X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

20|05|28 A(r)teak zabalduz


BBK-Bilboko Arte Ederren Museoa programa Txango bat museoaren YouTube-ko kanalean estreinatu zen eta BBK aretoan ere proiektatzen da urriaren 12ra arte..

Martxoaren erdialdean sortutako osasun krisia dela-eta, itxi egin behar izan dira kulturguneak, eta, azken asteetan, barne gogoeta sakona egin du Bilboko Arte Ederren Museoko lan taldeak. Azken hilabeteetan gauzatutako lanari buruz eta agertoki eta erronka berriei buruz hausnartu du, horiek definitzeko eta, ziurgabetasun handia egonik ere, horiei erantzun ahal izateko.

Eta, erantzun gisa, erronka berezi bat sortu zen: museo hutseko bilduman barrenako ibilbide bat, Jon Maya Sein dantzari eta koreografoak eta Kukai Dantza taldeak dantzaren, musikaren eta kantuaren bidez ezin hobeki interpretatua.

Bestelako gorputz eta hots batzuek gidatuko gaituzte, oraingoan, Kirmen Uribe idazleak sortutako kontakizun bereziaren arabera –ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa–  hautatu eta antolatutako bildumako artelanak gordetzen dituzten aretoetan barrena. Halaxe sortu da 19 minutuko iraupena duen ikus-entzunezko kontakizun zoragarri bat –museoko aretoetan barrenako plano sekuentzia bat ia–, koadroen eta eskulturen esanahi berri eta ezkutuak erakusten dizkiguna, dantzaren eta musikaren eskutik.

Kukai Dantzak honela deskribatu du egindako lana: "Une ezohiko honetan, bestela ikusten dira museoak. Bestelako doinu bat dute. Dena hautematen da ohikoaz bestelako modu batean. Artistak eta bisitariak modu berri batean agertzen dira museoaren aurrean.

Erronka hauxe proposatzen dugu, bada: Bilboko Arte Ederren Museoaren alfabetoan barrenako txango berezi bat, Kirmen Uribe idazleak museoaren bildumarako garatu duen bidaia kontzeptual zoragarriaren irakurketa berri bat. Jolas gaitezen bakarrak izatera, museoa bakardade horretatik begiratzera eta entzutera, obrek eta espazioek esan nahi diguten hori sentitzera".

Sorkuntza esperientzia berri honetatik, museoak eta BBK-k –proiektuaren bultzatzaile gogotsuak– erakusketaren bisitari bakar bihurtzea proposatzen diete ikus-entzuleei: aretoetan sartzen den lehen pertsona izatea, eta, sorkuntza honek gidatuta, museoko galerietan modu ezohikoan murgiltzea, Bilboko Arte Ederren Museoa birbisitatzea eta artearen muinera bidaia egitea.

Fitxa artistikoa
Zuzendaria: Jon Maya Sein
Dantzariak: Alain Maya, Eneko Gil, Leire Otamendi, Urko Mitxelena
Musika: Maite Larburu & Carlos Taroncher
Ikus-entzunezko sorkuntza: David Bernués
Soinu kontzeptua: Xabier Erkizia
Koordinazioa eta produkzioa: Doltza Oar-Arteta
KUKAI DANTZA

Kukai Dantza taldea Errenterian sortu zen (Gipuzkoa), eta hantxe du egoitza. Jon Maya Sein dantzari eta koreografoaren ekimenez sortu zen, 2001ean. Kukaik sorkuntza garaikideak egiten ditu euskal dantza tradizionala abiapuntu hartuta, eta beste hizkuntza artistiko eta dantza estilo batzuekiko topaketa bultzatzen du.

"Deiadarra" koreografia laburrarekin eman zion hasiera bere ibilbideari. Harrezkero, hainbat lan ildo uztartzen dituen proiektu artistiko bat garatu du. Tanttaka Teatroa taldearekin duen harreman estuak, esaterako, hizkuntza oso bereziko zenbait proiektu eszeniko sortzeko bidea eman du. 2008an, sorkuntza bide berri bati hasiera eman zion, nazioarteko koreografoak taldera gonbidatuz. Hala, Kukai Dantzak proiektu ugari landu ditu itzal handiko zenbait koreograforekin: Marcos Morau, Israel Galvan, Cesc Gelabert, Sharon Fridman, La Intrusa Danza, Ione San Martin...

Taldearen bereizgarrietako bat hizkuntza, espazio eta gertaera berezietara egokitzeko gaitasun aparta da; hain zuzen ere, lan artistikoak egin ditu zinemarekin, arkitekturarekin, modarekin, gastronomiarekin eta abarrekin loturiko askotariko testuinguruetan.

Era berean, aipatzekoak dira Kukai Dantzak musikari ospetsuekin egindako lankidetza ugariak: Oreka Tx, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Carlos Núñez, Iñaki Salvador eta Juan Mari Beltranekin aritu da, besteak beste. Taldeak Errenterian du egoitza; han, publikoak sentsibilizatzeko eta sortzeko proiektu bat garatzen ari da herriko udalarekin batera. Gizarte esparruan, bestalde, integrazioa, prestakuntza eta solidaritatea ardatz duten proiektuak garatzen ditu, dantza abiapuntu harturik.

Kukai Dantzak sari asko irabazi ditu bere ibilbidean zehar. Horien artean, bereziki azpimarratzekoak dira 2017ko Dantzako Sari Nazionala, 2017ko Dantza Ikuskizun Onenaren Max saria eta 2015eko eta 2017ko Dantzari Zerrenda Onenaren Max sariak, 2016ko Leioako Umore Azokako Ohorezko Saria, 2014ko eta 2016ko Huescako Antzerki eta Dantza Feriako Dantza Ikuskizun Onenaren sariak, Valladolideko Kaleko Arteen Jaialdiko aipamen berezia eta 2003ko Donostiako Antzerki Saria.