X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Filmoteca Vasca - Euskadiko Filmategia

Filmoteca

Euskadiko Filmategiak, urritik abendura bitartean, atzera begirako ziklo bat eskainiko dio Helena Taberna zinegile nafarrari, eta bi lekutan erakutsiko dira haren filmak: Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donostiako Tabakaleran.

Tabernaren lanean beti uztartzen dira fintasuna eta indarra. Egileak, gainera, beti eutsi die tinko bere printzipioei, besteak beste, konpromiso feministari, kontzientzia euskaltzaleari eta bere egile-identitatetik abiatuta publikoarekin topo egiteko gogoari. 2000. urtean aurkeztu zuen lehen film luzea, Yoyes, eta apustu ausarta egin zuen. Ausardiari eutsi zion hurrengo filmetan ere, etorkinen aurpegiei tokia eginez –Extranjeras (2003)– eta Gerra Zibilaren garaiko Altsasu erretratatuz – La buena nueva (2008)–. 2010eko Nagore filma, berriz, aldarrikapen feminista dugu, eta, ondorioz, humanista: gainera, gaur egun pil-pilean dago errealitate hori, gero eta gehiago. Azkenik, Acantilado (2016) filmean bildu zituen sortzaile gisa izandako kezka nagusietako batzuk.

Ziklo horretaz gainera, lankidetzaren bitartez, zinematografiarekin loturiko ekitaldiak antolatuko dira museoan, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren "Gustukuena/La favorita de..." egitasmoa. Hala, bi adituk aukeratutako filmak aukeratuko ditugu: José Julián Bakedanok eta euskal zinegile emakumeak biltzen dituen (H)EMEN kolektiboak aukeratutakoak, hain zuzen ere.

Bestalde, bi urteurren ekarriko ditugu gogora: batetik, Euskadiko Filmategiak 40 urte beteko ditu, eta, hori ospatzeko, Mercedes Álvarez zuzendariaren bi film erakutsiko ditugu. Bestetik, Kimuak programak 20 urte beteko ditu; Kimuak proiektuak, urtero, Euskadin ekoitzi diren film laburrik onenak aukeratzen ditu.

Prezioak (saio bakoitzeko)

Orokorra: 3,5 €
Museoaren Lagunak: 2 €
25 urtetik beherakoak: Doan

Lekua

Museoaren Auditoriuma

Laburdurak

JB = Jatorrizko bertsioa
JBGA = Jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin
JBAEU = Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin

  • 13 | 10 | 18

    18:00 h [ Helena Taberna Zikloa ]

    © Oskoz Fotógrafos
    © Cristina Ros
    © Cristina Ros

    La mujer de Lot

    Helena Taberna, 1990. Espainia. Elkarrizketarik gabe. 12'

    José Ángel Valenteren bertsoetan oinarritutako bideosorkuntza honetan emakumearen askapenari egindako gorazarrea sumatzen da.

    87 cartas de amor

    Helena Taberna, 1992. Espainia. JB (Gaztelania). 14'

    Gizonezko bat nahastuta esnatu da establezimendu batean: emakume batek bahitu du. Juliak Remigioren maleta miatu du eta eskutitz batzuk aurkitu ditu. Hala, ohartuko da Remigiok amodio desengainu bat izan duela, bere emazteak utzi egin baitu. Remigio haren sorginkerian eroriko da.

    Emiliana de Zubeldia

    Helena Taberna, 1993. Espainia. JB (Gaztelania). 27'

    Jatorri nafarra duen eta bere garairako emakume aurreratua izan zen Emiliana de Zubeldia musikagilearen bizimodua islatzen duen dokumentala.

    Nerabe

    Helena Taberna, 1996. Espainia. JB (Gaztelania). 10'

    Emakumearen gorputza eta amatasuna ospatzen dituen film labur esperimentala.

    Aurkezpena: Annabel Martín (Dartmoutheko Unibertsitateko irakaslea)


    20:00 h [ Helena Taberna Zikloa ]

    © Carlos Roldán Larreta
     

    Busto de un poeta

    Helena Taberna, 1991. Espainia. JB (Gaztelania). 19'

    José Ángel Valente olerkariari egindako jarraipena, hark Nafarroan eskaini zuen hitzaldi sortaren harira.

