BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Joaquín Sorolla
Valencia, 1863-Cercedilla, Madrid, 1923
1893
Olioa mihisean, 103,5 x 122,5 cm
Bilboko Udalaren ekarpena, 1913
Joaquín Sorollaren hasiera artistikoak XIX. mendearen amaierako Espainiako akademizismoari lotuta daude. 1879an, Valentziako San Karlos Akademian ikasi zuen, eta, handik, Madrilera joan zen 1881ean. Une hartan, Velázquezen lana deskubritu zuen, horrek sekulako lilura sortuz berarengan. Pentsio bati esker, Erroman jarri zen bizitzen 1885eko hasierako hilabeteetan, eta, gero, Parisera joan zen, non abangoardia artistikoaren eragina jaso zuen. 1890eko hamarkadan, kritika sozialeko obrak eta obra kostunbristak egin zituen. Ondoren, estilo pertsonalagoa garatu zuen, eta, bertan, argia zen nagusi, normalean argi laua. Hori dela eta, inpresionistetatik urrundu egin zen eta arrakasta handia lortu zuen nazioartean, batez ere hondartzen gaineko margoekin. 1890etik aurrera, Madrilen bizitzen zegoelarik, Sorolla sendotuz joan zen artistikoki. "Erlikiari musu ematen" lana egin zuen garaian, izandako ikasketa desberdinak uztartu eta bere estilo propioa lantzen hasi zen, eta, kasu honetan gertatu zitzaion bezala, arrakasta handia izan zuen: hirugarren mailako domina Parisko Aretoan, aipamen bera Vienako Nazioarteko IV. Aretoan (1894an), eta, gero, lehenengo domina Arte Espainiarraren Bilboko Erakusketan. Denbora horretan, Sorollak marrazkiaren trebezian, deskribapen zehatzean eta argiaren eta kolorearen erabilera inteligentean oinarritu zituen bere konposizioak, gai kostunbristak eta, batzuetan, gai anekdotikoak ere landuz, burgesiaren gustuen arabera. Valentziako San Pablo elizako alboko kapera batean, parrokoak erlikia bat aurkezten du, fededunen prozesio batek gurtu dezan. Irudian, fededunak zain daude, erlikiari musu emateko. Horrek mezaren amaiera markatzen du, eta, une horretan, eliz mutil batek "estanpatxoak" saltzen ditu. Keinu horrek lanaren izaera kostunbrista nabarmentzen du. [J.N.G.]

Kontserbazioaren eta zaharberritzearen esparruko ikerketaren helburu nagusia bildumako lanak sakonean ezagutzea da; modu horretan, gainera, egileengana hobeto hurbiltzeko aukera dago. Ikerketa dokumentaletik abiatuta, gero ikerketarako zenbait teknika aplikatuta, eta metodo zientifikoaren bitartez, artelan bakoitzaren historia materialari eta teknikari buruzko oso informazio zehatza lortu daiteke.
Erabilitako ikerketa-teknikei dagokienez, besteak beste, argiztapen mota desberdinekin egindako ikerketak nabarmendu behar dira, eta, horien artean, argi ultramorearekin egindakoak; izan ere, argi mota horrek artelanaren azalerako elementuei buruzko informazioa ematen du –batez ere, bernizei eta jatorrizkoak ez diren ukituei buruz–. Erreflektografia infragorriak geruza piktorikoaren sakoneko mailetara sartzeko aukera ematen du, eta marrazkia ikusten laguntzen du. Erradiografiak artelanaren egiturazko eta eraikuntzazko arlo guztiei buruzko informazioa ematen du, maila guztietan, pelikula piktorikotik hasi eta euskarriraino. Ikerketa estratigrafikoak materia piktorikoa osatzen duten geruzei eta geruza horien kokapenari buruzko informazio zehatza ematen du, eta, beraz, artistak lan egiteko zeukan moduari buruzko informazioa ere ematen du. Sarritan, sistema hori azterketa kimikoko zenbait teknikarekin lotzen da, eta, modu horretan, pigmentuen, kargako materialen, aglutinatzaileen eta bernizen izaera zehatzari buruzko informazioa lortzen da. Era berean, mihise gisa erabilitako ehunak identifikatu daitezke, bai eta euskarrietako eta eskulturetako egurrak ere.
Informazio hori biltzeko, sarri askotan, adituen diziplinarteko lankidetza behar izaten da, eta, lan hori egiteko, irizpide zientifikoak erabiltzen dira Kontserbazio eta Zaharberritze Sailean. Modu horretan, ikertzen ari garen artelanaren kontserbazio egoera ebaluatu daiteke, patologia posibleak diagnostikatu daitezke eta tratamendurik egokienak finkatu daitezke. Baina, beste muturrera jota, egileak lan egiteko zeukan modu zehatzera hurbildu gaitezke, eta, gainera, haren lanaren arlo estilistiko eta kontzeptualak ere ulertu ditzakegu. Laneko teknika eta metodologia horiek oso informazio aberatsa ematen dute, eta, horrela, artelan bat historiako aro jakin batean kokatu daiteke edo artista baten ibilbidearen berri jaso daiteke. Azken batean, datu horiek funtsezkoak dira ondasun kulturalak ikertu edo horien gaineko esku-hartzeak egiteko orduan.