X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

19|10|09 Azken erosketak eta dohaintzak

ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketaren testuinguruan, Museoak azken bi urteetan erosi eta dohaintzan jasotako hemeretzi lanen aukeraketa bat aurkezten du

112 urteko historian, Bilboko Arte Ederren Museoak identitate-zeinu nagusiak mantendu ditu, tartean, bilduma aberasten jarraitzeko borondatea, garaikidetasunarekiko eta arte-komunitatearekiko konpromisoa, eta zenbait bildumagile, artista eta erakunderen babes egiaztatua –artelanen dohaintza ugariak dira horren froga–. 2019an, museoak berriz ere ekin ahal izan dio erosketa-programari, 300.000 euroko aurrekontua eman baitute hiru erakunde fundatzaileek, alegia, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak. Bestalde, bi urte hauetan jaso diren dohaintzen balioa 3.000.000 eurotik gorakoa da.
Modu horretan, azken bi urteetan, pintura, eskultura, paper gaineko obra eta funts dokumental ugari erosi eta jaso dira dohaintzan. Batzuk jendaurrean aurkeztu dira dagoeneko; beste batzuk ikusgai daude orain lehen aldiz, bildumaren erakusketa-diskurtsoan txertatutako hautaketa batean, ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketaren barruan.

Dagoeneko ezagunak diren obren kasuan, komeni da gogora ekartzea Martín García-Urtiagaren eta Mercedes Torronteguiren ilobek haien oroimenez 2018an dohaintzan emandako Richard Serraren Bilbao eskultura (1983), baita Alicia Koplowitz Romero de Juseu andreak dohaintzan emandako Luis Pareten Maitasunaren garaipena Gerraren aurrean I (1784) lana ere. Egile beraren Bermeoko bista lanak, Museoaren Lagunen ekarpenari eta BBKren babesari esker 2017an eskuratutakoak, agerian uzten du gizarte zibilak eta askotariko erakunde eta entitateek bildumaren ondarea areagotzeko lanean duten inplikazioa.

Aparteko aipamena merezi du Eduardo Arroyok gure museoari dion atxikimenduak; izan ere, 2017an paper gaineko hamar obra eta bi eskultura eman zituen dohaintzan: Tiranoa eta Joséphine Baker (biak 2016koak); gaur egun, C aretoan (ciudadano) daude ikusgai. 2018an, hil baino apur bat lehenago, 115 estanpako beste multzo bat eman zuen dohaintzan. Museoarekin lotura berezia duten artisten dohaintzen artean, nabarmentzekoa da, halaber, Mari Puri Herrerorena; izan ere, 2018an 12 grabatu-xafla eta estanpa bat eman zituen.

Beste pieza garaikide bat dago ikusgai ibilbidearen Q aretoan (quiet): Izenbururik gabea (2011); eskaiola eta egurrezko pieza bat da, 2018an Arte Plastikoen Sari Nazionala eskuratu zuen Ángel Bados eskultorearena.

Azkenik, Bakioko baserritarra (1888) lanaren erosketa nabarmentzen da. Adolfo Guiarden ibilbideko pintura enblematiko hau Obra Gonbidatua programaren parte izan zen 2016an.

Erosi edo dohaintzan jaso diren eta lehen aldiz aurkezten diren artelanen artean, azpimarratzekoak dira EMAK programakoak; museoaren ekimen horrek emakumezko artisten lana ikusgarri jarri nahi du. Helburu horrekin, emakumezko zenbait artistaren piezak eskuratu dira: Isabel Baquedanoren pieza batzuk –hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako bi pintura, urriaren 30etik aurrera ikusgai, Museoa pintore honen inguruan antolatzen ari den atzera begirako handian–; Elena Mendizabalen pieza batzuk Adatsa (1986), "68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018"erakusketan (2018-2019) ikusgai egon zena–; eta, horiekin batera, beste artista hauenak ere bai: Miren Arenzana, Nadia Barkate, Gema Intxausti, María Luisa Fernández eta Idoia Montón.

Euskal arteak bilduman duen presentzia aberasten duten beste erosketa batzuk dira José Ramón Anda eta Pablo Milicua artisten lanak. Nicolás de Lekuonaren bi argazki-muntaketa eta 16 argazki erosi dira; horren ondorioz, artistaren pintura bat eta haren objektuen multzo esanguratsu bat jaso dira dohaintzan.

Inguruko bildumagileen eskutik, Remigio Mendibururen bi eskultura eta Pablo Gargallok egindako Picasso gaztearen terrakotazko erretratua jaso dira dohaintzan.

Azkenik, Paul Gauguinek 1891n akuafortean grabatutako Mallarméren erretratua dago ikusgai.

 

Erantsitako artxiboak

Zerrendara itzuli