Bilboko Arte Eder Museoa

Gaur egungo Museoaren jatorria hasierako Arte Eder Museoan (1908an sortu zen eta 1914an ireki zituen ateak) eta Arte Modernoko Museoan (1924an inauguratua) dago. Instituzio biak eta bildumak 1945ean elkartu ziren, eta urte hartan bertan egin zen eraikin zaharra. 1970ean eraikin modernoa gehitu zen, eta, 2001ean, berrikuntza lan handia egin ostean, Museoak gaur egun duen itxura hartu zuen.

2008an, "100 urteko historia, 10 mendeko artea" izenburupean, Bilboko Arte Eder Museoak bere lehenengo Mendeurrena ospatu zuen.

Bere historian zehar, Museoak eredu aparta garatu du, non herritarrek, bertako artistek eta instituzio publikoek zehaztu baitute Museoaren osaera eta hazkundea, artelan garrantzitsu askoren erosketen eta dohaintzen bitartez. Eskuratutako artelan horiek egituratu dituzte bildumako gune nagusiak, eta aipatutako bilduma ere obra horiei esker handitu da.

Izaera

Hasieratik bertatik, pinakotekaren ezaugarrietako batzuk agertu ziren, eta, gaur egun ere, ezaugarri horiek indarrean daude; besteak beste, erakunde publikoen eta gizartearen arteko lotura estua, denek ere Bilbao erreferente kultural bihurtzeko gogoa zuten eta. Museoak hasierako urteetan erakunde eta partikularren eskutik jaso zituen dohaintza eta ondare garrantzitsuei esker, bildumaren etorkizuneko hazkunde-ildoak zehaztuz joan ziren.

Museoak, gainera, garaikidea izateko nahia agertu izan du beti, eta, hasierako garai haietan, hori bat zetorren bertako komunitate artistikoaren kezkekin. Gaurkotasunarekiko apustu hori hamar urte geroago gauzatu zen, arte moderno eta garaikideari buruzko museo berria sortzean. Hori horrela, Aldundiaren egoitza batzuetan kokatuta zegoen Arte Modernoko Museoak 1924an ireki zituen ateak, Aurelio Arteta margolariaren zuzendaritzapean.

Historia laburra

Gerra Zibila amaitu eta denbora gutxira, Museo bien bildumak jasoko zituen eraikin berri bat egiteko erabakia hartu zen; horrela, erakunde bakarrean bilduta geratu ziren, eta, urte luzez, Bilboko Arte Eder eta Arte Modernoko Museoa deitu izan zen.

Eraikin berria, estilo neoklasikokoa, hiriko Zabalgune modernoan eraiki zen, Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenas arkitektoen proiektuari jarraituz. Bilboko oraingo Arte Eder Museoa 1945ean inauguratu zen. 1949ra arte, zuzendaria Manuel Losada izan zen; 1973ra arte, Crisanto de Lasterra; eta 1982ra arte, berriz, Javier de Bengoechea.

Hala ere, hasierako espazio hori laster geratu zen txiki, eta, beraz, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, eraikina handitzeko enkargua eman zitzaien Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoa arkitektoei. Lan berritzailea egin zuten, Mugimendu Modernoaren eragina jasoz eta, zehatzago esateko, Mies van der Roheren arkitektura islatuz. Lanak 1970ean amaitu ziren, baina, hamar urte geroago eta Jorge de Barandiaránen zuzendaritzapean, espazio eta zerbitzu berriak egokitu ziren eraikinaren sotoetan. 1991n, Eusko Jaurlaritza Museoaren parte bihurtu zen, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin bat eginez.

1996an, Miguel Zugazaren zuzendaritzapean, Museoa berritu eta handitzeko plana esleitzeko lehiaketa antolatu zen, Museoaren instalazio eta zerbitzuak modernizatzeko asmoz. Urte hartan bertan, epaimahaia eratu zen, eta, bertan, besteak beste, Rafael Moneo, Norman Foster eta Álvaro Líbano arkitektoek hartu zuten parte, lehiaketan aurkeztutako hemeretzi aurreproiektuak baloratzeko.
Aurkeztutako proposamenak aztertuta, lanak egiteko enkargua arkitekto talde bati eman zitzaion; hain zuzen ere, Luis Uriarte zen talde horren buru, eta gainerako kideak Borja Arana, José Ramón Foraster eta Borja Pagazaurtundua ziren.

