X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

21|11|18 Metro baterako diseinuak

1995ean ireki zutenetik, Metro Bilbao funtsezkoa izan da Bilbo eta inguruko lurraldea ekonomiko eta soziokulturalki biziberritzeko. Hori dela-eta, azpiegitura hau kasu paradigmatikoa da, diseinuak eskualde batean izan dezakeen eginkizun eraldatzaileari dagokionez, mugikortasun jasangarria eta herritarren bizikidetza bultzatuta. Abian jarri eta hogeita bost urtera, gainera, Metro Bilbao administrazioaren, ingeniaritzaren, arkitekturaren eta diseinuaren arteko lankidetzaren eredu da.

Azaroaren 18tik 25era arte Bilbao Bizkaia Design Week 2021 izango denez, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Metro Bilbaok, Gu Design-ekin elkarlanean, erakusketa hau ekoitzi dute, eta joan den astetik Abandoko geltokian dago ikusgai, gero handik beste geltoki batzuetara eramango baita. Erakusketak 14 panel ditu, Metro Bilbaorako diseinatutako osagai nagusien deskribapenak, argazkiak eta elementu grafikoak biltzen dituztenak –geltokiak, fosteritoak, dobelak, argia, tiranteak eta jabaloiak, nasak, altzariak, trena, koloreak, logotipoa, seinaleak eta mapak –, horiek nazioarteko erreferentzia bihurtzen baitute Metro Bilbao.

Metro baterako diseinuak,beraz, Metro Bilbaoren eta museoaren arteko lankidetza-proiektu berri bat da, eta jarraipena ematen dio 2020an –25. urteurrena zela eta– metroaren nortasunaren funtsezko alderdiak ikertu, interpretatu eta hedatzeko abiarazian jarri zen ildoari. Asmo horrekin, museoak Otl Aiher diseinatzaile grafiko alemaniar ospetsuari eskainitako nazioarteko lehen atzera begirakoa aurkeztu zuen (Otl Aicher. Metro Bilbao. Arkitektura eta paisaia. 2020ko azaroaren 5a - 2021eko otsailaren 28a). Bi erakusketen komisario Gillermo Zuaznabarren hitzetan, "Bilboko metroa aparteko lana da eskemaren argitasunagatik, obraren sendotasunagatik eta akaberen kalitateagatik".

Artearen eta Arkitekturaren Teoria arloko irakasle eta ikerlari Zuaznabarrek katalogo elebidunaren (euskaraz eta gaztelaniaz) edizioa ere zuzendu du, erakusketa lagundu eta zabaltzeko. 120 orrialdeko argitalpen horrek azpiegitura osatzen duten osagaien katalogazio zehatza eskaintzen du, baita hura sortzen eta gauzatzen lan egin zuten profesionalen eta enpresen zerrenda eta proiektuaren historiaren berrikuspen kronologikoa ere.

Argitalpenak ehundik gora irudi ditu, eta, horien artean, koloretako 66 argazki daude, José Luis López de Zubiriak estudiorako berariaz eginak. Horrez gain, Aitor Ortizek 1995ean ateratako 12 argazki eta Carlos Golvanzok egindako marrazkiak ere erreproduzitzen dira. Informazioaren zati handi bat lehen aldiz sistematikoki ordenatuta eta xehatuta aurkezten da, eta metroko obran lan egin zuten arkitektoen eta teknikarien zuzeneko testigantzei esker jaso da. Bilboko Arte Ederren Museoak eta Metro Bilbaok ateratako argitalpenak diseinuaren bidez hiria eta bertako biztanleen bizitza eraldatu zituen lan baten azterketa formala eta estetikoa eskaintzen du.

Metro baterako diseinuak

Proiektua Norman Fosterrek egin bazuen ere, Otl Aicher diseinatzailearen lan grafikoa ere badago metroan; gainera, lehen geltokiaren proiektua –Erandio– Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoak egin zuen, eta trenak CAFek ekoitzi zituen. Informazio-panelen bidez, erakusketak zenbait elementu deskribatzen ditu teknikoki, esate baterako, geltokien sarrerak, seinaletika edo altzariak –azken horiek Michael Weissek diseinatu zituen–, bai eta beste gailu batzuk ere, zeinak, erabiltzaileak konturatzen ez badira ere, garrantzitsuak diren lanaren ikuskera orokorrean, haren egikera eta kalitateagatik.