    Alsasua 1936

    Helena Taberna, 1994. Espainia. JB (Gaztelania). 35'

    Gerra Zibilean Altsasun jazotako gertakariak gogora ekartzen ditu filmak, Elizak gatazka belikoan izandako jarrera agerian utzita. Erretore gaztearen begiradaren bitartez, anaiarteko guda krudelak eragindako samin sakona sumatu daiteke. Elizako hierarkiak Ebanjelioan izandako fedea ere begi bistan geratzen da.

    Recuerdos del 36

    Helena Taberna, 1994. Espainia. JB (Gaztelania). 22'

    Zaharren egoitza batean bizi diren Gerra Zibileko azken testigantzak biltzen ditu dokumentalak. Biktimak eta borreroak elkarrekin bizitzera behartuta daude. Zenbait kapitulutan banatuta dago filma; Marino Ayerraren ibilbidea ezagutarazteaz gain, guda garaian Altsasun jazotako gertakari tamalgarriak argitzen dira.

    Aurkezpena: Annabel Martín (Dartmoutheko Unibertsitateko irakaslea)

  • 20 | 10 | 18

    19:00 h [ Helena Taberna Zikloa ]

    © Mercury Films

    Yoyes

    Helena Taberna, 2000. Espainia. JB (Gaztelania). 104'

    Yoyes, ETAn ardura-postuak izan zituen lehen emakumea, Mexikoko erbestealditik itzuli da eta bizitza berri bat hasi nahi du. Baina ez du itzulera erraza izango. Aldatu egin da: unibertsitateko karrera bat ikasi du, Nazio Batuen Erakundean (NBE) aritu da lanean eta ama izan da. Haren herrian, ordea, indarkeriak egunkarietako albiste nagusi izaten jarraitzen du.

    Yoyes-ek ahaztu egin nahi zuen, eta jendeak bera ahaztea, baina urrun egon den urteetan mito bihurtu da. Haren iraganeko borroka kideei traizioa iruditzen zaie haren itzulera. Yoyes-ek izugarri maite du bere lurra, haren parte izan nahi du, baina udazkenak hosto ihartuak baino zerbait gehiago ekarriko du.

    Aurkezpena: Helena Taberna (aurkezpen grabatua), Ion López (Euskadiko Filmategiko Zaharberritze Saila)

  • 03 | 11 | 18

    19:00 h [ Helena Taberna Zikloa ]

    Extranjeras

    Helena Taberna, 2003. Espainia. JB (Gaztelania). 75'

    Madrilen bizi diren hainbat emakumezko etorkinei buruzko kronika. Emakume horien egunerokotasuna islatzen du filmak: haien ingurune familiar eta afektiboa, ohiturak, lan-bizimodua eta ametsak. Hala, sortu dituzten harreman eta topaketa gune berriak ezagutuko ditugu, batetik, eta kultur ohiturak alde batera utzi gabe nola moldatu diren herrialde berrira azalduko zaigu, bestetik.

    Aurkezpena: Pilar Rodriguez (Deustuko Unibertsitateko irakaslea)

  • 17 | 11 | 18

    19:00 h [ Helena Taberna Zikloa ]

    © Adolfo Lacunza

    La buena nueva

    Helena Taberna, 2008. Espainia. JB (Gaztelania). 95'

    Herri sozialista bateko parroko izendatu dute Miguel 1936ko matxinadako egunetan. Gudaren hasieratik alderdi nazionalak hartu du herria eta berehala iritsiko dira fusilamenduak. Errepresaliatuak defendatzeko abiatu duen borrokan, Miguelek hierarkia eklesiastikoari eta militarrari aurre egingo die, bere bizitza arriskuan jarrita.

    Apaiz gazteak herriko andereñoarengan aurkituko du babesa (haren senarra gerra hasieran erahila izan zen). Margarirekin duen harremana erretore gazteak sentitzen duen desengainuaren kontrapuntu bihurtuko da eta bere sostengu bakarra izango da bakarrik zeharkatu behar duen bidean. Amodio, gerra eta erlijio istorio bat da.

    Aurkezpena: Bárbara Goenaga (aktorea), Aizpea Goenaga (zinegilea)

  • 24 | 11 | 18

    19:00 h [ Gustukoena / José Julián Bakedano ]

    Fellini 8 ½

    Federico Fellini, 1963. Italia. JBGA. 138'

    Erabateko arrakasta lortu ondoren, zinema zuzendari batek sormen krisia bizi du eta alferrik saiatuko da film berri bat egiten. Egoera horretan, bere bizitzako une garrantzitsuenak errepasatuko ditu eta maite izan dituen emakume guztiak gogoratuko ditu.

