X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

12|02|06 BBK Fundazioak berritu egin du museoarekin zeukan lankidetza-hitzarmena


Iñaki Azkuna Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren presidenteak eta Mario Fernández BBK Fundazioaren presidenteak Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten otsailaren 6an (astelehena). Horren bitartez, BBK/Museoa Programaren jarraipena bermatuta geratu da; hain zuzen ere, hori da erakunde pribatu batek museoan babesten duen ekimenik handiena.

Lankidetzak 2,45 milioi euroko zuzkidura izango du, hiru urtetan banatuta; modu horretan, aldi baterako erakusketa-programa esanguratsua garatu ahal izango da. Hori horrela, museoko BBK aretoan Guinea, Goya eta Boterori buruzko erakusketak egingo dira 2012an, eta 2013rako, berriz, Basterretxea, Durrio eta Regoyosen atzera begirakoak daude iragarrita. Era berean, erakusketa-eskaintza osatzen duten ohiko jarduera ugariak ere egingo dira.

Lankidetza historikoa

BBK Fundazioa, Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren ohorezko babeslea, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik ari da museoarekin lankidetzan, eta, 1994tik, museoko erakusketa-aretoa BBK Aretoa deitzen da. Erakunde biek 2001ean sendotu zuten euren arteko konpromisoa, Lankidetzarako lehenengo Hitzarmena sinatuz. 2011n, BBK Fundazioak erakusketa eta jarduera ugari babestu ditu, eta, bertan, 223.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. Erakusketa horietako nabarmenena Antonio Lópezi buruzkoa izan da, ia 210.000 bisitarirekin. Orain sinatu den akordioari esker, gutxienez aldi baterako bi erakusketa egin ahal izango dira urtero museoko BBK Aretoan, eta erakusketa bakoitzak hiru hilabeteko iraupena izango du, gutxienez. Akordioari esker, era berean, eskola-umeei, helduei, familiei eta gazteei zuzendutako ibilbide didaktikoak egin daitezke bildumatik eta erakusketetatik. BBK Fundazioak eta museoak BBK-Museoa Ikerketa Beken programa mantentzeko konpromisoa hartu dute. Programa horri esker, bildumako artistei eta artelanei buruzko ikerketak egiten dira. Era berean, Pradoko Museoaren Lagunen Fundazioarekin lankidetzan antolatzen diren hitzaldi-zikloak ere bere horretan mantenduko dira, bai eta BBKren bezeroei zuzendutako jarduera zehatzak ere. Azkenik, museoaren bilduma BBKren eskura jarriko da, museotik kanpoko espazioetan ere aldi baterako erakusketak egin ahal izateko.

Zerrendara itzuli