Geltokiak

Bilboko metroaren identitatea definitzen duten geltokiak Norman Fosterrek 1. linean proiektatutakoak dira. Hala ere, urteekin, metroaren azpiegitura lurraldera zabaltzen joan da eta, gaur egun, metropolialdeko 14 udalerri barne hartzen ditu. Geltokiak antolamendu eta tipologia askotakoak dira. Tratamendu orokorretik bereizten diren lau azpimarra ditzakegu: Erandio, Sarriko, Ansio eta Urbinaga.



Fosteritoa

Norman Fosterren taldeak sortutako markesina, zeinaren garapenean Rodney Uren eta David Nelson arkitektoek lan egin zuten, Bilboren ikonoetako bat da, Parisen Hector Guimarden metro-ahoak bezala. Bere forma bereizgarria sarbideko tunelen sekzioaren proiekzioa da.



Dobela

Jendearentzako espazioetako horma eta sabai guztiek ageriko hormigoizko akabera dute, 240 x 120 x 12 cm-ko plaka prefabrikatuz eta modulatuz egina. Espazioak ondo mantendu eta kontserbatzeko asmoz aukeratu zen materiala. Gainera, hormigoia erraz moldekatzen da tunelen geometriara egokitzeko, eta, barrunbeen izaera tektonikoa transmititzen du.



Argia

Bilboko metroaren diseinuak espazioen argiztapenbaldintzak arreta handiz zaintzen ditu. Lurpeko espazioetan erraz ibil daiteke argiztapen artifizialari esker; proiektuaren funtsezko alderdi bat da hori. Metroaren argi-diseinuaren arduraduna Claude Engle ingeniari estatubatuarra izan zen, espazio publikoetarako eta arkitekturarako argiztapenaren arloko aholkularia, New Yorkeko Dorre Bikietan, Parisko Louvre museoan eta Berlingo Reichstagean lan egindakoa.



Tiranteak / Jabaloiak

Geltokietako solairuarteak hormigoizko edo altzairu herdoilgaitzezko tiranteen bidez zintzilikatuta daude. Tiranteen erritmoak solairuarteko eremua definitzen du. Hala, bere mugak eta pisua adierazten ditu. Ez tiranteek ez euskarriek ez dute babes-estaldurarik; horrek multzoari itxura liraina emateaz gain, eusteko mekanismoak agerian uzten ditu eta jendeari nolakoak diren ikusteko aukera ematen diote. Hari bikoitzeko torlojuei esker, lauzari eusteko beharrezkoak diren luzera eta tentsioa doitu daitezke. Suaren aurkako estaldurak saihesteko, altzairua kromo-kontzentrazio handiko aleazio erregogor batekin ekoitzi zen, ohiko altzairuek baino denbora askoz luzeagoa behar duelako suarekiko erresistentzia galtzeko. Hala, mekanismo osoa agerian utz daiteke, era berean segurtasun-estandarrak betez.



Nasak

Nasak geltokietako galerien alboetan daude, hormen kontra. Trenen zain egoteko eta horietara igotzeko eta jaisteko eremuak dira. Hormen sekzio kurbatuak altzariak urruntzera behartzen du; horrela, bankuek eta paperontziek egitura independenteak dituzte. Nasa zeharka argiztatuta dago eta kromatikoki antolatuta, hormigoiaren tonuen, arotzeriako altzairuaren eta kromatuen arabera.



Altzariak

Lurpeko geltokietako bankurako altzairu herdoilgaitza aukeratu zen, mantentze-lan txikiko materiala delako, Norman Fosterrek diseinatutako beste geltoki batzuetan ere erabilia. Material horrek deserosoa dela eman dezakeen arren, azterketa ergonomiko batetik lortutako profilen eta neurketen arabera, oso banku erosoa da



Trena

Tren-unitate elektrikoa, 1.500 Vcc-koa, metro bateko zabalerako trenbiderako, lau bagoi motorrez osatua (bi kabinadun eta bi tarteko) eta atoi osagarri bat erdian jartzeko prestatua, M-N-R-N-M azken konposiziora iritsi ahal izateko. Muturretako bagoiek (M), libre dagoen aldean, gidatzeko kabina bat dute; beste aldean, berriz, interkomunikaziokoa. Bagoiek altzairu herdoilgaitz soldatuz egindako eraikuntza- egitura autosostengatzaileak dituzte. Konposizioaren muturreko burualdeak beira-zuntzez indartutako poliesterrez eginda daude. Kolpetatik babesteko beira handi batek gidatzeaz arduratzen den pertsonari ikuspena eta babesa ematen dizkio. Barne-estaldura, funtsean, beira-zuntzez indartutako poliesterrezko erretxinaz moldaturiko pieza handiz osatuta dago. Zoladura kautxuzko laminatu irristagaitzezkoa da.



Koloreak

ilboko metroaren kolore korporatiboen artean, bereizgarriena gorria da (NCS 0090-Y70R). Ikurraren ohiko kolorea da, eta seinaleen eta beste elementu garrantzitsu batzuen hondo gisa erabiltzen da. Grisa (NCS 4005-R50B), kolore garrantzitsuenen artean bigarrena, ekipamendu teknikoari, altzariei eta trenei aplikatzen zaie. Geltokietako kolore nagusia ere bada, oro har. Gris guztiak gorriarekin bateragarriak ez direnez, hein batean gorria ere baduen grisa aukeratu da.



Logotipoa

"Logotipo" hitzak markaren izenaren irudizko bertsioa adierazten du; "marka", berriz, ikurrak eta logotipoak osatutako multzo bakar eta banaezina da. Bilboko metroaren logotipoa minuskulaz idazten da beti, Rotis Semisans tipografian, hizki erdilodiz. Tipografia horrek "metro bilbao" izenari esanahi osagarriak lotzen dizkio eta, hala, logotipo bihurtzen da. Bilboko metroaren ikurra eta logotipoa hainbat modutara konbina daitezke, baina hemen aurkezten dena lehenesten da komunikazio euskarri guztietan erabiltzeko.



Seinaleak

Geziak. Geziek lau norabide adieraz ditzakete, batez ere: ezkerrera, eskuinera, gora eta behera-aurrera. Aparteko egoera bat dela-eta kontrakorik komeni ez bada, ezkerrerako gezia beti seinalearen ezkerrean jartzen da; eskuinerako gezia eskuineko aldean. Gora eta behera-aurrera adierazten duten geziak eskuinean jartzea hobesten da, aparteko egoera bat dela-eta kontrakorik komeni ez bada.

Piktogramak. Bilboko metroan erabilitako piktogramak Otl Aicherrek eginak dira. Hasieran, Municheko 1972ko Joko Olinpikoetarako diseinatu ziren, eta, ondoren, 1975 eta 1978 artean, eraikin eta espazio publikoetarako komunikazio- sistema bezala garatu ziren, Erco konpainiaren enkarguz. Karratuak direnean, zerbitzuren bat dagoela adierazten dute. Forma biribila debekuetarako edo jokabide-arauetarako bakarrik erabiltzen da.

Mapak. Ikusizko informazioa funtsezkoa da Bilboko metroan esperientzia egokia izateko. Mapek eta planoek argi adierazi behar dituzte lineetan segurtasunez mugitzeko behar diren datuak. Era berean, geltokietako sarbide- eta irteera-puntuak ilustratu behar dituzte, erabiltzaileak orientatzeko. Bilboko metroaren mapa Londresko metroaren delineatzaile Harry Beckek 1933an marraztutako diseinuan oinarrituz egina da.



Arkitektoak eta disenatzaileak

 

Norman Foster (1935). Arkitekturan graduatu zen Manchesterreko Unibertsitatean (1961) eta Yale Unibertsitatean masterra egin zuen (1962). 1967an, Buckminster Fullerrekin kolaboratu eta bere bulegoa sortu zuen, gaur egun, Foster + Partners izenekoa. 1999an Pritzker saria jaso zuen.

Otl Aicher (1922-1991). Hochschule für Gestaltung Ulm sortu zuen (Ulmeko Goi Mailako Diseinu Eskola, 1953-1968).Bilboko metroaren irudi korporatiboa eta konpainiaren komunikazioan erabiltzen den Rotis tipografía diseinatu zituen.

Hansjörg Brucklacher (1964). Diseinatzaile grafikoa, Schwäbisch Gmündeko Diseinu Eskolan titulatua. Otl Aicher hil ondoren, Bilboko metroaren irudiaren diseinua garatu zuen, Michael Weissekin.

