Serie hau Bartzelonan jarri zen erakusgai 1978. urtean, eta amaiera eman zion taldeak 1973an hasitako krisiari. Horrela, bada, serieak taldearen jatorrizko izaera artistikoa indartu zuen, eta albo batera utzi zuen Europan modan zeuden agertoki artistikoetatik urruntzeko aukera. Bertan, Valentziako antzinako billar-areto bateko ikonografia dekadentea azaltzen da, eta arlo narratiboak eta ezaugarri piktorikoak nabarmentzen dira, beraiek eta euren adiskidea zen Francisco Alberola argazkilariak ateratako irudietatik abiatuta. Erakusketa honetako komisarioaren esanetan, Serie beltzarekin batera, "taldearen produkzioko punturik garaienetako batzuk" daude serie honetan.

9.- Azken serieak (1977-1981)
Taldearen azken lau urteetan, Solbesek eta Valdések zenbait serie landu zituzten (esate baterako, Bidaiak edo Hiri-paisaia), baina ez ziren kritikaren gustukoak izan. Trantsizioaren kronika seriean, Guernica Espainiara iritsi zeneko unea islatu zuten, Picassoren konpromiso politikoaren alegoria gisa. Bien bitartean, amaitu gabeko Publikoa eta pribatua seriean, pinturaren idiosinkrasian arakatu zuten berriro. Solbesen heriotzak, 1981ean, amaiera eman zion Equipo Crónica taldearen ibilbideari, eta, horrekin batera, XX. mendeko Espainiako arteak izan zuen gertakaririk esanguratsuenetakoari ere bai.



Irudian:
Equipo Crónica (Valencia, 1964-1981)
Samotraziako porrota, 1972
Beltza seriea
Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madrid

Babeslea:

Equipo Crónica

Zerrendara itzuli