Joan den abenduan, Arte Ederretako Museoaren Patronatuak oniritzia eman zion urte horretako bigarren erdian dohaintzan emandako artelan-multzo oparo bat bertako bilduman sartzeari. Orain, publikoari aurkeztuko zaizkie lan horiek. Uztailean, museoa berriz zabaltzearekin batera, 2020an dohaintzan jasotako aleetako batzuk ezagutarazi genituen.
Gaurkoan, museoak 2020ko bigarren seihilekoan jasotako dohaintzen berri emango dugu. Lanak hainbat multzotan sailkatuta daude, jatorriaren arabera. Hain zuzen, bildumara iristeko bide nagusietako bat Museoaren Lagunek egindako ekarpenak izan dira; azken urte honetan, % 10 hazi da multzo hori.
Lagunek egindako ekarpenik garrantzitsuenetako bat, eta, zalantzarik gabe, iaz eskuratutako lanik esanguratsuenetako bat, Eskaleak da, Gustave Doré margolari eta ilustratzaile frantziarraren (Estrasburgo, Frantzia, 1832-Paris, 1883) formatu handiko koadroa. Espainiara egindako bidaietako baten ondoren margotu zuen lan hori, 1863an, eta artistak pertsonaia bohemioenganako eta
gizartetik baztertuenganako (eskaleak, azokariak
) zuen interesaren ondoriozkoa da; horregatik, alfabetoaren O aretoan (Otredad) erakutsiko zaie, lehenengoz, museoko bisitariei. Margolan garrantzitsu honen bidez sendotu egiten dugu europar margolaritzak Espainiarekin eta Espainiako eskolarekin duen lotura; izan ere, gure bilduman funtsezkoak diren hainbat artistaren ibilbideentzat legamia modernoa izan da lotura hori: Ignacio Zuloaga, Juan de Echevarría, José Gutiérrez Solana
Gainera, iaz Vicente Ameztoyri (Donostia, 1946-2001) buruzko atzerabegirakoa egin ostean, museoak aukera izan du bilduman duen haren lanen multzo bikaina osatzeko, ispilu gainean margotu zituen erretratu originaletako bat eskuratu baitu, 1970eko Izenbururik gabeko lan bat, zeina
E aretoan (Espejo) ikus daitekeen.
Itziar Okarizen lan goiztiar horrekin batera, Espainiako agertoki artistiko garaikideko figura handien artean finkatu den sortzaile hainbat obra esanguratsu eskuratu ditu museoak, erakunde sortzaileek aurten emandako funtsak erabiliz. Obra horien artean daude Eraikinak igo: Abando RENFE, Plaza Biribila, Bilbao (2003) eta Estatuak (Jorge Oteiza, "Nire emaztea") (2018) bideo-lanak. Multzoak Okarizen ibilbidearen panoramika bat erakusten du, 1990eko hamarkadaren hasieratik gaur egun arte, eta artistak dohaintzan emandako Txaloa (2011) soinu-obrak osatzen du. Lan hori X aretoan (Etxe) aurkezten da.
Artista garaikideen lanak eskuratzeko programaren barruan, nabarmentzekoa da, era berean, Ana Laura Aláezen (Bilbo, 1964) Burua-Espirala-Zuloa-Ukabila-Esperma-Korapiloa (2008) instalazio aparta. Hormaren gainean eskegitako sei forma eskultoriko ilunek osatzen duten lana, egilearen gogoa hoberen erakusten dutenetako bat, eta Leóngo MUSACen egindako Pabellón de escultura banakako erakusketa garrantzitsurako sortua. Obra hori laster egongo da Azkuna Zentroak antolatuko duen Aláezi buruzko Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío atzerabegirakoan, eta aurrez zegoen beste lan batekin batera sartu da museoan: Butterflies (2004). Azken hori artistak dohaintzan emandako bideo bat da, zeina, orain, bakarka erakusten den H aretoan (Heads & Hands).
Bestalde, museoko bilduman dauden Ibon Aranberriren (Itziar-Deba, Gipuzkoa, 1969) lanen multzoa osatuko du, orain, Izenbururik gabe (Barrutik kanpora) bideoak. Oñatiko Iritegi leizearen barruan grabatu zen, 2019an, Aranberrik 2003an sarrera ixteko erabili zuen metalezko egitura kendu aurretik. Leizea ixteko ekintzaren emaitza Zulo beltzen geometria izeneko eskultura izan zen, berriki museora ekarritakoa. Bideoa, artistak dohaintzan emana, eraikin zaharreko lehen solairuko atarian proiektatzen da, eskultura hall modernoan egoteari kontrapuntua egiteko.
