X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

21|09|29 Óscar Alzagaren dohaintza

XVI. eta XVII. mendeetako italiar pintura

G aretoan, urriaren 17ra arte

 

Antzinako italiar pinturak museoan duen ordezkaritza nabarmen handitu da Espainiako Trantsizioan garrantzizkoa izan zen Óscar Alzaga Villaamil katedradun eta abokatuaren (Madril, 1942) dohaintzari esker.

Dohaintza eskuzabal horretan (gozamenaren erreserbarekin), kalitate artistiko handiko hiru lan daude, zeinak, kalitate artistikoaz gainera, interes historiko eta ikonografiko handia ere baitute. Lanetako bat oraindik identifikatu ez den XVI. mendeko egile batek margotu zuen, eta beste biak Orazio Gentileschi eta Salvator Rosa maisuek, hurrenez hurren.

Dama baten erretratua mutikoarekin (c. 1570-1580) lana, florentziar margolari batek egina seguru asko, museoan gordeta dagoen gorteko erretratuari buruzko sekuentziaren osagarri aparta da. Sekuentzia horren baitan daude Espainiako pinturaren izen handiak, hala nola Antonio Moro, Alonso Sánchez Coello, Juan Pantoja de la Cruz eta Juan Carreño de Miranda, bai eta flandestar pinturarenak ere, besteak beste, Frans Pourbus Gaztea. Horiekin bat egingo du, aurrerantzean, erretratu berezi honek, zeina beterik baitago XVI. mendearen bigarren erdialdeko espainiar eta italiar gorteetako moda zein dekorazio arteak erakusten dituzten osagaiez.

Judit eta haren neskamea Holofernesen buruarekin (c. 1605-1612) lanak berebiziko garrantzia du bildumarentzat, bai ezin hobeto egina dagoelako, bai seguru asko artistaren alaba Artemisia Gentileschi margolariarena izan izanak interes berezia ematen duelako. Gainera, bat dator Orazioaren hasierako etaparekin, Erroman bizi zen garaikoarekin, alegia. Museoak 1924. urtean eskuratu zuen Lot eta bere alabak (c. 1628) mihise izugarria. Londresen egina da, Ingalaterrako Karlos I.aren aginduz, artistaren ibilbideko geroagoko garai batean.

Azkenik, Salvator Rosaren Juda eta Tamar (c. 1660) lanaren bitartez sartu da napolitar egile ezezagun hau bilduman, modellino adierazkor honi esker. Rosa guztiz berezia da konposizioen tratamendu dramatikoari dagokionez, eta lan honetan, horrez gainera, berezia da gaiaren hautaketari dagokionez ere, pinturaren historian oso gutxitan landu izan baita Testamentu Zaharreko pasarte hori.

 


 

Italiar anonimoa

Dama baten erretratua mutikoarekin (c. 1570-1580)
Olioa mihisean. 195 x 123 cm
Óscar Alzagaren dohaintza

Dama baten erretratua mutikoarekin (c. 1570-1580) –italiar artista anonimo bati esleitua, nahiz eta azken ikerketek adierazten duten seguru asko florentziarra izan zela egilea– gorteko erretratuen adibide bikaina da, aurretik Sofonisba Anguissolari egotzia. Konposizio luze honetan, planta zurruneko emakume bat irudikatzen du margolariak, mutiko bat duela alboan, zeina izan bailiteke semea edo morroi bat. Emakumea krabelin eta jasmin sorta bat ematen ari zaio mutikoari, maitasunaren ikur edo, beharbada, hildako infante batentzako opari. Oso harribitxi ederrak ditu damak, eta urrez eta zilarrez brodatutako soineko bat, gema eta perla ugariz apaindua; oso ohikoa zen hori Austriarren gorteko modan. Mutikoaren arropek, jipoi eta txalekoarekin, urrezko botoiekin eta galtza harrotuekin apainduak, antza dute Florentziako Pitti Jauregian dauden Mediciko Kosme I.aren zazpigarren semearen hileta arropekin (1562). Deigarriak dira, edonola ere, batetik, haurraren jarrera –zutik, paperontzi txiki baten gainean, zeinaren marketeria diseinuak jatorria baitu Hans Vredeman de Vries margolari eta arkitektoak 1560-1562 urteetan sortutako diseinuetan–, eta, bestetik, eskuen keinuak –itxuraz objekturen bati heltzen diote, baina objektu hori ez zen azkenik margotu–. Erretratu bikoitz honen eszenaratzearen originaltasunari laguntzen dio, halaber, alfonbrak, Alcarazen (Albacete) edo Cuencan egina.


