El Corte Inglés Bilbaorekin dugun lankidetza 1990ean hasi zen; geroztik, urtero babesa ematen du Museoaren bildumako artelan bat zaharberritzeko. 2000. urtean, konpromiso horrek maila handiagoa hartu zuen, Zaindu–El Museo Restaura programa martxan jarri zenean.

Modu egonkorrean, programa horrek kontserbazio eta zaharberritzerako tratamenduak aplikatzen ditu bildumako zenbait artelanetan: pinturak, eskulturak, paperean egindako lanak edo arte aplikatuen ataleko zein “fondo ezkutuko” piezak dira, hau da, duten kontserbazio egoera txarra dela-eta, normalean jendaurrean jartzen ez diren piezak. Artelanen kontserbazio fisikoaren aldeko lan argia egiteaz gain, programa hau funtsezko elementua da artelan horiek hobeto ezagutzeko orduan; izan ere, ezkutuko arloak lantzeko aukera ematen du, arlo horiek oso garrantzitsuak izaten baitira artelan bakoitza modu zuzenean katalogatzeko eta egilearen teknikan sakontzeko.

Lankidetza oparoko bi hamarkada igaro dira, eta, horrenbestez, Museoko programarik sendoenetakoa da. Bertatik lortutako emaitzak beti dira interesgarriak, berdin komunitate zientifikoarentzat zein artezaleentzat. Urtero-urtero, lehenengo eta behin, tratamendua jasotzeko aukeratutako lanak aurkezten dira, eta urte amaieran, berriz, lanaren emaitzak plazaratzen dira, zaharberritutako lanak erakutsiz. Horrekin batera, solasaldi jendetsua antolatzen da, zaharberritze prozesu osoa aztertu ahal izateko.

2010. urte honetan tratatuak izateko aukeratutako lanen artean, Francisco Javier Gardoqui kardinalaren erretratua nabarmendu behar da. José de Madrazok (Santander, 1781–Madril, 1859) pintatu zuen Erroman, 1816an, eta margolariaren produkzio osoko erretraturik esanguratsuenetako bat da. Euskal artearen bildumatik, Azokara (1913-1915 ingurukoa) aukeratu da; izan ere, Aurelio Artetak (Bilbao, 1879–Mexiko DF, 1940) Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) Munoa jauregirako egindako pintura-ziklo baten parte da. Arte garaikideko fondoetatik, Andrés Nágelen (Donostia–San Sebastián, 1947) produkzioaren bi lan aukeratu dira, Bilboko lagunak eta Galerista madrildarrak Benidormen. Ezkutuko fondotik, igeltsuz egindako erliebe eder bat zaharberrituko da: Amatasuna; Nemesio Mogrobejok (Bilbao, 1875–Graz, Austria, 1910) egin zuen Parisen, 1895ean. Museo honek lanaren brontzezko bertsioa dauka. Normalean erakusten ez diren lanen fondokoak dira, era berean, Joan Gonzálezen (Bartzelona, 1868–1908) hamabi marrazkiak; paisaiak eta pertsonaiadun eszenak dira, eta tratamendua jasoko dute.

Lan hauek abenduan aurkeztuko dira zaharberrituta.

Con la colaboración del Corte Inglés

Zaharberritutako artelanen aukeraketa

Antzinako artea

  • Diego de la Cruz, Cristo de Piedad, c. 1485.
  • Pieter van der Werff, Sanson eta Dalila, XVII. mendearen amaiera.
  • Anonimoa flandestarra Santua Santa Isabelekin, San Joan Bataiatzailea umearekin eta bi aingerurekin, 1518 baino geroagokoa
  • Jan Gossaert, Familia Santua, c. 1525-1530.
  • Martín de Vos, Europaren bahiketa, c. 1590.
  • Murillo, San Lesmes, c. 1655.
  • Claudio Coello, Teresa Francisca Mudarra y Herrera andrearen erretratua, c. 1690.
  • José de Madrazo, Francisco Javier Gardoqui kardinalaren erretratua, c. 1816.

Euskal artistak

  • José María de Ucelay, Conversation Piece, Cum Tiffin (Hizketaldi baten eszena, hamaiketakoa) edo Urrutia eta Aranoa, c. 1951.
  • José María de Ucelay, Conversation Piece, Just Leisure (Hizketaldi baten eszena, aisialdia) edo Hemingway eta Duñabeitia, 1957.
  • Gustavo de Maeztu, Itsasoko emakumeak, c. 1916.
  • Eduardo Zamacois, Bufoiak cochonnet-jokoan, 1868.
  • Anselmo Guinea, Kristaua!, 1897.
  • Aurelio Arteta, Baserrira, c. 1913-1915.
  • Aurelio Arteta, Azokara, c. 1913-1915.
  • Aurelio Arteta, Sardina-saltzailea eserita, c. 1913-1915.
  • Valentín de Zubiaurre, Bertsolariak, c. 1916-1917.
  • Nemesio Mogrobejo, Amatasuna, c. 1895

Arte garaikidea

  • Pablo Palazuelo, IV. errima, 1958.
  • Andrés Nagel, Bilboko lagunak, 1980.
  • Andrés Nagel, Galerista madrildarrak Benidormen, 1982.
  • Andrés Nagel, Zentauroren bahiketa, 1984.
  • Rafael Balerdi, Gran jardín, 1966-1974.
  • Mimmo Paladino, Mozarten mihia, 1985.
  • Cristina Iglesias, Izenbururik gabea, 1985.

Paperean artelanak

  • Alberto Durero, Hormako Ama Birjina, 1514.
  • Carlos Sáenz de Tejada, Milizianoak Extremaduran, 1936.
  • Carlos Sáenz de Tejada, Euskal herrixka 1936an, 1936.
  • Francisco de Goya, Atsotitzak, 1864 argitaraldi.
  • José Arrúe, Aurresku eliza aurrean, XX. mendea Lehen laurdena.
  • Antoni Tàpies, Zeinua eta materia 3-D, 1961.
  • Joan González, Les 4 oliviers (4 olibondoak), 1902–-1906.

Dekorazio-arteak

  • Anonimoa alemaniarra , Idazmahai eta Bufete, XVII. mendea Bigarren zatia.