Amaitzeko, artelan garaikideak eskuratzeko 2020ko programaren barruan Josu Bilbaoren (Bermeo, 1978) sarà-sarà eskultura ere ekarri zen. Gaur egun 32. aretoan dago ikusgai konfinamenduan egindako lan hori, zeina Murtziako Párraga Zentroan aurkeztu baitzen estreinako aldiz, orain dela hilabete batzuk. Bestalde, artistak dohaintzan eman du karpeta bat, esàk-esà lanaren muntaiari buruzko hainbat bozeto eta dokumentazio dituena; museoko hall modernoan instalatu zen obra hori, 68aren ostean erakusketa zela-eta.
Azkenik, 2020an jasotako dohaintzen artean azpimarratzekoa da 1983 eta 1996 artean museoko zuzendari izandako eta berriki zendutako Jorge de Barandiaránen oroimenez egindakoa. Bilboko Lúzaro galeria mitikoarenak izan ziren oroigarri artistikoen bi album dira; erakusketa-gune hura Barandiaránek zuzendu zuen, Asís Aznarrekin batera eta Carmen López-Niclósek lagunduta, eta beraren jarduera funtsezkoa izan zen bertoko arte-bizitzarako eta 1970eko hamarkadan arte plastikoak garatzeko Euskadin.
Rafael Canogar
(Toledo, 1935)
Sin título (1973)
Jorge de Barandiaránen oinordekoen dohaintza
José María Yturralde
(Cuenca, 1942)
Sin título (c. 1975-1976)
Jorge de Barandiaránen oinordekoen dohaintza
Lúzaroko erakusketa-programan parte hartu zuten artista nagusien jatorrizko 67 lanek osatzen dute dohaintza. Programa hartan abangoardiako arteari ematen zitzaion lehentasuna. Alde batetik, espainiar artista esanguratsuei, hala nola Rafael Canogar, Luis Feito, Lucio Muñoz, José María Yturralde eta Francisco Peinado; bestetik, eta bereziki, Euskal Herrikoei: Marta Cárdenas, Juan Luis Goenaga, Andrés Nagel, Carmelo Ortiz de Elguea, Remigio Mendiburu eta Juan Carlos Eguillor (Donostia, 1947-Madril, 2011). Azken horri dagokionez, 1978an demokraziako lehen Bilboko Aste Nagusia zela-eta egin zuen kartela jaso du museoak, bilduma partikular batetik.
Espainiarrarekiko gustua, edo espagnoladea, batez ere Frantzian jarri zen modan 1860ko hamarkadan. Horrela, XIX. mendean zehar, autore askok herrialdera bidaiatu zuten, bertatik bertara ezagutzeko gero beren lanetan islatuko zituzten paisaiak, tipoak eta ohiturak: besteak beste, Prosper Merimée, Teophile Gautier eta Alexandre Dumas idazleek eta hainbat margolarik, hala nola Eugène Delacroix, David Roberts, Edouard Manet eta are Gustave Doré berak ere.
Espainiar gaiak jorratzen dituzten haren lanek, Eskaleak kasu, klase apaleko pertsonaiak protagonista izatea dute ezaugarri. Izaera kostunbrista sendoarekin, marrazki zehaztugabearekin eta paleta dardarti eta kolorismo gutxikoarekin eginak, irudiek pintoreskismotik ihes egiten dute klase behartsuenen irakurketa antropologiko batera hurbiltzeko. Dorék margolari errealista frantsesekin partekatu zuen ikuspegi hori, Manet eta Courbet kasu.
Ipar Amerikako eta Europako bildumetan parte hartu ondoren, lan honek XIX. mendeko artista nabarmenetako bat sartzen du museoan, mende horretako irudikapena, Théodule-Armand Ribot eta gisako beste margolari batzuen errealismoa osatuz, eta, aldi berean, Ignacio Zuloagarengan gorpuztutako XX. mende hasierako korronte naturalista europarrarekin lotura gisa balio du.
