BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Francisco de Goya
Fuendetodos, Zaragoza, 1746-Burdeos, Frantzia, 1828
1797
Olioa mihisean, 83 x 65 cm
Ramón de la Sota y Aburto jaunaren dohaintza, 1980
Martín Zapater (1746–1803) Goyaren lagun handia izan zen, Zaragozako Eliz Eskoletan ezagutu zirenetik. Gizon ilustratua eta San Fernandoko Arte Ederren Erret Akademiako kidea izan zen, eta Karlos III.ak Aragoiko Noble titulua eman zion, bere eskuzabaltasunagatik. Arrakastaz aritu zen merkataritzan, eta gutun ugari trukatu zituen Goyarekin. Korrespondentzia hori funtsezkoa da margolariaren izaera ezagutzeko. 1797an, Goya Madrilen zegoenean bizitzen eta arrakasta handiko margolaria zenean, erretratu hau eskaini zion Zapaterri, zazpi urte lehenago ere haren beste irudi bat egin zuen arren. Oraindik ere ukitu neoklasiko samarra duen margo honek Zapater heldu eta osasuntsu baten irudia eskaintzen du. Goyak Zapaterren aurpegian jarri zuen arreta osoa, non haren sudur handia nabarmentzen baita –Goyak "sudurluze" deitzen zion–, begirada zintzo eta zuzenaz gain. Hain zuzen ere, begiradari esker, lagunaren adierazkortasuna eta izaera markatu eta irekia harrapatu ahal izan zuen. Ondoren, garai erromantikoko gustuei jarraituz, mihisea ebaki egin zen eta forma obalatua eman zitzaion. Francisco de Goyak Zaragozan ikasi zuen pintatzen, eta, 1775ean, Madrilera joan zen. Gortean Bayeuren babesa zeukan, eta modu bikainean landu zituen genero guztiak. Erretratu-egile gisa dohain apartak zituenez, Karlos III.a, Karlos IV.a eta Fernando VII.a monarken eta nobleziaren margolari gogokoena izatera heldu zen. Hain zuzen ere, Fernando VII.ak errepresio basatia praktikatzen zuen liberalen aurka, eta, 1824an, Goyak ere errepresio horretatik alde egin behar izan zuen. Bordelen jarri zen bizitzen –ordurako 78 urte zituen–, eta, lau urte geroago, hil egin zen. [A.S.L.]