Beharrizanen programari jarraituz, Museoa osatzen duten eraikin bien arteko komunikazio horizontal eta bertikala hobetzeko proposamena egin zen, lotura eta galeria berri banarekin. Era berean, zenbait espazio askatu ziren, bisitariari eskainitako zerbitzuak elkartu eta optimizatzeko (harrera, kafetegia, jatetxea, denda, liburu-denda, liburutegia, sail didaktikoa eta auditoriuma) eta erakusketa-espazioak handitzeko. Era berean, egokitzat jo zen Museoko sarbidea aldatzea, aipatutako sarrera hiriaren erdigunea eta Abandoibarra lotzen dituen ardatzean integratuz. Azkenik, Museoko bulegoak berritu eta lekualdatzeko gomendioa egin zen, bai eta eraikin zaharra klimatizatzekoa ere. Lanon ondorioz, Museoaren azalera 6.450 m2 handitu zen, gutxi gorabehera; eta 14.250 m2-ren gainean egin zen lan. Inbertsio globala 15 milioi eurokoa izan zen, eta finantziazioa Museoa osatzen duten erakundeen eskutik etorri zen: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udaletik, alegia.
Berrikuntza eta handitze lanak amaitu zirenean, Museoak berriz ere inauguratu zituen bere instalazioak, 2001eko azaroaren 10ean.

Bilduma

Pintura, eskultura, paperean egindako obra eta arte aplikatuen artean, Bilboko Arte Eder Museoaren bildumak zortzi mila pieza baino gehiago ditu, XII. mendetik gaur egunera arteko ondare multzo aipagarri batean. Antzinako arteko eta arte moderno eta garaikideko ale garrantzitsuak ditu, eta interes berezia dute Espainiako eta Flandesko eskolako pinturak eta euskal artisten presentzia handiak.

Museoa euskal artisten bildumarik garrantzitsuenaren jabe da, eta, hori horrela, erreferentziarik handieneko instituzioa da, dituen fondo dokumentalengatik, ikerketa arloko tradizioagatik eta artistenganako hurbiltasunagatik. Manuel Losada margolari bilbotarra izan zen Museoaren sustatzailerik sutsuenetako bat eta lehenengo zuzendaria, eta Aurelio Arteta, hau ere margolari bilbotarra, Bilboko Arte Modernoko Museoaren lehenengo zuzendaria izan zen. Dagoeneko ehun urte dituen historian zehar, erakunde biak fusionatu egin ziren eta gaur egungo Museoa sortu zen. Ordutik hona, jardunean egon diren euskal artista garrantzitsu guztiek, Zuloagatik hasi eta Chillidaraino, lotura berezia izan dute Museoarekiko. Bakoitzak bere moduan, laguntza handia eman dute Museoaren sendotzea eta hazkundea ahalbidetzeko, kudeaketa arloan parte hartuz edo artelanak dohaintzan emanez.

Museoko aretoetatik oinarrizko ibilbidea eginez gero, Bermejo, Benson, Mandijn, Vredeman de Vries, De Vos, Moro, Sánchez Coello, Greco, Pourbus, Gentileschi, Ribera, Zurbarán, Van Dyck, Murillo, Arellano, Meléndez, Bellotto, Goya, Paret, Villaamil, Ribot, Zamacois, Madrazo, Gauguin, Cassatt, Sorolla, Guiard, Ensor, Regoyos, Romero de Torres, Zuloaga, Sunyer, Arteta, Gutiérrez Solana, Vázquez Díaz, Lipchitz, Delaunay, González, Gargallo, Bacon, Palazuelo, Oteiza, Chillida, Caro, Millares, Tàpies, Saura, Lüpertz, Kitaj, Blake, Arroyo, eta Barcelóren, lan bikainak ikusiko ditugu, besteak beste.