Ameztoyk ispilu gainean olioz margotutako hiru lan baino ez dira ezagutzen, 1970 eta 1973an eginak, haren ibilbide artistikoaren garai goiztiar batean, eta, horrenbestez, urte horietako haren ekoizpenean zein euskal artean berezitasun bat dira. 1971n Madrilen egindako bakarkako lehen erakusketan aurkeztu ziren hirurak.
José Ayllón arte kritikariak honako hau idatzi zuen orduan pieza hauen inguruan: "Aurrean duena baino islatzen ez duen ispiluaren aurrean, Ameztoyk guztiz kontrakoa proposatzen digu. Bere buruaren ikuslea espazio huts baten okupatzaile bihurtu da, edo alderantziz. [ ]". Javier Viarrek ispiluaren motiboa doblearen gaiarekin lotu du, Ameztoy bere ibilbide osoan liluratu zuen gaia. Artistak ikusizko jolasaren ideia indartzen duen inskripzio bat sartu zuen koadroan: "Esto ez da espejua".
Besteak beste Jon Mikel Euba, Azucena Vieites eta Gema Intxausti euskal artisten belaunaldiko kidea, Itziar Okariz 1990eko hamarkadaren hasieran sartu zen arte eszenan. Haren kasuan, Bilboko Arte Ederren Fakultatean eskulturaren espezialitatean trebatu zen arren, laster aukeratu zuen performancea adierazpen eta ikerketarako bitarteko gisa, eta, gaur egun, arte ingurune horretan nazioartean ospe handiena duen artistetako bat da. 2019an, Sergio Prego eskultorearekin batera aukeratu zuten Veneziako 58. Biurtekoan Espainia ordezkatzeko.
Variation sur la mêmet aime-ko hiru argazkiak (1992) serie zabalago baten zati dira. Serie horretan, bere gorputza material artistiko eta "disidentziarako" espazio gisa erabiltzetik abiatuta, Okarizek sexu- eta genero-identitatea, baina baita politikoa eta kulturala ere, nola eraikitzen den hausnartzen zuen; lan honek eta hastapenetako beste batzuek Espainian modu aitzindarian garatu zuten hausnarketa hori. Lanak Vanessa Paradis abeslari frantziarrak 1990ean argitaratutako disko ospetsu baten izenburu bera du. Obra honetarako, Okarizek ilea larru-agerian utzi arte moztu, buru gainean mapamundi bat marraztu, eta, keinu erradikal eta subertsibo batean, bere gorputz irudia aldatu zuen.
Okarizek Bilboko Guggenheim Museoan 2007an egin zuen performancearen emaitza da pieza. Bertan, aldez aurretik deitutako publiko baten aurrean parte hartzera gonbidatu zuten, eta audioan binilozko disko batean museo horretako atarian berariaz elkartutako publikoaren txaloak erregistratzen ditu, hasieran geldo, gero etengabe. Ordura arte, artistaren ekintzak ustekabean bildutako publiko baten aurrean egin ziren, deitu gabe, eta horregatik jotzen du Okarizek obra hau bere lanaren barruko ernamuin-piezatzat. Ekintza hura grabatzearen emaitza ikusleen parte-hartzea behar duen soinu-instalazio bat da, txaloak grabatzen diren disko-jogailuaren hasierako botoia aktibatzeko edo ez aktibatzeko erabakiaren bidez.
Ibon Aranberrik Iritegiko historiaurreko haitzuloan (Oñati, Gipuzkoa) esku hartu zuen 2003an, sarrera metalezko egitura batekin itxiz. Bi hamarkada geroago, ekintza amaitutzat eman, itxitura desmuntatu eta haitzuloa jatorrizko egoerara itzuli zuen. Zulo beltzen geometria (2019), museoak
2019ko abenduan eskuratutako eskultura, beste esku-hartze baten emaitza da; esku-hartze horretan, altzairuzko moduluek obra autonomo bat osatzen dute orain.
Dohaintzan emandako bideoa artistak, 2019an, pieza desmuntatu baino hilabete batzuk lehenago, kobazuloaren barruan egindako grabaziotik abiatzen da. Grabazioak ez zuen asmo artistikorik izan, baina haren potentzial poetiko eta oroitzaileaz jabetu da Aranberri oraindik orain. Horrela, 2019an
Stuttgarten erakutsi zen, Sleeping with a Vengeance, Dreaming of a Life erakusketa kolektiboan,
baina ez lan artistiko gisa. Museoari emandako grabazioa jatorrizko bideoaren beste muntaketa baten emaitza da, 2020ko azaroan egina.
