BILDUMA IRAUNKORRA
Gomendatutako ibilbidea
Paul Gauguin
París, Frantzia, 1848-Atuona, Islas Marquesas, 1903
1888
Olioa mihisean, 74 x 92 cm
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena, 1920
Latsariak Arlesen Frantziako herri horretan izan zen pintatua. Izan ere, 1888. urtearen amaieran, Gauguin bertara joan zen, Vincent van Goghek hala eskatuta (talde artistiko bat sortu nahi zuen). Lanak argi erakusten du margolariak garai hartan zeukan interesa, eta, hori dela eta, lehentasuna ematen dio adierazpenari, errepresentazio formalaren gainetik. Modu horretan, betiko apurtu zuen inpresionismoarekiko lotura. Ideario horren (Gauguinek "sintetismo" terminoa eman zion) ezaugarri nagusia da natura ez dela modu mimetikoan islatzen, perspektibari uko egin eta estanpa japoniarretik etorritako hirugarren dimentsioa albo batera uzten dela, eta kolorea plano handi eta kontrastatuetan banatzen dela, lerro ilun baten bidez. Koadroaren elementu aipagarrienak fondoaren abstrakzioa, mugimendu itxura, elementu batzuk ebakitzen dituen enkoadraketa fotografikoa, silueta iluneko forma lauak eta kolore hutseko guneak dira. Figuren distortsioak eta hieratismoak Bretainiako elizetako harrietan egindako estatua zakarren eragina erakusten dute. Pinturan modu berantiarrean hasita, XIX. mendeko azken hamarkadetan, Gauguin liderra izan zen ezaugarri inpresionisten eraldaketan, adierazpiderik subjektiboenetan. Pont-Aven edo Arlesera, eta, bereziki, Hegoaldeko Itsasoetara egindako bidaiek modu esanguratsuan markatu zuten bere hizkera artistikoa. Alde batetik, Polinesiako koloreen eta argiaren intentsitateak, eta, bestetik, gizarte indigenaren eta naturaren arteko harreman estuak, liluratuta utzi zuten artista. Hori horrela, paraje exotikoak eta Bretainia zein Tahitiko sinesmen primitiboak, Van Gogh lagunaren adierazkortasun piktorikoarekin batera, bere ideiak gauzatzeko erreferentzia nagusiak izatera heldu ziren. Gainera, grabatuak, zeramikak eta, Hiva-Oa uhartean eman zituen azken urteetan, eskulturak ere egin zituen. [J.N.G.]

Museoko txartel-leihatilan txartelak daude gure bisitarien esku. Bertan, goraipatu, kritikatu, galdetu, iradoki... egin dezakezu; azken batean, Museoaren jardueraren gaineko edozein alderdiri buruzko iritzia eman dezakezu. Beti dago norbait beste aldean, eta iritzi guztiak kontuan hartzen dira.
Azken urteotan, gure bisitarien ideietako batzuei esker hobera egin dugu. Hona hemen adibide batzuk:
Azken urteotan, gure bisitarien ideietako batzuei esker hobera egin dugu.
Hona hemen adibide batzuk:
Gurpil gainean
Bilboko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen Sailarekin hitz egin genuen, Museoaren inguruan bizikletak aparkatzeko gune bat eskatzeko, eta dagoeneko bizikletan etor zaitezke!
Irekita igandeetan
2007ko urriaz geroztik, Museora etortzea eta arteaz gozatzea plan ona da igande baterako, baita arratsaldez ere: 10:00etatik 20:00etara daude irekita ateak.
Irisgarritasuna
Joan den mendearen erdialdeko eraikin bat eta hirurogeita hamarreko hamarkadako beste bat, zeintzuetara harmailadien bitartez iristen zen eta eskaileren bitartez ibiltzen zen... 2001ean sarbideak aldatu ziren; arrapalak, igogailuak eta komunak egin ziren; auditorioan eserlekuak libre utzi ziren; seinaleztapena aldatu zen... Betearazitako Irisgarritasun Planari esker, oztopo arkitektonikoak desagerrarazi egin ziren.
Aulki bat, mesedez!
Lehenengo, banku kopurua gehitu genuen, eta, ondoren, aulki tolesgarriak jarri genituen jendearen esku. Gero, bisitan zehar atseden hartzeko lekuak sortu genituen; bertan, gainera, artearen zaleek bildumaren esku-gidak edo erakusketetako katalogoak dituzte eskura. Eta are gehiago: 2008an, eraikin zaharreko bigarren solairuko “irakurketa gunean” euskal arteari buruz daukagun www.bd-arteder.com datu-baserako sarbidea duen ordenagailua jarri genuen.