X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Bilboko Arte Ederren Museoko BBK aretoa izango da Europan hiperrealismoari buruz antolatutako lehen atzera begirakoaren egoitza. Margolaritza mugimendu horretako 68 obra adierazgarri jarriko dira ikusgai, hiperrealismoaren hastapenetatik gaur egunera bitartekoak.

Mugimendu hiperrealistari buruz Europan egiten den lehen atzera begirako erakusketa handia izango da, eta hainbat bildumatako 68 lan bilduko ditu, margolaritza estilo horretako egile adierazgarrienek egindakoak: mugimendua sortu zenetik –hirurogeiko hamarkadaren erdialdetik– gaur egunera bitartean Estatu Batuetako aitzindariek nahiz nazioarteko bilakaerari esker mugimenduarekin bat egin duten beste hainbat herrialdetako egileek egindakoak. Guztira, 34 egileren obrak izango dira ikusgai; Estatu Batuetako lehen maisuenak ez ezik –John Baeder, Tom Blackwell, Chuck Close, Don Eddy, Richard Estes eta Ralph Goings, besteak beste–, baita gaur egungo margolarienak ere.

Ordena kronologikoan antolatutako erakusketa da, eta, hala, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako fotorrealismo iparramerikarraren sortzaileak ditu abiapuntu: John Baeder, Robert Bechtle, Charles Bell, Tom Blackwell, Chuck Close, Robert Cottingham, Don Eddy, Richard Estes, Audrey Flack, Franz Gertsch, Ralph Goings, John Kacere, Ron Kleemann, Richard McLean, Jack Mendenhall, David Parrish, John Salt eta Ben Schonzeit. Sorta horretan, mugimenduaren hainbat obra mitiko aurkituko ditu ikusleak; hala nola, Estesen telefono kabinak edo Goingsen janari bizkorreko jatetxeen ikonografia. Hurrengo bi belaunaldiek, laurogeiko hamarkadatik gaur egunera bitartekoek, mugimenduaren nazioartekotzea izan dute ezaugarri nagusi, eta, horrekin batera, birdefinizioa, aro digitaleko teknikek eskaintzen dituzten aukera berriei esker gauzatu zutena. Belaunaldi horietan, aipatzekoak dira honako egile hauek: Anthony Brunelli, Davis Cone, Randy Dudley, Robert Gniewek, Gus Heinze, Don Jacot, Bertrand Meniel, Rod Penner, Bernardo Torrens, Roberto Bernardi, Clive Head, Ben Johnson, Peter Maier, Robert Neffson, Yigal Ozeri eta Raphaella Spence.

Sortu eta berrogeita hamar urtera, indar betean jarraitzen du hiperrealismoak gaur egun ere; izan ere, mugimenduaren aitzindari izandako margolari asko lanean ari dira oraindik, eta haiekin bat egin dute estilo honi nazioarteko kutsua eman dioten hainbat belaunalditako beste artista batzuek.

Tubingako Institut für Kulturaustausch erakundeak (Kultura Trukerako Institutua) (Alemania) antolatu du erakusketa, eta haren zuzendaria da komisarioa: Otto Letze. Tubingako Kunsthalle aretoan estreinatu zuten, eta, handik, Europako zenbait museotara eraman dute, hala nola, Thyssen‐Bornemisza Museora (Madril) eta Birmingham Museum & Art Galleryra (Erresuma Batua); areto horietan arrakasta handiz aurkeztu zuten erakusketa iaz.

 

Hiperrealismoa

Hirurogeiko hamarkadaren erdialdera, argazkia oinarri harturik bizimodu garaikideko objektuak eta eszenak errealismo xehez margotzen zuen artista talde bat agertu zen Estatu Batuetan. Artista haiek mugimendu hiperrealista sortu zuten (anglosaxoien artean, photorealism izenez ezaguna da taldea).

Mugimendu haren arabera, "fotorrealista" ziren margolanak egiteko argazki kamera oinarrizko tresna modura erabiltzen zuten eta hala aitortzen zuten artistak. Irudia ahal bezainbesteko objektibotasunaz eramaten zuten mihisera, eta halako zehaztasunaz, non errealitatearen ilusio harrigarri eta emozioz gabetua eragiten baitzioten ikusleari.

Mugimenduak ordezkaritza zabala izan zuen 1972ko Kasseleko Documenta jaialdian; hantxe hartu zuen ospea, eta, batez ere, izugarrizko asaldura eragin zuen artearen arloan, zeinetan 1945az geroztik arte abstraktuak izan baitzuen erabateko nagusitasuna. Kritikak anti-intelektualtzat eta erreakzionariotzat hartu zuen mugimendu sortu berria: “Ez da artea, birtuosismo kopista baizik”.

Garrantzirik gabeko gaien adierazpena ardatz zuen figurazioak eta prozedura gutxi-asko mekanikoen bidez mihisera eramandako argazki irudietan oinarrituriko margolaritza metodoak erabateko iraultza sortu zuten artearen arloan. Hala ere, argazkiaren eta pinturaren arteko lotura ez zen kontu berria; izan ere, inpresionismotik bertatik eta Warholen pop serigrafietara arte, besteak beste, kamera laguntza aparta izan zen errealitatea eta artistaren ingurunea adierazteko.

Irudiaren teknologia modernoa bere eginda, hiperrealismoak sekulako esparrua zabaldu zion arteari, eta aurrerapen horiek erabiltzen jarraitu du harrezkero. Hasieran, egunkari eta aldizkarietan argitaratutako irudiak erabili ohi zituzten artistek; dena dela, aurrerago, beraiek ateratako argazkiak baliatzea erabaki zuten. Ondoren, mihisera eramaten zuten argazkiko irudia, lauki sareten sistema edo diapositiba proiekzioa erabiliz; eta, amaitzeko, pintzelez edo aerografoz margotzen zuten koadroa. Gaur egun, aro digitalak goitik beherako iraultza ekarri du margolariaren ofiziora, bereizmen handiko argazki kamerei, ordenagailuei eta irudi programei esker; baliabide berri horiek erabiliz, artistek aukera dute zeinek bere metodoa lantzeko, nork bere interesen arabera. Obra –oro har tamaina handiko– horien lanketa teknikoak eta egikera doiak harritu egiten du ikuslea, artearen historiako beste une batzuetan trompe l'oeil efektuan eta distira eta testuren erreprodukzio leialean oinarrituriko generoek harritu ohi zuen bezala, hala nola, Espainiako Barrokoko natura hiletan edo XVII. mendeko holandar pinturan.

Kameraren erabilera ez ezik, kontsumo gizartearen eta publizitatearen arloaren ikonoekiko zaletasuna jaso zuen mugimendu hiperrealistak poparengandik oinordekotzan; alabaina, popeko ohiko ironiaren ordez, distantzia emozionala du hiperrealismoak bereizgarri. Bi mugimenduek dute zaletasun nabarmena erakusleihoetako kristalekiko –aukera ematen baitute haietan deformaturik islatzen diren irudiak adierazteko–, auto eta motor distiratsuekiko, zinema eta antzokietako iragarki argitsuekiko, janari bizkorreko jatetxeetako eta ketchup potoen koloreekiko, art decó arkitekturarekiko edo kitsch ikonografiarekiko. Estatu Batuetako eguneroko bizitzako zertzeladak dira: eszena hutsalak eta kontsumorako gaiak, artearen motibo bihurturik. Gure inguruko munduko gai hutsalak, zeinetan nagusitzen baita kontsumo gizartea, publizitate eta masa hedabideak, argazkietan adierazirik lehenik eta mihisera eramanda ondoren, prozesu landu bati jarraituz, koadroak oinarri duen argazkiaren berehalakotasunari kontrajarrita. Hasieran, american way of life bizimoduaren ikono kulturalak ziren gai nagusiak, baina, pixkanaka, garatuz joan ziren, ikuspegi urbano panoramiko handietara eta giza irudietara heldu arte, Europako hiperrealisten artean ohikoagoak horiek.

 

Lehen belaunaldia

Hiperrealismoaren aitzindariek bakartuta lan egin zuten New Yorken eta Kalifornian, XX. mendearen hirurogeiko hamarkadaren hasieran. Une hartan, argazkia funtsezko bitartekoa bihurtu zen hedabideentzat eta masa kulturarentzat. Robert Bechtlek Estatu Batuetako hirietako auzoetako bizimodua margotu zuen; Richard Estes New Yorkeko paisaiaren zatiak irudikatzen hasi zen; Chuck Closek eskalari eman zion arreta, eta neurritik ateratako erretratu ospetsuak egin zituen; eta Audrey Flack, taldeko emakume bakarra, bere lehen lanak egiten hasi zen. Oro har, iparramerikar bizimoduaren ikono kulturalak ziren haien lanen motiboak: Tom Blackwellek erakusleihoak eta motorrak margotzen zituen, askatasunaren ikur modura; Ron Kleemannek, kamioi handiak; Don Eddyk, autoen karrozeria distiratsuak, eta Ralph Goingsek, berriz, American diner janari bizkorreko jatetxe ikonikoak.

Beste artista batzuek natura hilak landu izan dituzte, objektu hutsalek osatuak. Charles Bellek latorrizko jostailu koloretsuak eta jolas makinak irudikatu ohi ditu; Ben Schonzeiten interesgunea elikagai multzoak dira, eta Audrey Flackenak, berriz, objektu pertsonalak. Hiriko gaiak ere ohikoak dira. Robert Cottinghamek tipografiekiko interesa du; Richard Estesek, telefono kabinekikoa, eta John Baeder eta Ralph Goingsek, jatetxeetako irudiekikoa. Landako giroa, cowboy modernoak eta Estatu Batuetako erdi mailako klasea agertzen dira, bestalde Richard McLean, Jack Mendenhall eta Robert Bechtleren lanetan. Azkenik, aipatzekoak dira erretratuak; esparru horretan, nabarmentzekoak dira Chuck Close –bere buruaren nahiz lagunen erretratuak landu zituen– eta Franz Gertsch suitzarra, zeina izan baitzen hiperrealismoaren lehen belaunaldian Estatu Batuetatik kanpoko ordezkari bakarra, John Salt britainiarrarekin batera.

 

Bigarren belaunaldia

Bigarren belaunaldia aurreko mendeko 80ko eta 90eko hamarkadetan aritu zen lanean; mugimenduaren nazioartekotzea izan zen belaunaldi haren bi ezaugarri nagusietako bat, eta konposizioaren berrikuntza, bigarrena, mugimenduko artistek teknologia digitalen erabilerari esker gauzatu zutena. Margolariek neurri handiko hiri-paisaiak irudikatu zituzten, formatu panoramikokoak sarritan. Anthony Brunelli italiarrak angelu handiko objektiboarekin ateratzen zien argazkia berak aukeratutako motiboei, eta hartutako irudiak mihisean kontrajartzen zituen gero; Robert Gniewekek gaueko hiri-espazioak irudikatu zituen; Davis Conek antzinako zinema aretoak margotu zituen; Rod Pennerrek berebiziko zehaztasun teknikoa lortu zuen bereizmen handiko kamera digitala erabiliz; eta Don Jacotek latorrizko jostailuak margotu zituen.

 

Hirugarren belaunaldia

Gaur egungo hiperrealistek bitarteko aurreratuenak baliatzen dituzte fotorrealismoa dimentsio berri batera eramateko. Irudi digitalek ematen duten soslaien garbitasunari eta bereizmen handiari esker, adierazitako objektua objektu hiperreala bihurtzen da, literalki. Roberto Bernardik natura hilak osatzen ditu objektu multzoekin; Bernardo Torrensek emakumezkoen biluziak egiten ditu; Raphaella Spencek etxe-orratzen gainetik edo helikopteroetatik ateratako irudiak margotzen ditu; Peter Maierrek gainaldeak irudikatzeko interesa du, eta Ben Johnsonek, arkitekturak irudikatzekoa. Hiriarekiko lilura bizi-bizirik da Robert Neffson eta Clive Headen lanetan, besteak beste.

Hori horrela, mugimendu hiperrealistak hiru belaunaldi osatu, eta berrogeita hamar urteko ibilbidea egin du motiboen eta tekniken bilakaeran. Gaur egun ere ikusleak liluratzen jarraitzen du, argazkia abiapuntu harturik gure inguruko objektuak eta eszenak adierazteko duen teknika bikain eta doitasun zorrotzari esker.


Irudian:
Don Eddy (Long Beach, California, 1944)
Izenburu gabe (4VWs), 1971
Akrilikoa mihisean. 167 x 241 cm
F. Javier Elorza

Babeslea:

Hiperrealismoa 1967-2013

Zerrendara itzuli