X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

José Ramón Anda (Bakaiku, Nafarroa, 1949) tailugile eta ebanisten familia batean jaio zen, eta, hori dela eta, laster jarri zen harremanetan egurraren ezaugarriekin eta egurrak dituen eraikuntza-teknikekin. Hain zuzen ere, elementu hori oso presente dago bere inguru naturalean. 1970 eta 1974. urteen artean, Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Goi Mailako Eskolan ikasi zuen, eta, urte horietan, giza gorputzaren irudikapen espresionistan oinarritu zen. Kirolari zaharra eskultura horren adibide garbia da. Lan hori museoaren kanpoaldean dago, eta ongietorria ematen dio bisitariari, gizakiaren eta unibertsoaren behatokia den Ikusmira lanarekin batera.

Hasiera horien ostean, Erromako Arte Ederren Akademia Espainiarrean jarraitu zuen ikasten, eta, han, eskultura klasikoa eta artista italiar garaikide askoren lana ezagutu ahal izan zuen. Artista horien artean zeuden, besteak beste, Giacomo Manzú, Marino Marini eta Arturo Martini; hain zuzen ere, aipatutako artistek eragina izan zuten Andaren obran, eta hori argi ikusten da Unamuno lanean, eraikin zaharreko 29. aretoan ikusgai dagoen erretratu totemikoan. Eskultura horrek beti piztu izan zuen Jorge Oteizaren mirespena, eta, hein handi batean, Oteizaren teoria espazialistek eta lanaren garapen prozesualari buruzko teoriek Andaren lanak baldintzatu zituen. Eragin horiez gain, Max Bill eskultore, diseinatzaile eta arkitekto suitzarrarena ere aipatu behar da (Walter Gropiusen dizipulua izan zen Bauhauseko Eskolan), bai eta perfekzio formalarekiko mirespena eta material bakoitzaren ezaugarriekiko errespetua ere, Eduardo Chillidaren moduan. Ezagutza horrekin, Andak eskultura abstraktua eta oinarri organizistakoa egin izan du. Bertan, planteamendu arrazionalistak eta espazialistak uztartzen ditu, materiaren arlo sentsorialekiko interes sakona erakutsiz.

Erakusketaren ibilbideak atondoan jarraitzen du, Atariaren besarkada lanarekin. Obra horrek muga espaziala artikulatzen du, sarrerako atea iradokiz. Horren ondoren, Miracielo segoviano (Zeruaren behatoki segoviarra) dator, 3,80 metroko altuerako enbor huts batean egindakoa; lehenengo solairuan, berriz, Iranzuko mahaia dago, Andaren altzari-eskulturetako bat, diseinu garaikidearekiko interesarekin erlazionatutakoa.

Aretoan, lehenengo eta behin, intxaurrondo-egurrez egindako 6 lan daude, Planos cruzados (Plano gurutzatuak) sailekoak, kurben eta planoen arteko harremanean oinarritutakoak. Ondoren, Troncos huecos (Enbor hutsak) saileko beste hainbeste pieza datoz. Lan horiek laurogeiko hamarkadaren hasieran hasi zituen Andak, ehun urte baino gehiagoko haritz-enbor bikain batzuk aurkitu zituenean. Bertan, Andak mugaraino darama egurraren gaitasun konkaboa, ikusleei barrura sartzeko gonbita egiten dieten lanak edo barne-hustasuna inguratzen duten leku babestuak sortzeko. Hormetan, 3 horma-pieza daude: Ikut nazakezu, Sol entre nubes (Eguzkia hodeien artean) eta Luna entre nubes (Ilargia hodeien artean), forma geometrikoko ariketa arrazionalista gisa sortuak. Azkenik, Quiero hacerme mayor (Handi egin nahi dut) saileko 18 pieza txiki daude ikusgai. Lanen maketak edo aurretiazko zirriborroak dira, gero eskala handiko eskultura publikoak egiteko asmoz sortutakoak. Hainbat materialez daude eginda (brontzea, egurra, eskaiola, aluminioa, marmola eta burdina), eta denak daude –sabaitik zintzilik dagoen bat izan ezik– 10 metroko luzera duen mahai metaliko handi baten gainean. Mahai hori, gainera, beren-beregi dago eginda erakusketa honetarako.

Guztira, 40 pieza daude ikusgai, eta hautaketa horrek ondo erakusten du edertasun eta soiltasun formal handiko piezaz osatutako ibilbide artistikoaren 30 urte baino gehiagoko bilakaera.

Irudian:
José Ramón Anda, (Bakaiku, Navarra, 1949)
Ezustekoa II, 2002-2007
Haritz egurra, 89 x 92 x 77 cm
Bilduma partikularra


Babeslea:

José Ramón Anda

Zerrendara itzuli