Orazio Gentileschi
(Pisa, 1563-Londres, 1639)


Judit eta haren neskamea Holofernesen buruarekin (c. 1605-1612)
Olioa mihisean. 131 x 101 cm
Óscar Alzagaren dohaintza

Orazio Gentileschi da margolan eder honen egilea. Testamentu Zaharreko pasarte ezagun bat irudikatzen du. Hain zuzen ere, deskribatzen du Judit hebrear alargunak, artean ezpata eskuan duela, Holofernes asiriar jeneralaren burua kentzen duen unea; Juditek burua mozteko asmoarekin erakarri zuen Holofernes, era horretara, aske utziko baitzuen Betuliako gotorlekua haren gudarostearen setiotik.

Hiri txikia errenditzeko zegoela, Holofernesen kanpalekuan sartu zen Judit, bere neskame Abrarekin batera, herria etsaiarengandik askatzeko eta bere senarraren heriotzaren mendekua hartzeko helburuarekin. Orduan, zaintzaileek hartu, eta Holofernesengana eraman zuten; hark bere dendara gonbidatu zuen, afaltzera. Afarian, Holofornes mozkortu, eta lo gelditu zen; horretaz baliatuta, Juditek burua moztu zion, Abraren laguntzarekin. Asiriar gudarosteak, agintaririk gabe, setioa utzi, eta ihes egin zuen.

Bibliako heroi Juditek indar morala adierazten du, nahiz eta, askotan, eta bereziki XVI. mendearen erdialdetik XVII. mendearen erdialdea arte, Kontrarreformaren garaian, heresiaren kontrako Elizaren garaipenaren sinbolo izan zen. Gai horrek zabalkunde handia izan zuen barrokoan, eta margolari askok baliatu zuten, arrakasta handiz. Bi emakumeak etsaien eremutik ihesi doazen unea irudikatu zuten zenbaitek, eta beste batzuek, berriz, ikuspegi dramatikoagoarekin, hala nola Caravaggiok edo Artemisia Gentileschik, izan ere, azken horiek burua mozteko unea hautatu zuten. Azken horren kasuan, hark bere kide Agostino Tassirengandik 1611n jasandako bortxaketarekin lotu izan da hautaketa. Orazio Gentileschik ere behin baino gehiagotan irudikatu zuen gai hori, eta bertsio hau horietako lehena izan zen; horretan oinarritu zen, hain zuzen ere, haren alaba Artemisia. Orazio Erroman egondako garaiari dagokio, zeinetan, Caravaggioren eraginpean, modelatu tenebristarekin eta argi-ilun indartsuekin adierazten baita. Orain dohaintzan jasotako lan hau, kalitate handikoa izateaz gainera, oso interesgarria da Artemisiarena izan zelako, eta hari lapurtu egin bide ziotelako, Tassiren kontrako epaiketari buruzko aktetan aipatzen denaren arabera.

Azkenik, esan beharra dago margolan hau XVIII. mendean Giuseppe Rondanini mezenas garrantzitsuarena izan zela, eta, gero, Bartolomeo Capranicaren bildumara igaro zela, margolanaren atzealdeko inskripzioak adierazten duen moduan: "B Capranica N 623".


 

Salvator Rosa
(Napoli, 1615-Eroma, 1673)

Juda eta Tamar, c. 1660
Olioa mihisean. 66,4 x 50,2 cm
Óscar Alzagaren dohaintza

Salvator Rosa napolitarraren pintura erromantizismoaren aurrekotzat hartu izan da, landutako gai zailengatik eta giro fantastikoko paisaiengatik. Museora iritsi berri den mihise eder honetan irudikatutako istorioa Hasiera liburuan kontatzen da. Judak (Jakoben semea eta Jesusen genealogiakoa) hiru seme izan zituen: Er, Onan eta Sela. Lehena Tamarrekin ezkondu zen, eta, seme-alabarik gabe alargundu zenez, Onanekin ezkondu behar izan zuen, baina hark ere ez zion seme-alabarik eman, jakin baitzuen Lebirato hebrear legearen arabera ez zitzaizkiola seme-alabatzat aitortuko. Judak hirugarren semearekin ezkonaraziko zuen beldurrez, nor zen ezkutatu, eta prostituta gisa eskaini zitzaion Tamar aitaginarrebari. Definitu gabeko leku batean kokatzen da eszena, aire zabalean, eta erakusten du nola ematen dion patriarkak, ordainetan, bere zigilua eta bastoia; horiei esker frogatu ahal izan zuen Tamarrek egun hartan sortutako bikiak harenak zirela. Margolariak baliatutako pintzelkada solteak eta kromatismo ederrak giro klasizista sortzen dute, eta xehetasun bakar batek hausten du oreka hori: protagonistaren aurpegi belatua eta topaketa hura inguratzen duen argi krepuskularra.

