X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Georges Rouault. Sakratua eta profanoa erakusketak 156 artelan —olioak, grabatuak eta beirate bat— bilduko ditu Bilboko Arte Eder Museoan, 2010eko azaroaren 15etik 2011ko otsailaren 13ra bitartean. Modu horretan, XX. mendeko artistarik esanguratsuenetako bat ezagutzeko aukera dago. Ez da ohiko atzera begirakoa, nahiz eta artistaren lan garrantzitsuenak aurkeztuko diren, hala nola, Parade (c. 1907—1910), L’apprenti-ouvrier (1925), Véronique (1945) edo Miserere grabatu-saila. Erakusketaren originaltasuna honetan datza: Georges Rouaulten (Paris, 1871-1958) tailerreko —artistak oso gutxitan eman zuen baimena bertara sartzeko— lan ezezagun (Europan) eta amaitu gabe ugari aurkeztuko dira, Marthe Rouault alargunak eta bere seme-alabek 1963an Estatu frantsesari dohaintzan emandakoak.

Aukeraketa hau aurkeztuta —Parisko Centre Georges Pompidou zentroarekin lortutako akordio bati esker—, ikusleari aukera eman nahi zaio artistaren lanean eta bizi izan zuen bilakaeran barneratzeko; izan ere, materia piktoriko arinarekin eta ukitu kromatiko urdinxkarekin egindako lehenengo lanetatik hasi, eta kolore beroagoa eta materia trinkoagoa duten azken lanetarainoko bilakaera ikusi ahal izango dugu.

Halaber, gai sakratuen eta profanoen arteko nahasketa estuak (ohikoa bere karreran) Georges Rouaultek giza izaerarekiko zuen interes handia erakusten du, espresionismo espiritualaren antzeko zerbaitekin, joan den mendeko lan piktoriko originalenetakoa sortu baitzuen.

Hain zuzen ere, gai sakratu eta profanoen —zirkuaren mundua eta bertako pertsonaiak elementu paradigmatiko gisa— arteko uztartze hori da Rouaulten lanaren eta asmoaren ezaugarria: giza arimaren duintasuna erakustea. Horretarako, Rouaultek “formaren, kolorearen eta harmoniaren” printzipioak ditu gidari; erakusketa honek, egiteko bidean dauden lan ugari bilduz, nabarmen erakusten ditu printzipio horiek.

Centre Georges Pompidou zentroko kontserbatzailea den Angela Lampe komisarioak gidatuta, Georges Rouault. Sakratua eta profanoa erakusketa lau atal handitan banatzen da: zirkuei buruzko lehenengo garaiko koadroak; Rouaultek tailerrean amaitu gabe utzi zituen lanak, 1958an hil zenean; Miserere izenarekin ezagutzen den estanpen zikloa; eta, azkenik, artelan berantiarren multzo bat. Erakusketarekin batera argitaratu den katalogoak atal horiek eta erakusketarako aukeratutako artelan nagusiak —bere autorretratu ospetsutik hasita— aztertzen dituzten artikuluak eta aipamenak ditu, bai eta amaitu gabeko lanen fondoa ere.

Irudian:
Georges Rouault (Paris, 1871—1958)
Automne (Udazkena) (1939-1946)
Olioa, tinta eta gouache mihisean, 44,5 x 60,2 cm
Centre Georges Pompidou



Laguntzailea:

Georges Rouault

ERAKUSKETAREN EDUKIA: Georges Rouault

Zerrendara itzuli