X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

16|01|12 #Donostia2016

Bilboko Arte Ederren Museoa #Donostia2016 Europako kultur hiriburuarekin ari da elkarlanean; bildumako hogei artelan utzi ditu maileguan aldi baterako, bi proiektu hauetako bi erakusketa nagusietarako, eta bi erakusketa hartuko ditu museoko aretoetan.

 



1966 Konstelazio Gaur 2016
32. aretoa, 16/01/26–25/04/25

Donostia 2016ko Kulturaren Europako Hiribura izendatu izana aukera paregabea da euskal artearen artista nabarmenen talde batean sakontzeko –Jorge Oteiza (1908-2003), Eduardo Chillida (1924-2002), Néstor Basterretxea (1924-2014), Amable Arias (1927-1984), Remigio Mendiburu (1931-1992), José Antonio Sistiaga (1932), Rafael Balerdi (1934-1992) eta José Luis Zumeta (1939)–. 1966an, Gipuzkoako artistek Gaur taldea eratu zuten; horretarako, manifestu bat aurkeztu, eta erakusketa egin zuten Donostiako Barandiarán Galerian.

2016an, 50 urte beteko ditu Estatuko artearen barruan abentura garrantzitsuenetakoa izan den erakusketa horrek, eta, hori dela eta, San Telmo Museoan erakusketa nagusi bat antolatu da (16/01/22-16/05/15). Bilboko Arte Ederren Museoak ekimenarekin bat egingo du, Museoko bildumatik, Gaur taldeko zortzi artista horien berrogeita hamar bat obra aurkeztuta.



1937. Guernika koadroari buruz. Gerra eta civitas
33. aretoa, 16/09/30–17/01/09

Bake akordioa proiektuak barne hartzen ditu artearen historian, kulturan eta eskubideetan bakea errepresentatzeko izan diren moduei buruzko erakusketak, ekoizpen artistiko garaikideak, argitalpenak, mintegiak eta hitzaldiak. Donostiako San Telmo Museoak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak elkarrekin antolatutako 1516-2016. Bake Akordioak erakusketa nagusiaz gain, gertakizun historikoei buruzko beste zazpi "ikerlan" hartzen ditu. Besteak beste, Picassoren Guernica koadroari buruzko erakusketa nabarmentzen da. Bilboko Arte Ederren Museoak antolatu du, eta Valentín Roma historialaria da komisarioa.

Erakusketak hiru atal ditu: Picasso eta Guernica; 1937ko Espainiako pabiloia eta koadroak garaiko artistengan izandako eragina. Lehenengoak Guernicaren sortze-prozesua jasotzen du: Picassoren hasierako irudi eta olioetatik hasi, eta pintorearen bilakaera dokumentatzeko asmoz Dora Maarrek Parisko estudioan egindako argazkietaraino. Bigarrenak koadroa ikusgai jarri zen testuingurua birsortzen du: Espainiako pabiloiaren arkitektura, horrekin batera ikusgai jarritako zenbait obra eta 1937ko Nazioarteko Erakusketan Espainiak izandako parte-hartzeari buruzko orduko materiala. Azkenak Guernicaren eraginpean sortutako nazioarteko artisten obrak biltzen ditu, artelanaren omenaldi edo elkarrizketa gisa edo mihiseak Europako eta Ameriketako hainbat hiritatik egindako hiru biren ondorio gisa; izan ere, Espainiako Errefuxiatuen Laguntza Batzorderako funtsak biltzeko antolatu ziren bira horiek. Gertakizun horiek zenbait ondorio ekarri zituzten: Picasso MoMAn, modernitatearen museo handian, aintzatestea; Guernicari omenaldia egiteko obra-multzoa, eta, azkenik, mural ospetsuaren erabilera politiko eta zibilari buruzko paradoxa, gerrako basakeria islatzen badu ere, bakearen ikur bihurtu baitzen.

Zerrendara itzuli