X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

21|03|04 Isabel Baquedano dohaintza

Museoak Isabel Baquedano dohaintzatik hautatutako zenbait lan eman ditu ezagutzera A aretoan (Artista)

 

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez A aretoak (Artista) –museoko bilduma finkoaren ibilbideko lehenak– jendaurrean aurkezten du Isabel Baquedanok (Mendabia, Nafarroa, 1929-Madril, 2018) egindako margolanen eta marrazkien sorta bat, 2020an artistaren familiak museoari egindako dohaintzatik hautatutakoak, eta bildumagile partikular batek emandako beste lan bat gehituta.

Isabel Baquedanok 1960. urtearen hasieran ekin zion bere ibilbideari. Garai hartan, emakumezko artista gutxik lortzen zuten karrera bat egitea. Bokazio tinko bati men eginda, hasieran figurazio errealistara zuzendu zuen bere lana, pop-artea eta kritika soziala kontuan izateari utzi gabe. Hiriko paisaiak eta eguneroko errealitateak, lehenik, eta artearen historiatik zetozen gaiak (zirkua, Itun Zaharra eta Berria), ondoren, haren intereseko gai ugarietako batzuk dira.

Artista berezi eta "sekretu" honen lana aldarrikatzeko asmoz, 2019an museoak haren lehenengo atzera begirako erakusketa antolatu eta beraren lanari buruzko lehen azterlan monografikoa argitaratu zuen. Edertasunaz eta sakratuaz goiburupean, erakusketa Bilbon aurkeztu zen, eta ondoren, bestelako formatu batean, Iruñera joan zen, Nafarroako Museora eta Nafarroako Unibertsitatea Museora; berreskuratze-proiektu osoan ezinbestekoa izan da bien laguntza, margolariaren familiak emandakoarekin batera. Funtsezkoa izan da, gainera, Ángel Badosek, artistaren lagun handi eta haren obraren ezagule onak, egindako lana.    

Dokumentu-funts baliotsu bat ez ezik, dohaintzak Baquedanoren hainbat sortze-arotako adibide bikainak eta bere karreran interesatu zitzaizkion gaienak ere baditu: autorretratuak, senide eta lagunen eguneroko egoerak eta erretratuak, eta, horiekin batera, haren sail ezagunenetako batzuk, tartean zenbait erlijio-gertaerari buruzkoak; esate baterako, Adam eta Evaren irudi enblematikoa.     

 

Estekak