    Aurkezpena: José Julián Bakedano

  • 01 | 12 | 18

    19:00 h [ Euskadiko Filmategiaren 40. urteurrena: Mercedes Álvarez ]

     

    Cinco elementos para cualquier universo

    Mercedes Álvarez, 2012. Espainia. (Gaztelania). 20'

    Kultura eta zibilizazio orok amankomunean izan dituzten bost elementu, baita edozein herrixka txikik ere, herrixka bat eta bere eskualdea ere unibertso bat baitira. Elementu horiek honakoak dira: bizitzako gertaerak bide batean zehar kontatzeko trebetasuna, oroimena eta oroimenaren transmisioa, patua bidearen hasiera eta amaiera gisa, esperientzia ikasketa gisa… eta baita isiltasunaren beharra ere, Naturaren aurrean isiltasuna.

    Mercado de futuros

    Mercedes Álvarez, 2011. Espainia. (Gaztelania). 110'

    Etxe baten hustea (aldi berean, bere oroimen guztiaz ere husten da), burtsako agenteak, enpresa lidergoari buruzko kongresu bat, oroitzapenak pilatzen dituen eta saltzeari uko egiten dion azoka bateko saltzailea, hiri oso bat higiezinen azoka bateko gune birtual bilakatuta. Eremu eta pertsonaia horietara hurbilduko da kamera, munduaren itxura berriaren ezaugarriak marrazten saiatzen den bitartean. Funtsean dagoen galdera honakoa da: etorkizunean beharrezkoa izango al da oroimena?

    Aurkezpena: Mercedes Álvarez (zinegilea)

  • 08 | 12 | 18

    19:00 h [ Helena Taberna Zikloa ]

    Nagore

    Helena Taberna, 2010. Espainia. JB (Gaztelania). 77'

    Nagore Laffagen amaren (Asun Casasola) begiradaren bitartez, alabaren erailketaren ondorengo bizimodua deskribatzen du filmak. 2008ko San Fermin jaietan Psikiatriako mediku egoiliar batek Nagore hil zuen eta gertakari horrek gizartea zeharo hunkituta utzi zuen (komunikabideek ezohiko trataera eskaini zioten gertaerari). Filmak Nagoreren familiartekoei eta lagunei egindako elkarrizketak biltzen ditu eta baita epaiketan parte hartu zuten aldeen testigantzak ere.

    Aurkezpena: Luisa Etxenike (idazlea)

  • 15 | 12 | 18

    19:00 h [ Helena Taberna Zikloa ]

    © Fernando Marrero

    Acantilado

    Helena Taberna, 2016. Espainia. JB (Gaztelania). 99'

    Gabriel etorkizun handiko fiskala da eta bizitza kolokan jarriko zaio poliziaren dei bat jasotzean. Sekta batean suizidio kolektibo bat izan da Kanariar Uharteetan eta bere arreba txikia, Cordelia, kideetako bat zen. Haren hilotza ez da agertu. Gabrielek ez du arreba urteetan ikusi: haien artean zerbait gertatu zen eta kontrako norabideak hartu zituzten. Berehala bidaiatuko du uhartera gertakariak lehen eskutik ezagutzeko eta ikerketan laguntzeko. Han Helena ezagutuko du, Cordeliaren laguna, nortasun handikoa eta oso sentibera. Hura eta Gabriel ongi moldatuko dira hasieratik, Cordelia bizirik aurkitzeko desirak lotuta.

    Aurkezpena: Helena Taberna (zinegilea)

  • 22 | 12 | 18

    19:00 h [ Gustukoena / (H)EMEN ]

    El piano

    Jane Campion, 1993. Zeelanda Berria. JBGA. 121'

    1851 urtea. Ada mutua da txikitatik eta alargundu berria da. Hitzartutako ezkontza batek bultzatuta, bere jaioterria (Eskozia) utzi eta Zeelanda Berrira bidaiatuko du, bere alabarekin eta pianoarekin. Han ezagutuko du bere senar berria, pianoa etxera eramatera ukatuko den baserritar aberatsa. Instrumentu musikala hondartzan utziko dute eta bizilagun batek berreskuratuko du, trukean hitzarmen bitxi bat adostuta Adarekin: hark pianoa jotzen utziko dio, Ada ukitua izaten uzten bada.