Bilduma iraunkorraz gain, Bilboko Arte Ederren Museoak aldi baterako erakusketez osatutako egitarau garrantzitsua proposatzen du, modu erregularrean.
Kontsultatu erakusketen egitaraua, museoaren proposamen berriei buruzko informazioa lortzeko.
Mihise bi hauek, pintura erromantiko espainiarreko margolaririk garrantzitsuenak pintatutakoak, bikotetzat hartzen dira, dituzten neurriengatik zein urte berean datatuta egoteagatik, biak baitira 1835ekoak (José Luis Díez 2005). Bietan ala bietan, Villaamilek Sevillako katedralaren kanpoaldeari eta barrualdeari buruzko ikuspegi berezia ematen du; hain zuzen ere, Sevillako katedrala kristautasunaren tenplu gotikorik enblematikoenetakoa da. Agerikoa da David Roberts (1796-1864) paisaia-egile eskoziarraren eragina. Villaamilek 1833an ezagutu zuen Sevillan, eta, geroztik, erromantizismo britainiarrarekin erlazionatutako estilo berriarekiko interesa helarazi zion.
Sevillako katedrala, harmailen aldetik lanak eraikinaren mendebaldeko fatxada erakusten du. Lehen planoan, Bataioaren atea ikus daiteke, Bataiotegiaren atea izenarekin ere ezagutzen dena, 1449an eraikia eta Lorenzo Mercadantek 1464 eta 1467. urteen artean egindako terrakotazko eskultura zoragarriekin apaindua. Atzeraxeago, bigarren planoan, Jasokundearen portada neogotikoaren zati bat ikus daiteke. Konposizioa animatuz, elkarrekin hizketan ari diren edo kalean dabiltzan figura herrikoi pintoreskoak agertzen dira. Gainera, figura horiek hoztasuna kentzen diote arkitektura izugarriari, zeina Villaamil betiko zehaztasun topografikoarekin baitago deskribatuta, xehetasun guzti-guztiekin. Interesgarriak dira lortzen dituen argi-efektuak; izan ere, eguzkiaren argiz beteta dagoen Bataioaren portadako argitasunak kontrastea egiten du parean dagoen atal ilunagoarekin. Beharbada gehiegizkoa izan zen garbiketa batek sepia koloreko lausoduretako batzuk eraman ditu (oso ohikoak ziren margolari honen teknikan), baina, zorionez, horrek ez du margoaren kalitatea murriztu.
Gorpuzti-eguneko prozesioa, Sevillako katedralaren barruan lanak agerian uzten du Villaamilek elizen barrualdeak islatzeko zuen gaitasun bikaina; izan ere, hemen ikusten den moduan, misterioz betetako atmosfera lurruntsua ematen die. Eszena Gorpuzti-egunean gertatzen da, hirian ospatzen den jairik ikusgarri eta sustraituenetakoan. Erdian, koruaren atzean eta gurutzadurako beirateetako argiekin nabarmen argiztatuta, Guztiz Santua gordetzeko instalatutako luxuzko monumentua dago. Ezkerrean, Juan de Arferen (1535-1603) zilarrezko ekisaindua nabarmentzen da, 1580 eta 1587. urteen artean egindakoa eta benetan duena baino askoz ere eskala handiagoan pintatutakoa. Horren aurrean, zeremoniak iraun bitartean dantzan egiten duten seikoak daude, euren arropa bereziekin jantzita. Ilunetan, alde bietan, mota guztietako pertsonaiak pilatzen dira, tenpluko zutabeak inguratzen dituzten bi talde konpaktutan. Nabearen zoruan, “AQUÍ YACE CRISTOBAL COLON” (“Hemen datza Cristobal Colón”) irakur daiteke. Konposizio hau egiteko, Villaamil oso antzekoa zen margo batean inspiratu zen; David Roberts maisuaren lan batean, hain zuzen ere. Zenbait urte geroago, 1838an, berriro irudikatu zuen Sevillako tenpluaren barrualdea ikuspuntu honetatik bertatik. Mihise hori Madrilgo Erromantizismoaren Museo Nazionalean dago gordeta.
Babeslea • Patrocinador • Sponsor

12|02|13 • 12|05|20
Bilboko Arte Ederren Museoak Anselmo Guinea (1855–1906) margolari bilbotarrari eskainitako lehenengo erakusketa monografikoa a... 
12|02|27 • 12|06|10
1995ean, Mexiko Hirian 165 argazki-film zituzten hiru kutxa agertu ziren; horietan, balio dokumental izugarriko ia 4.500 argazki zeu... 
OBRA GONBIDATUA
12|04|17 • 12|07|08
Caspar David Friedrich bere jaioterrian hasi zen artean trebatzen, Greifswalden (garai hartan, Suedia zen), unibertsitateko marrazke... 
Ikusi oraingo erakusketa guztiak

12|06|11 • 12|09|23
Erakusketak Francisco de Goyaren (Fuendetodos, Zaragoza, 1746–Bordele, Frantzia, 1828) erreferentziazko lau grabatu-serie erakutsiko d... 
12|10|08 • 13|01|20
Fernando Botero (Medellín, Kolonbia, 1932) margolari, marrazkilari eta eskultorea jardunean den artista latinoamerikarrik ezagunena d... 
Ikusi hurrengo erakusketak guztiak

OBRA GONBIDATUA
12|01|10 • 12|04|08
Mihise bi hauek, pintura erromantiko espainiarreko margolaririk garrantzitsuenak pintatutakoak, bikotetzat hartzen dira, dituzten ne... 
11|10|10 • 12|01|29
Antonio López (Tomelloso, 1936) ‘errealismo madrildarra’ deitutako mugimenduari lotuta egon zen, eta Gerra Zibila... 
OBRA GONBIDATUA
11|09|27 • 12|01|08
Anselm Kiefer (Donaueschingen, 1945) nazioartean osperik handiena duen artista alemaniarra da. Bere lana kultua eta konplexua da, et... 