X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Erakusketak

Bilboko Arte Ederren Museoak ekoitzitako Markus Lüpertz. 1963–2013 erakusketak Markus Lüpertz margolari eta eskultorearen 91 artelan biltzen ditu, denak ere 50 urteko ibilbide oparoan egindakoak. Hain zuzen ere, ibilbide horretan, bere belaunaldiko artistarik nabarmenenetakoa izatera heldu da.  60 margolan, 19 eskultura eta paperean egindako 12 obra dira, hirurogeiko hamarkadaren hasieratik gaur egunera arte datatutakoak. Horien artean daude Emakume baten burua. Nire amaren burua (1987) eskultura eta Arkitektoaren tresna (1988) margolana, biak ere Bilboko Arte Ederren Museoko arte garaikidearen bildumakoak 2002tik eta 2009tik, hurrenez hurren.Bertan izango da Judith (1995) ere, 2000. urtetik hona Abandoibarra pasealekuan ikusgai dagoen eta Bilboko eskultura publikoetako bat den lana.

Artista honi Estatuan egingo zaion lehenengo erakusketa antologiko handia da, Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalak (1991) eta Arte Modernoaren Valentziako Institutuak (2002) aspaldi eskaini zizkioten erakusketetatik. Kosme de Barañano historialaria arduratu da lanen aukeraketaz eta katalogoko testuez. Barañanok lehenago aipatutako bi erakusketak ere antolatu zituen, eta, beraz, Lüpertzen obra ondoen ezagutzen duen adituetako bat da.

Markus Lüpertz Bigarren Mundu Gerraren ostean sortutako artista alemaniarren belaunaldiko kidea da; hain zuzen ere, belaunaldi horren barruan oso izen esanguratsuak daude: Anselm Kiefer, Jörg Immendorff, A. R. Penck edo Sigmar Polke, besteak beste. Neue Wilden (basati berriak edo espresionista berriak) deitutako taldearen funtsezko kidea izan zen, eta figurazioa egiteko modu pertsonala sortu zuen, giza gorputzarekiko eta paisaiarekiko interesa agertuz eta inspirazio-iturri gisa zenbait kultur adierazpen hartuz; esate baterako, Greziako mitologia, edo artearen historiako zein musika sinfonikoko maisuak –Poussin, Goya, Wagner, Mozart…–. Alemaniako panorama garaikideko beste artista batzuen moduan, haren lanean ere bere herrialdearen historia dramatikoari buruzko hausnarketa antzeman daiteke.

Familiarekin batera 1948an Alemaniako lehengo Errepublika Federalean bizitzen jarri ostean, Markus Lüpertzek (Liberec, Bohemia, Txekiar Errepublika, 1941) margolari gisa ekin zion bere ibilbide artistikoari, hirurogeiko hamarkadan. Eta, espresionismo abstraktutik abiatuta, artearen historiako zenbait unetan inspiratutako printzipio figuratiboagoetarantz hurbildu zen. Modu horretan, besteak beste, berriro interpretatu zituen Poussin, Corot, Courbet, Picasso, Matisse, Ernst eta Giacometti bezalako artisten lanak eta eskultura mizenastarrak.

1981etik aurrera, pintura eta eskultura uztartzen hasi zen, eta urte hartako udan sortu zuen eskultura-seriean agerikoa zen Picassoren arrastoa. Gero, arte klasikoarekiko zuen etengabeko interesari esker, 1980 eta 1990. urteen artean, Greziako estatuetan edo etruriarren botozko eskulturetan inspiratutako eskultura mitologikoen multzoa egin zuen. Teknikoki, eskulturaren oinarrizko prozeduretatik urrundu zen eta hizkera propioa bilatu zuen, argizarian edo igeltsuan egindako modelatuetatik hasi eta, geroago, figurak landu eta formak definitu arte, galdatu baino lehen.Teknika biak erabili direla amaierako emaitzan ikus daiteke, non modelatuaren bat-batekotasuna zizelkatzearen naturaltasunarekin uztartzen baita.Ondorio gisa, sarri askotan jatorri espresionistako energiarekin polikromatuta dauden bere eskulturek gorputzaren kutsu handia transmititzen dute. Batzuetan, Lüpertzen eskulturen “figurazio desfiguratua” (Barañanoren hitzak erabiliz) ez da ondo ulertua izan sektore kontserbadoreen artean, eta eskultura horiek polemika handiak sorrarazi dituzte, modu publikoan instalatu direnean.

Bere ospe handiko ibilbide artistikoarekin batera, aipatzeko modukoa da irakasle gisa eta Düsseldorfeko Arte Ederren Akademiako errektore gisa egin izan duen lana ere; hain zuzen ere, hogei urtez baino gehiagoz aritu zen aipatutako azken kargu horretan, 1988tik 2009ra.

Erakusketa museoko BBK aretoan dago jarrita, eta Lüpertzen ibilbidearen gaineko ikuspegi antologikoa ematea du xede. Horretarako, bost mugarritan dago bananduta, bere interes artistikoen bilakaeraren arabera. Muntaiak artistaren 50 urteko ibilbide artistikoko ezaugarri formalak jarri nahi ditu agerian, batzuetan garai berekoak ez diren obrak jarriz, adibidez, amaierako atalean, non lehenengo garaiko gaiak eta sinboloak agertzen baitira. Modu horretan, ikusleari laguntza eman nahi zaio, artistaren lanak denboran zehar izan duen garapena ikus dezan, baina estiloaren eta egiteko moduaren ezaugarriak erakusten dituzten garai bakoitzeko erreferentzia sinkronikoekin. Ibilbide honetan, pintura eta eskultura nahasten dira, eta, batzuetan, zirriborroak aurkezten dira eskala-aldaketak eta monumentaltasunaren zentzua azaltzeko.

 

1963–1973 Pop amerikarrari Berlindik emandako erantzuna

Ibilbideari hasiera emateko, Donald Duck serieko 1963ko artelan bat dago, Lüpertzek pop anglosaxoiaren aurrean izandako erreakzioaren adibidea; kritika egiten du bertan, adierazi nahirik artista plastikoek berenganatu egin zituztela komikiak kodetutako irudiak. Ikuspegi piktoriko berri baten abiapuntua da; Lüpertzek berak Manifestu ditiranbikoa argitaratzean teorizatu zuen horri buruz, eta, bertan, objektu hutsalak nabarmentzen zituen formatu handietan. Halaxe gertatzen da, adibidez, 1966ko Futboleko baloia lanean.

Handik gutxira, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, bere serierik eztabaidagarrienetakoa egin zuen “Alemaniako gaiak” deitutako koadroetan; bertan, III. Reicharen basakeria salatu zuen, eta, berriz ere, modu inplizituan, pop amerikarraren azaleko ikuspegia kritikatu zuen. Konnotazioz betetako gaiak erabiltzen ditu; esate baterako, kasko militarra, uniformeak, esbastika, galburua eta abar, denak ere eskala handian irudikatuta eta kolore berde, marroi eta okredun paleta “militarrarekin”. Lüpertz artista ezaguna eta karakterizatua izaten hasi zen, eta batzuetan kritikatua ere bai, bere gehiegizko nortasunaren ondorioz.

 

1975–1985 Irudia deseraikitzea eta estilodun pintura

Hurrengo garaian, Lüpertzek giza figura ikertu zuen, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko hizkerarekin, Aristide Maillol (1861–1944) eskultore frantziarraren obraren azterketatik abiatuta.