1706. urteaz geroztik, Sir Francis Child londrestar bankariaren bilduman dago datatuta lana, eta 1949an haren oinordekoetara igaro zen. Urte horretan, Jerseyko bederatzigarren kondeak eraman zuen enkantera Londresen, eta Daniël Cevat herbeheretar arte-merkatariak erosi zuen. British Museumek lan honen prestaketa marrazki bat du. Horrez gainera, antzeko neurriak dituen beste bertsio bat ezagutzen da, Bavariako bilduma aristokratiko batean.

 


 

Óscar Alzaga Villaamil (Madril, 1942) abokatua eta Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna da. Bilbotarren semea zen, eta Madrilgo Unibertsitatean lortu zuen lizentzia 1964an; 1972an doktore titulua lortu zuen, hiri bereko Unibertsitate Autonomoan. Erakunde horretan hasia zen, hiru urte lehenagotik, eskolak ematen. Ondoren, Donostian eta Oviedon jardun zuen irakasle, eta 1979an, azkenik, Urruneko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalaren Zuzenbide Konstituzionaleko katedran sartu zen, lekualdaketa bidez, eta Unibertsitate bereko Zuzenbide Politikoko Departamentuko zuzendari izan zen.

1960ko hamarkadan hasi zuen ibilbide politikoa, 1963an Madrilgo Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko ikasleen ordezkari hautatu zutenean; Ikasle Demokraten Batasuna legez kanpoko elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta legez kanpoko hainbat talde demokrata-kristautan parte hartu zuen, horietako hainbatean sortzaile eta idazkari nagusi izatera iritsi zelarik. 1977. urteaz geroztik, Alderdi Demokrata Kristauaren Zuzendaritza Nazionalaren kide izan zen, bai eta Unión de Centro Democrático (UCD) koalizioaren sortzaileetako bat ere. Hurrengo urtean Kongresuko diputatu hautatu zuten koalizio horrekin, bai eta 1979an ere. Urte horretatik aurrera Justizia eta Barne Politikako Batzordearen lehendakari izan zen. 1981ean onartu zuen Leopoldo Calvo Sotelo gobernuko lehendakariaren aholkulari izatea, modu berezian bateragarri eginez bere katedrarekin eta abokatu gisa jardutearekin, eta bost aldiz baztertu zuen ministro izateko eskaintza. 1982an Herri Alderdi Demokratako lehendakari hautatu zuten.

1984tik 1987ra bitartean Europar Batasun Demokrata Kristauaren eta Nazioarteko Batasun Demokrata Kristauaren lehendakariorde karguan jardun zuen. 1986an Madrilgo diputatu hautatu zuten, baina hurrengo urtean dimisioa aurkeztu, eta behin betiko utzi zuen politika. Orduz geroztik, unibertsitateko katedran aritu zen, bai eta abokatu gisa ere 1967an sortutako bulegoan.

Garrantzizko lana egin du kulturaren zabalkundean, eta hainbat argitaletxe eta aldizkaritako aholkulari aritu da, horietako batzuen sortzaile izanik, hala nola Cuadernos para el Diálogo (1963), Discusión y Convivencia (1970), Revista Española de Derecho Político eta Teoría y Realidad Constitucional. Besteak beste, Ortega y Gasset eta Humanismo y Democracia fundazioetako patronatuetan parte hartu du, eta Vega Inclán Markesak sortutako museoen patronatuaren lehendakari izan da (Madrilgo Museo Erromantikoa, Toledoko Grecoren Etxea eta Cervantesen Museo Etxea Valladoliden). Era berean, Luis Vives Fundazioaren lehendakari izan da, bai eta Portulgadar-espainiar Fundazioaren lehendakariorde ere.

2010ean Espainiako Zientzia Moralen eta Politikoen Errege Akademiako zenbakizko kide hautatu zuten. Acción contra el Hambre Fundazioaren Kontseilu Aholkulariaren lehendakari izan da. Orain dela egun gutxi argitaratu du La conquista de la Transición (1960-1978). Memorias documentadas liburua. 2017an sei lanen dohaintza egin zion Prado Museoari, hark zazpigarren lana erosteko behar ziren baliabideekin batera.