X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

21|01|20 Arte Ederren Museoak eta Eleiz Museoak bat egin dute Bizkaiko ondare artistikoa ikertzeko eta hedatzeko lehenengo lankidetza-akordioaren bitartez

 

Juan Mari Aburtok, Bilboko alkate eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren presidenteak, eta Joseba Segurak, Bilboko elizbarrutiko gotzain administratzaileak, Arte Ederren Museoaren eta Eleiz Museoaren arteko Lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute gaur goizean. Ekitaldian izan dira bi museoetako zuzendariak, Miguel Zugaza eta Juan Manuel González Cembellín, Gorka Martínez BBKren zuzendari nagusia, eta baita Begoña de Ibarra Zuazo Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia ere.

Bi museoek gaur izenpetutako hitzarmenak oinarria finkatu du biek ala biek lankidetza estuan jarduteko, helburu nagusia izanda Bizkaiko ondare artistikoa hobeto ezagutzea eta gehiago zabaltzea, hurrengo bost urteetan gauzatuko den interes publikoko jarduera-egitarau baten bidez. Lan-ildo nagusiak hainbat diziplina museografikoren inguruan ardaztuko dira: kontserbazioa eta ikerkuntza, aldi baterako erakusketak eta kultur bitartekaritza.

Asmoa da, bi museoek partekatuko duten askotariko egitarau zabalaren bidez, nabarmen hobetzea bien bildumen gaineko ezagutza zientifikoa, baita, hortik abiatuta, lurraldearen garapen historikoan izandako funtsezko zenbait uneren gainekoa ere. 

Modu horretan, eta erakundeen arteko lankidetzarako grinari jarraituz, arte historikoaren alorrean Bilbon dauden bi museo garrantzitsuenek konpromisoa hartu dute elkarrekin garatu ditzaketen proiektu eta jarduerak identifikatzeko, eta helburu hori betetze aldera beharrezkoak diren aliantzak sortzeko beste museo eta erakunde batzuekin. Eleiz Museoak, bere egoitzan dituen bildumak ez ezik, proiektuaren eskura jarriko du elizbarrutiak Bizkaiko lurraldean duen ondare higigarri guztia ere.  

Egitasmoak hainbat ikerkuntza-ildo izango ditu ardatz, Bilbo eta Bizkaiaren historiako momentu esanguratsuei buruzkoak eta lurraldearen hazkundea hobeto ulertzen lagunduko dutenak, aro modernotik aro garaikidera. Alde batetik, jorratu egingo da XVI. eta XVII. mendeetan Flandriarekin egindako arte-truke oparoa, Bizkaiko portuek Herbehereekin zuten harreman komertzial biziaren ondoriozkoa.  

Bigarren lan-ildoan, aztertu egingo da Bilbok eta Bizkaiak XVIII. mendean nozitu zuten eraldaketa handia, Luis Paret lekuko pribilegiatua zela. Beste une historiko bat jorratuko da elkarlanean: arte erlijiosoaren garapena XIX. mendetik aurrera eta XX. mendean zehar, modernotasunaren eta abangoardiaren artean.

 

Luis Pareti buruzko erakusketa partekatua

Elkarlan horren lehenengo fruitua bi egoitzetan egongo den erakusketa bat izango da, Luis Paret y Alcázar (Madril, 1746-1799) margolariaren omenezkoa. Udan aurkeztuko da, BBKren babesari esker. Pareten bidez, eta hark Bilbon egindako egonaldi labur baina distiratsuaren bidez (1779 eta, gutxienez, 1787 bitartean), azaldu egingo da zer testuingurutan sortu zen modernotasuna, pentsamolde ilustratu berria sustatu zuten erakundeen eraginez. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearenaz, besteak beste.

Paretek egindako margo eta diseinuak bitarte, ibilbide bat egingo da Bilbo ilustratuan zehar, elkarrekin lotuz Deustuko Erribera eta Atxuri, hau da, itsasadarraren muturrak. Proiektuan, museo bakoitzak Pareti eta XVIII. mendeko arteari buruzko erakusketa beraren zati bi aurkeztuko ditu. Arte Ederren Museoak haren gai profanoko lanak jasoko ditu, barne hartuta Bilbora egindako bisita ezagunak eta hiriko eraikin bereziekin zerikusia duten dekorazio-proiektuak eta proiektu arkitektonikoak. Bere aldetik, Eleiz Museoak margolari madrildarraren hainbat lan erakutsiko ditu, erlijio-gaiak ardatz.  

Bi museoetan egindako erakusketa horrekin batera hiri-ibilbide bat sortuko da, Pareten margolanetan agertzen diren gune garrantzitsuenak elkartuz. Haren koadroen hainbat kopiak aukera emango diete oinezkoei Olabeagako eta Areatzako ikuspegia kokatzeko, ustez margotu ziren lekutik ahalik eta hurbilen. Era berean, identifikatu egingo dira Paretek Bilboko Zazpi kaleetan egindako sorkuntza nagusiak, hala nola bertako iturriak eta Done Jakueko basilikarekin zerikusia duten lanak. Ibilbidea egiteko modu bi egongo dira: alde batetik, nork bere kasa, planoarena egingo duen gidaliburu labur batekin; bestetik, gidatutako programa baten bidez.

Azkenik, lankidetza-hitzarmenak Eleiz Museorako doako sarrera ere jasotzen du Bilboko Arte Ederren Museoko Lagunentzat; dagoeneko onura atera diezaiokezue aukera horri.