X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

18|11|14 Richard Serraren "Bilbao" eskulturaren dohaintza

Martín García-Urtiagaren eta Mercedes Torronteguiren oroimenez, euren iloben eskutik

 

Museoak Richard Serraren (San Frantzisko, AEB, 1939) Bilbao (1983) eskultura jaso du dohaintzan, Martín García-Urtiagaren eta Mercedes Torronteguiren ilobek haien oroimenez emanda.

Museoaren historian eta Bilboko hiriarentzat esangura berezia daukan artelana da; izan ere, Bilbon bertan egin zuen 1983an Richard Serrak, XX. mendeko eskultore onenetako batek. Urte hartan aurkeztu zuten Bilboko Arte Ederren Museoan (martxoaren 15etik apirilaren 30era) Korrespondentziak. 5 arkitekto, 5 eskultore erakusketa. Carmen Giménezek, arte garaikideko kontserbatzaile ezagunenetako batek, eta Juan Muñoz eskultoreak egin zituzten komisario lanak. Erakusketak agerian uzten zituen arkitekturaren eta garaiko artearen arteko harremanak, eta, horretarako, abangoardiako hamar artistaren proiektuak batu zituen: bost arkitektorenak –Emilio Ambasz, Peter Eisenman, Frank O. Gehry, Léon Krier, eta Venturi, Rauch & Scott Brown estudioa– eta bost eskultorerenak –Eduardo Chillida, Mario Merz, Richard Serra, Joel Shapiro eta Charles Simonds–.

Richard Serrak bere lanerako behar zituen altzairuzko blokeak Avilésko (Asturias) burdinola batean topatu zituen, eta sorkuntza-prozesua museoko espazioan bertan amaitu zuen. Garaiko eskultura minimalak berezkoa zuen ekonomia formalari jarraituz, elkarren gainean ezarritako altzairuzko bi lingotek osatzen dute Bilbao, garai hartan Serrak praktika eskultorikoaren berezkotzat jotzen zituen auziak materializatuz: masa, pisua eta oreka. Neurri ezberdineko bi forma errepikatu, hurrenez hurren 9 eta 7 tonatik gorako pisuarekin, elkarren gainean kokatzen dira, itxuraz ezegonkorra den oreka batean.

Txomin Badiola eskultoreak honela aztertu zuen Serraren lana urte berean tokiko prentsan argitaratutako artikulu batean: "Bere lanak utzita daude, gehienez ere ezarrita, sekula ez ainguratuta edota bere izate berberekoa ez den ezerekin eutsita; prekarietate horrek indarkeriazko egoera bat eragiten du ikuslearengan, hark bere espazioa etenda sumatzen baitu, eta, aldi berean, fisikoki zein psikologikoki mehatxatuta".

Urte haietan, Badiolaren beraren moduan Jorge Oteizaren lanaren eraginpean ziharduten zenbait eskultore ezagun bihurtzen ari ziren Bilbon. Serra hirian egotea bultzagarria izan zen horretarako; Arte Ederren Fakultateko ikasleekin solasaldi batean ere parte hartu zuen. Harreman horretan, bestalde, Bilbok zirrara eragin zion Serrari, erakusketa publikoki inauguratu baino bi hilabete lehenago bisitatu zuenean. Carmen Giménezek honela azaldu zuen garai hartan: "Horrela aurkezten du Serrak Bilbo: altzairua nagusi den hiria, trinkoa, osoa, oreka zailean dagoen bloke bat bezala".

Erakusketaren itxieraren ostean, obrak museoaren kanpoaldean jarraitu zuen beste bi urtez, Plácido Arango bildumazaleak erosi, eta Madrilera eraman zuen arte. Handik urte batzuetara, 2001ean, museora itzuli zen aldi batez erakutsia izateko, instalazioen azken erreformaren eta zabalpenaren osteko inauguraziozko ekintzen parte izan zen Obra Gonbidatua programari hasiera emanez.

Obraren oraingo dohaintzak, Martín García-Urtiagaren eta Mercedes Torronteguiren omenez eta euren iloben eskutik, amaiera zoriontsua emango dio Bilbon jaio zen eta Bilbon bere zentzu guztia hartzen duen eskultura baten ibilbide historikoari, mezenasgo eredugarri baten bidez Bilboko Arte Ederren Museoko bildumaren parte izan arte gainditu dituen gorabeheren lekuko. Gainera, Richard Serrak egindako bisita haren eta Bilboko Arte Ederren Museoan egindako lehenbiziko lanaren oroitzapena dakar; hain zuzen ere, hiri horretan bertan, handik urte batzuetara eta ordukoan Guggenheim Bilbao Museoan, bere ibilbideko mugarrietako bat sortuko zuen gerora: Denboraren materia instalazioa (1994-2005).

Azkenik, eskulturaren gaur egungo kokapenak, berez izandako tokian ia, 1983an Eduardo Chillidaren Topagunea IV lanarekin ezarritako elkarrizketa berregituratzea ahalbidetzen du, hura garai hartan ere eraikinaren barruan baitzegoen. Horrez gain, Serrak euskal eskulturari buruz esandako hitzak gogora ekartzeko balio digu: "Bisitatu ditudan herrialde guztien artetik, honetan ikusi ditut eskulturarako aukera gehien. Horren adibide ona dira Oteiza eta Chillida bezain bi eskultore garrantzitsu".

 

Martín García-Urtiagaren eta Mercedes Torronteguiren oroimenez. Ohar biografikoa.

Getxon (Bizkaia) merkatari txikien eta enpresarien familia baten barruan jaio arren, Martín García-Urtiagak (1905-1997) Mexikon igaro zuen bere bizitza pertsonal zein profesionalaren zati handi bat. Gerra Zibilaren ondorioz iritsi zen bertara 1939an familiarekin. Herrialde horretako bizitza sozial zein ekonomikoan presentzia nabarmena izan zuen (Mexikoko Euskal Etxeko presidente izan zen); bertan, beste enpresa batzuen artean, Kanpo Merkataritzako Konpainia Mexikarra (COMEX) sortu zuen berrogeiko hamarkadan. Artearen zalea izanik, Ucelayren, Zubiaurre anaien edota Aurelio Artetaren obren bilduma interesgarri bat batu zuen, eta Tomás Bilbao arkitektoaren babesle nagusietako bat izan zen; hura ere erbesteratua zen, eta haren Mexikoko etxearen erreformaz arduratu zen. 1931n Mercedes Torronteguirekin (1907-1999) ezkondu zen, eta harekin zazpi seme-alaba izan zituen: Mercedes ("More"), Maite, Edurne, Francisco Javier, Miren Karmele, Begoña eta Martin Jon.

Zerrendara itzuli