Bi metroko altuera duten Markus-Maillol marrazki handi biek, 1975-1976an egindakoek, agerian uzten dute Lüpertzek nolako interesa zuen giza figurarekiko, XX. mendeko artea gai horretatik urruntzen ari zen une berean. Sasoi berean, irudiak espazio beltzetan deseraikitzen hasi zen, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko estilo esperimentalean. Une hartatik aurrera, figurazioak interes narratiboa galdu zuen Lüpertzentzat, eta forma orekatuak probatzeko esparru bihurtu zen. Gaiak ezinbestekoa izateari utzi zion, eta formak hartu zuen bere interes sortzaile osoa.

 

1985 eta 1993 Irribarre mizenastarra eta tradizio klasikoa

Bere ibilbide osoan zehar, Lüpertzek interes berezia izan du Antzinaroko artearekiko eta mitologiarekiko. Bere hitzetan esanda: “…Antzinaroa norbanakoa gainditzen duen mundua da. Mundu horretan, denek egin dute lan ideia bakarrari jarraituz, soilik behin aurkitutako ideiari jarraituz”.

1985ean, lau metroko luzera duen Irribarre mizenastarrari buruzko koadroak–udako eguna koadro handia pintatu zuen. Bertan, hain zuzen ere, artearen historiaren konbentzionalismoa jasotzen du, garai bereko Greziako eskulturen ezaugarria den “irribarre arkaikoari” dagokionez. Urtebete geroago, 1986an, brontze pintatuan landutako Titan eskultura egin zuen. Garai horretakoa da, erakusketan dauden beste zenbait obrarekin batera, bere serierik enblematikoenetakoa, 1988 eta 1990. urteen artean egindakoa: Nicolas Poussin (1594–1665) paisaia-margolari frantziarraren figuran oinarritutako seriea da, gehienetan formatu handiko margolanetan gauzatutakoa.

 

1993-2000 Mito erromantikotik paisaiara

1997 eta 1999. urteen artean, paisaia eta natura hil berriak pintatu zituen, vanitas izaerarekin eta garezurraren irudia maiz erabiliz: “Artistak kontzienteki zein inkontzienteki aurrez aurre izan behar duen gatazkarik garrantzitsuena heriotzaren aurkako borroka da...”, dio Lüpertzek. Atalak elkarren ondoan jarriz eraikitako lanak dira. Teknika horren gailurra 1999ko udaberrian etorri zitzaion, Düsseldorfeko bere estudioaren pareko zuhaitzak eta zati abstraktuak irudikatzen dituen serie batean.

 

2003-2013 Kritika estetikotik Arkadiaranzko begiradara

Amaitzeko, azken garaiko (2003–2013) piezak daude bilduta; bertan, Lüpertz bere hasierako lanei begira jartzen da berriro. Gizonezkoen gorputz-enbor edo figura biluziak dira, bere hasierako errepertorioko gaiak berreskuratzen dituztenak; esate baterako, barraskiloak.

Berlinen duen estudioaren inguruan hartutako paisaiak ere pintatzen ditu; bertan, sarri askotan, bizkarretik hartutako gizonezkoen biluziak daude ikusgai, eta Greziako estatua klasikoei ere egiten die erreferentzia. Lan horiek agerian uzten dute Markus Lüpertzen interesik handiena ez dela mundua irudikatuko duten margolanak eta eskulturak sortzea, baizik eta munduari buruz hausnartzen lagunduko duten obrak sortzea. Margolan eta eskultura horiek irudi berria sorraraziko dute, arte klasikoaren garrantzia hizkera garaikidearen bitartez erreskatatu ahal izateko.

Irudian:
Salieri (zatia), 2005
Bronze pintatua. 220 x 70 x 70 cm
Galerie Michael Werner Märkisch Wilmersdorf, Colonia eta New York

Irudian (2):
Poussin-Philosoph (Poussin-Filosofoa) , 1990
Olioa mihisean. 200 x 300 zm
ZKM, Zentrum für Kunst und Medientechnologie Karlsruhe

Babeslea:

Markus Lüpertz 1963-2013

Zerrendara itzuli