Butterflies (Tximeletak) izan zen Ana Laura Aláezen eta Daniel Holc (Ascii Disko) musikariaren arteko lehen kolaborazioa. Bideoan, hondoko musika gisa, Holcek Aláezentzat idatzitako maitasun abesti bat entzuten da, errepika honekin: "Zer gertatuko da urdailean tximeletarik sentitzen ez dugunean?". Aláezek, biluzik eta elementu osagarririk gabe, abestia interpretatzen du bere ahotsa ia entzun ere egiten ez dela eta kamerarik ez balego bezala, intimitatea eta babesgabetasuna iradokitzen duen eszena batean.
Ikus-entzunezko honen dohaintzak Aláezen nahi bati erantzuten dio: Burua-Espirala-Zuloa-Ukabila- Esperma-Korapiloa (2008) eskultura-multzoa, museoak berriki erosi duena, independenteki edo Butterflies-ekin batera instalazio baten zati gisa erakutsi ahal izatekoa. Itxuraz kontrajarriak diren bi lan, bata indarkeriaz mintzo, bestea zaurgarritasunaz, Aláezen talentu eskultoriko eta espazial
bikainaren erakusgarri.
Josu Bilbaoren arte-jarduerak behatzea du abiapuntu, baita material betiere xumeekin eta bere esku- hartze eskultorikoak gauzatzen dituen guneekin duen elkarrizketa ia etengabea ere. Haren lan artistikoaren adibide ona da museoak erositako sarà-sarà obra: metalezko zortzi pare astazaldik osatzen
dute, eta haien gainean hainbat barra daude, horiek ere metalezkoak, eta tamaina desberdinetakoak; objektu itxuraz garrantzi gabeak, arruntak, eta ikusleari erakusten dizkiotenak denborak eta erabilerak eurengan utzitako aztarnak. Bere lanean, artistak ohitura du esperientziak gehitzeko, espazioan izateko eta egoteko aukerak, eta instalazio- eta muntaketa-prozesuan bertan modu batera edo bestera garatzekoak. Ez ditu bere sorkuntzak proiektu itxitzat hartzen, une oro zabalik dauden ikerketa- prozesutzat baino, zeinetan "harremanak eta irekierak" gertatzen diren, eta, batzuetan, sarbidea ematen duten "pentsamendu-hizkeraren eta materia-energiaren munduen arteko lotunera heltzeko".
Eskultura hau, 2020an Murtziako Párraga Zentroan egindako banakako erakusketaren karietara sortua, tamaina handiko eta garapen espazial biribileko lana da, eta inflexio-puntua da Bilbaok orain arte garatu duen lanean, lehen aldiz egin baitu erabateko autonomiadun obra bat, erakusketa baten edo esku-hartze
site-specific jakin baten denborazko esparrutik harago existi daitekeen "objektu" eskultoriko bat.
Artelan hau, esàk-esà, euskarazko herri-esamolde baten transkripzio fonetikoa da. Esamolde horrek "ezezkoa, ezezkoa" esan nahi du, eta Josu Bilbaok hiru eskultura-lan konplexurentzat aukeratutako izenburua da, hurrenez hurren Bartzelonako etHALL galerian, Santanderreko Botín Zentroan eta Bilboko Arte Ederren Museoan instalatutakoak (azken horretan, 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal herrian 1968-2018 erakusketaren barruan). Museoari dohaintzan emandako karpetak bertan egindako esku-hartzearen bost bozeto ditu. Eskultura horretan erabilitako materialen arrasto txikiak eta bere eskuak zuzenean eskaneatuz sortutako irudiak dira. Artistarentzat, paperean egindako lan delikatu horiek eskulturaren "bozetoarena" egiten dute, "nolabait esàk-esàren espazialtasuna zirriborratu zuten irudiak izan balira legez".
Juan Carlos Eguillor ilustratzaile polifazetikoak egin zuen kartel hau Bilboko lehen jaietarako, 1978ko abuztuan. Hirian bizi zen askatasun giroa irudikatzen du, demokraziaren etorrerarekin eta garaiko jai-giroarekin. Buruhandiek, dantzan ari diren bikoteek eta, bereziki, txistulariak balio sinboliko handia dute, eta horrek Bilboko Aste Nagusiko ikonoetako bat bihurtu du lan hau. Kartel honen dohaintzak bikain osatzen du Eguillorren obraren irudikapena museoaren bilduman.