Michael Weiss (1941). Diseinatzaile industriala, Hochschule für Gestaltung Ulmen titulatua (1969). Otl Aicher hil ondoren, Bilboko metroaren diseinu korporatiboaren proiektua garatu zuen Hansjörg Brucklacherrekin batera.

José Luis Burgos (1942).Arkitektura ikasi zuen, Madrilgo Eskolan (1966). 1972an, Bilbo Handiko Administrazio Korporazioan zuzendari tekniko gisa sartuta, Bilboko eta bere metropolialdeko hirigintza-plangintzaren arduraduna izan zen.

Francisco Javier Sáenz de Oiza (1910-2000).Arkitektura ikasi zuen Madrilgo Eskolan (1946). Bere lan ezagunenak Arantzazuko Basilika, Madrilgo Torres Blancas eta Banco de Bilbao eta Altzuzako Oteiza Museoa dira. Bilboko metroko 2. lineako Erandioko diseinuaren arduraduna izan zen.

Javier Manterola Armisén (1936).Bideetako ingeniaria (1962) eta Madrilgo Eskolako katedraduna. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Oizarekin lankidetzan aritu zen, Torres Blancasen eta Banco de Bilbaon. Bilboko metroaren 2. linean dagoen Urbinagako zubi-geltokia diseinatzeaz arduratu zen.

Rufino Basañez (1929-1991). Arkitektura ikasi zuen Bartzelonako Eskolan (1956), eta Arkitekturako doktoretza ere egin zuen (1959).Bilboko metroarentzat, 1. linean, Elorrieta eta Plentzia artean,dauden geltokiak birgaitu zituen.

Anton Pagola Aizpri (1954). Bartzelonako Eskolan arkitektura ikasi (1979) eta UPV/EHUn arkitekturako doktoretza egin zuen (2013). Luis Uzcangarekin, Bilboko metroko 2. lineako Ansioko geltokiaren lurperatzean eta diseinuan lan egin zuen.

Luis Uzcanga (1950).Arkitektura ikasi zuen Valentziako Eskolan (1977). Bilboko metroaren proiekturako, Anton Pagola Aizpirirekin batera, Ansioko geltoki berria lurperatzeaz eta diseinatzeaz arduratu zen.



Teknikari arduradunak

 

José Miguel Ortega Soldevilla (1950).Ingeniari tekniko kimikoa eta ingeniari industrial mekanikoa, Bilboko Eskolan ikasia (1974). 1. Linearen instalazio guztien definizioan parte hartu zuen, baita Bilboko metroa abian jartzeko behar ziren operazioproiektuak gauzatzeko prozesuan ere.

José Ramón Madinaveitia (1943-2005).Bideetako ingeniaritza ikasi zuen Madrilgo Eskolan (1968).1989an, IMEBISAn sartu zen. 1991n, zuzendari tekniko izendatu zuten eta, Norman Fosterren proiektuaren gauzatzea koordinatu zuen.

Juan Ramón Areitio (1921-2012).Industria-ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Eskolan (1946).1978an, Euskal Trenbide Sarearen kudeatzaile izendatu zuten. 1982an, erakundeak Euskotreni bide eman zion, Euskadin metro bateko zabalerako trenbidea berreskuratzeko eta Bilboko metroa sortzeko.

Julián Ferraz (1960).Bideetako ingeniaritza ikasi zuen Santanderreko Eskolan (1985). 1989an IMEBISAn sartu zen. 1992tik aurrera, 1., 2. eta 3. lineen eta 4. eta 5. lineen proiektuaren garapenerako bulego teknikoko burua da.

Agustín Presmanes (1947). Bideetako ingeniaria. Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendari gisa (1987-1991), Bilboko metroaren ezarpenaz arduratu zen: arkitekturalehiaketa, proiektuak eta lanen hasiera.

Jesús Beascoechea (1959). Arkitektura ikasi zuen Bartzelonako Eskolan (1985). 1989tik aurrera, IMEBISAn lan egin zuen, Bilboko metroarentzat geltokien eta urbanizazioen eraikuntzen, identitate korporatiboaren eta diseinu grafiko eta industrialaren proiektuak zuzenduz.



 

 

Babeslea:

Laguntzaileak: