X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

18|10|03 Eraikin zaharraren zaharberritze museografikoa

1-31 aretoen berrinaugurazioa

110 urte, historia bat

 

Urriaren 5ean, Bilboko Arte Ederren Museoak 110 urte beteko ditu. 1908an fundatu zenetik gaur arte kalitate aitortua duen bilduma osatu du, kronologia nagusitzat XIII. mendetik XX.era bitarteko tartea duena, eta 14.000 artelan baino gehiago ditu (1.621 margolan, 489 eskultura, 884 arte dekoratiboko pieza, 11.152 paper gaineko obra eta ia 3.000 obra gordailuan).

Museoaren sorrerak herritar talde baten ekimenean du jatorria; hiriaren suspertze ekonomikoari berpizkunde kultural batekin laguntzeko asmo noblea izan zuten gidari. Sorrerako une horretan, funtsezkoa izan zen artelanak dohaintzan eman edo gordailuan utzi zituztenen espiritu filantropikoa. Horiei Hiriko Udala eta Probintziako Diputazioa gehitu zitzaizkien, obrak gordailuan utziz eta obrak erosiz museo berrirako (erakunde fundatzaile horiei Eusko Jaurlaritza batu zitzaien 1991ean).

Proiektuak, gainera, tokiko komunitate artistikoaren atxikimendua jaso zuen, Espainiako artearen munduko talde aktiboenetako bat garai hartan, Europako abangoardiarekin konektatua, gainera. Durriorengandik Zuloagarengana, Regoyosengandik Artetarengana, artistek museoari emandako babesa funtsezkoa izan zen, eta hasieratik eman zion garaikidetasun joera bat, historian zehar galdu ez duena.

Egoitza hainbat lokaletan izan ondoren, museoaren antzinako eraikina 1945ean inauguratu zen hiriaren Zabalgune modernoan. Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenas arkitektoen proiektuaren arabera eraiki zen, Juan de Villanuevak 1785ean Prado Museorako pentsatutako ereduak jarraibide zuen errepertorio neoklasikoan inspiratuta.

Eraikinak ele formako oinplanoa dauka, bi solairu artea erakusteko aretoz hornituta, eta soto bat barruko zerbitzuetarako gelekin. Sarrerako atartea, Mogrobejo halla deritzona, nortasun handieneko geletako bat da. Bi koloretako marmolezko zorua dauka, hiru zatitan garatutako eskailera eskerga batek zeharkatzen du, eta kalostra originala dauka. Argi-zulo zenital batetik eta eskailera-buruan dagoen leihate handi batetik datorren argia jasotzen du.

Hegoaldeko hegian, zutabetan bermatutako galeria dinteldu batek indartu egiten du bere bilduma artearen historian oinarrituta erakusteko asmoa zuen eraikin publiko baten sinbolismo klasizista.

 

Eraberritze museografikoa

 

1945ean inauguratu eta 1962an Monumentu Historiko Artistiko izendatutakoa da museoko antzinako eraikina deritzona. Azken hilabeteotan eraberritze sakona egin zaio, Luis María Uriarte arkitektoak zuzenduta; 2001ean egin zen zabaltze-lanaz ere hura arduratu zenez, eraikinaren arkitektura oso ondo ezagutzen du.

Eraberritzearen asmoaren oinarria erakundearen funtsezko betebeharretako baten inguruko gogoeta da: "Bilboko Arte Ederren Museoko antzinako arteko, arte modernoko eta arte garaikideko bilduma erakustea", haren zereginen artean aipatzen den moduan. Bestalde, jatorrizko eraikinaren izaerak mugak ezarri dizkio eraberritzeari, hala kontzeptuetan nola horien gauzatzean, izaera horrek gidatu baitu une oro esku-hartzea.

Premisa horietatik abiatuta, galerien zabaltasun espaziala eta bisuala indartu nahi izan da, jatorrizko argiztatzea errespetatuz: argi zenitala iparreko alboko eta lehen solairuko aretoen estalduran kokatutako argi-zulo zentraletatik zehar, eta albokoa, fatxadara ematen duten aretoetan. Horretarako, eraikina argi naturalera zabaltzea bilatu da, argiaren ordena naturala berreskuratuz, lehen mailan leihateak eta baoak itsutzen zituzten panelak kenduta.

Esku-hartze honek lorategiz hornitutako inguruaren eta testuinguru urbanoaren agerikotasuna ere berreskuratzen ditu museoarentzat. Terraza dintelduko, eraikinaren alboko eta urmaelera begiratzen duen terrazako leihateak, denboraren iragateak hondatuak, ordezkatu egin dira. Azkenik, lehen solairuan argi-zuloak altxatu egin dira, horri esker altuera eta erakusketarako azalera irabazteko.

Jatorrizko zoruaren gainean haritz-egurrezko zorua txertatu izanak indartu egiten du argitze bisualaren xede hori, Markina marmol beltz leunduaren kasuan, distira handikoa eta zain zuri irregularrekoa baita, ohikoak diren islen presentzia nabarmena desagerrarazita. Bi koloretako marmolezko zorua ikusgai dago pasaleku batzuetan, esaterako, eraikinaren bi aldeen arteko lotura egiten duten atarteetan. Horrez gain, arotz-beharren koloreak leundu egin dira, hormetakoekin bat eginda, giro neutroagoa lortzeko.Modu horretan, eraberritze museografikoak eutsi egten dio museoaren jatorrizko izaera arkitektonikoari: bisitariaren neurrira egindako eraikina, lehentasuna ematen diona gordetzen dituen artelanak erakusteari.

 

 

• Esku-hartzearen azalera: aretoak 1.846 m2 (1-15 aretoak: 893 m2, 16-20 aretoak: 316 m2, 21-31 aretoak: 637 m2). Mogrobejo hallaren iztukadura: 370 m2.

• Aurrekontua: 996.565 €, museoaren Patrono Fundatzaileek –Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza– eta BBK-k, Ohorezko Patronoak, finantzatuak.

Zerrendara itzuli