    Aurkezpena: (H)EMEN

  • 29 | 12 | 18

    19:00 h [ Kimuaken 20. Urteurrena: Film laburren aukeraketa ]

    Hauspo soinua

    Inaz Fernández, 2000. Espainia. JBGA . 12'

    Ustekabeko gertaera bat dela-eta, aita batek bere semea zenbait egunez utziko du aitona-amonen etxean. Bisita horrek aitak familiaren ohiturekin berriro topo egitea eta bilobak mundu ezezagun bat ezagutzea eragingo du.

    La primera vez

    Borja Cobeaga, 2001. Espainia. JB (Gaztelania). 11'

    Begoña adinekoa eta birjina da. Heriotza gertu ikusita, prostitutu bat –Daniel– kontratatzea erabaki du. Izan ere, jende guztiak sexua polita eta zoragarria dela esaten du eta jakin-min handia dauka. Baina hau ez da lan erraza izango Danielentzat.

    Lepokoa

    Safy Nebbou, 2003. Espainia. JBGA . 23'

    Teresak semea Gabon gaua ospatzera etxera itzultzea espero du. Herrian, jendea ez dago seguru Angel, Teresaren semea, agertuko denik. Aspalditik ez da etorri eta, mihi gaiztoek diotenez, lotsarazi egiten du ama baserritar pobrea izateak. Baina Teresak badaki etorriko dela. Halaxe agindu zion semeak eskutitz batean. Emakume zaharrak jaki goxoak prestatu ditu, eta opari bat ere erosi dio...

    El tiempo prestado

    David González Rudiez, 2008. Espainia. JB (Gaztelania). 16'

    Oraindik oporretan dago Marta...

     

    Amona putz!

    Telmo Esnal, 2009. Espainia. JBGA. 15'

    Batzuetan, ume txikiak dituzten senar-emazteek amona faltan botatzen dute; batzuetan bakarrik...

    Él nunca lo haría

    Anartz Zuazua, 1994. Espainia. JB (Gaztelania). 35'

    Laurak aitona bat eskatu die Errege Magoei.

    5 recuerdos

    Alejandra Márquez y Oriana Alcaine, 2009. Espainia. JB (Gaztelania). 12'

    Irmak merkatu bateko korridoreak zeharkatuko ditu osagai zerrenda bat behin eta berriz errepikatzen duen bitartean. Lehen lauak gogoratzen baditu ere, bosgarrena etengabe ahazten zaio. Irmak bere oroimenaren sakontasunetara bidaia egin beharko du ahaztutako osagai hori berreskuratzeko.

  • 19 | 01 | 19

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    2001: Una odisea del espacio | 2001: A Space Odissey

    Stanley Kubrick, 1968. U.S.A.. JBGA. 149'

    Gizateriaren historiako zenbait garai ageri dira filmean. Duela milioika urte, monolito bat aurkitu zuten primate batzuek, eta adimen-maila goragoko batera eraman zituen aurkikuntza hark. Handik milioika urtera, beste monolito bat agertu zen, ilargian lurperatua, eta zientzialarien jakin-mina eragin zuen. Azkenik, NASAren misio batean, adimen artifizialez hornitutako makina bat, HAL 9000, arduratzen da espazio-ontzi tripulatu baten sistema guztien kontrolaz.

    Aurkezpena: Pedro Miguel Etxenike (Físico; Universidad del País Vasco; DIPC)

     

  • 26 | 01 | 19

    19:00 h [ Zinema eta zientzia ]

    Gizon harrigarriro txikiagotua | The Incredible Shrinking Man

    Jack Arnold, 1957. U.S.A.. JBAEU. 81'

    Txalupa motordun batean doaz Scott Carey eta haren emaztea. Halako batean, garagardo baten bila joan da emaztea, eta laino arraro batek inguratu du Scott. Handik hilabete batzuetara, aldaketa harrigarri batzuk hasi da nabaritzen bere gorputzean: pisua eta garaiera galduz doa, ia ikusezin bihurtu arte. Amesgaizto bihurtu zaio bizitza, bizirik irauteko etengabeko borroka. Izan ere, eguneroko bizimodua mehatxu hilgarriz beteta ageri zaio, eta abileziaz baliatuta egiten dio aurre egoerari.

    Aurkezpena: Aran García-Lekue (Física; Ikerbasque; DIPC)

     


 

Antolatzailea: