X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

18|12|17 A(r)teak zabalduz: Ate irekien jardunaldia / Mendebaldeko galerian ingurumena lehengoratzea / Antzinako eraikinean gabonetako argiak jartzea

Iberdrolak eta museoak partekatzen duten ingurumenarekiko konpromisoaren ildoaren barruan, azken hilabeteotan lanean jardun da museoa berritzeko egindako azken proiektuak (Luis M.ª Uriarte arkitektoak gauzatu zuen, 2001ean) arkitekturaren eta natur ingurunearen artean ezarritako jatorrizko eztabaida lehengoratzeko. Une hartan, kristalezko galeria berri bat eraiki zen, antzinako eraikinaren adreiluzko horma opakuari atxikita, mendebaldeko fatxadan; ordutik, museoaren bi eraikinak lotzen ditu.

Uriartek idatzi bezala: "[ideiaren] oinarria zen Urrutiaren pieza horma opaku osoan zehatz jartzea, Casilda Iturrizar parkeari beirazko ikuspegia emateko, modu horretan, barnean gordetzen zuen gaueko jardueraren zatiak proiekta zitzan edo, bestela, inguruko natura indartsuaren begirada bitxia edo ekinaldia –ehunka urteko gaztainondoak ispiluan eragindako apurketa barne– bueltatu zitzan egunez, gardentasun zilarbiziztatuan islatuta...".

Hortaz, museoaren arkitekturak inguruko "natur museoari" –115.200 metro koadroko ondare berdea, bost kontinenteetatik ekarritako 70 espezie baino gehiago biltzen dituela– dion errespetuak modu positiboan baldintzatu zuen berritze lanen garapena, jatorrizko zuhaitza identitate-ikur gisa txertatuz.

Urte batzuk geroago zuhaitza hil zenean, lotura bitxi hori galdu egin zen; orain, Bilboko Udalaren Lorezaintza Zerbitzuaren lankidetzari esker, berreskuratu egin da, Indi gaztainondo zuri berri bat (Aesculus hipocastanum) landatuta jatorrizko tokian; hazten doan neurrian, jarraipena egingo zaie zuhaitzari eta beiratearen tarterantz hazten ari den adarrari.

Museoak Gabonetako argiekin nabarmendu nahi izan du lehengoratze-lana: antzinako eraikinaren jatorrizko fatxadan jarri dira, jatorrizko sarrera gogora ekartzen duen keinua eginez. A(r)teak zabalduz lelopean, museoa dohainik zabalik egongo den 110 orduetan egongo da ikusgai, abenduaren 24tik (astelehena) urtarrilaren 7ra (astelehena) bitartean (abenduak 24 eta 31, 10.00etatik 14.00etara; abenduak 25 eta urtarrilak 1 eta 6, itxita).

 

Iberdrola, gizartearekin konprometituta

Iberdrolak, sortu zenetik bertatik, konpromisoa hartu du presente dagoen komunitateen garapen energetiko, kultural eta sozialarekin. Ildo horretan, konpromiso horren barruan egindako beste urrats bat irudikatzen du Iberdrola Espainia Fundazioak, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak sustatuz. Garapen kulturala da jarduera hori ardazten duen arloetako bat, eta aberastasun kultural eta artistikoaren zaintzan eta mantentzean dago oinarrituta.

Esparru horretan kokatzen da Arte Ederren museoarekiko kolaborazioa. Horren barruan daude Kontserbazio eta Zaharberritze Programa; artelanen kontserbazio eta zaharberritzearen alorreko prestakuntza eta ikerketa beka, eta museoaren bilduma ezagutarazteko jarduera didaktikoak garatzeko laguntza, behar bereziak (ikusteko desgaitasuna edo desgaitasun kognitiboa) dituzten edo gizarteratzeko programetan dauden bisitariei zuzenduta

 

 

logotipo de Iberdrola

Zerrendara itzuli