X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

20|07|02 Azken dohaintzak, 2020

Bilboko Arte Ederren Museoa pozik dago, izan ere, aurten, azken hilabeteetan zehazki, artelan ugari eman dizkiote dohaintzan bere bilduman txertatzeko. Dohaintzek berriz ere erakusten dute museoak konpromisoa duela hainbat bildumagilerekin; lotura horixe da museoaren identitate-ezaugarrietako bat, gaur eguneraino iraun duena, bildumagileek asko lagundu baitute museoaren bilduma aberasten. Gizon-emakume horiek funtsezko eginbeharra izan dute museoaren sorreran eta garapenean, museoa ulertuz hiritarren ondare gisa eta kultur ondasun premiazko gisa, baita garapen kolektiboaren isla modura ere. Gogoan izan, azken bi hamarkadetan –hau da, Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioa eratu zenetik, 2001ean–, museoko bilduman obra gehiago sartu direla dohaintza bidez erosketa bidez baino. Bestalde, ez dira bakarrik pieza gehiago izan; aitzitik, dohaintzen ondare-balioa handiagoa izan da erosketena baino.

Datu hori bereziki nabarmena izan da azken urteetan, obra oso garrantzitsuak eman dizkiote-eta dohaintzan museoari: Maitasunaren garaipena Gerraren gainean (1784) margolana, Luis Paretena –Alicia Koplowitzek eman zuen dohaintzan, 2018an–, Bilbao (1983) altzairuzko eskultura, Richard Serrarena –Martín García-Urtiaga eta Mercedes Torronteguiren bilobek eman zuten, haiek omentzeko asmoz, 2018an –, Hanging Figures (1997) instalazioa, Juan Muñozena –Vizcaína Aguirren Fundazioak, Museoko Patronatuko kideak, eman zuen dohaintzan, 2019an–. Gaur egun, baldintza zailak diren arren, mezenasgo bikain honek tinko iraun du, eta, horri esker, azkenaldian jaso ditugun dohaintzen hautaketa bat aurkeztuko dizuegu gaur: Thomas Struth argazkilari alemanaren obra bat, Dora Salazarren (Altsasu, Nafarroa, 1963) eskultura bat, Vicente Larrea (Bilbo, 1934) eskultorearen hiru akuaforte, eta bi funts artistiko-dokumental, oso garrantzitsuak: batetik, Juncal Ballestín artistari dagokiona (Gasteiz, 1953-2015), eta, bestetik, Juan Carlos Eguillor artistari dagokiona (Donostia, 1947–Madril 2011). Testuinguru hauetan erakutsiko ditugu azken emariak: ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketan eta arte garaikideko aretoan [Dora Salazar eta Ballestín].

Publikoari aurrerago erakutsiko zaizkio; hala eta guztiz ere, esan beharra dugu bildumagile pribatu batek Lucas Vorsterman I.aren bi grabatu itzel eman dituela, interes handikoak; izan ere, lotura estua dute gure bildumako maisulan batekin: Lot eta bere alabak, Orazio Gentileschirena. Paper gaineko bi obra bikain horiez gainera, azpimarratzekoa da 1980an Vicente Ameztoik, José Luis Zumetak eta Carlos Zabalak margotu zuten mural kolektiboa, Lemoizko zentral nuklearraren aurkakoa.



 

Lucas Vorsterman Gentileschiren arabera
(Zaltbommel, Herbehereak, 1595-Anberes, Belgika, 1675)

Lot eta bere alabak, 1629-1630
Akuafortea eta berana paperean, 332 x 430 mm
Bildumagile pribatu baten dohaintza, 2020an


Lucas Vorsterman Van Dycken arabera
(Zaltbommel, Herbehereak, 1595-Anberes, Belgika, 1675)

Orazio Gentileschiren erretratua, Ikonografia
serietik
Berana paperean, 247 x 177 mm
Bildumagile pribatu batek emana, 2020an

Lehenengo grabatuari dagokionean, Bilboko museoko bilduman gordetzen den margolan batetik abiatutako estanpa bat da: Lot eta bere alabak, Orazio Gentileschirena. Grabatuak margo hori bera erakusten du, alderantziz. Lucas Vorsterman I.ak egin zuen, seguru asko Britainia Handian ibili zen garaian (1624-1630); hura zen Rubens eta Van Dyck margolarien grabatzaile kuttuna. Grabatuaren oinean, egileak eskaintza luze bat idatzi zion Gaspar Roomerri, merkatari eta mezenas flandestar ezaguna, zeina Napolin bizi baitzen. Bigarren grabatuan, berriz, Van Dyckek Gentileschiri zirriborratutako irudi ezaguna dakusagu; grabatua Ikonografia serie famatuan sartu zen. Ziur aski, Van Dyckek bere garai ingelesean egingo zuen marrazkia, eta Vorstermanek, berriz, Anberesen igaro zuen azken boladan egin izan zukeen grabatua, 1630etik aurrera.


 

Vicente LARREA
(Bilbao, 1934)

Izenbururik gabe
Akuafortea paperean
70 x 90 cm (papera); 45 x 61 cm (aztarna)
Artistak emana, 2020an

Vicente Larrea eskultoreak hiru grabatu eman dizkio museoari. Bata, museoan gordetako zink-plantxa bati dagokio: plantxa hori artistak berak eman zion museoari, 2013an, baina erakundeak ez zeukan haren estanparik. Beste bi grabatuak berriki sortu dira, eta Usoa Zumeta artista eta editoreak estanpatu ditu. Museoan, gainera, Larrearen beste bi grabatu daude –omenaldi gisa egin zirenak–, baita haien jatorrizko plantxak ere. Lehen grabatua, 1996koa, Jorge Barandiarani eskainia dago; bigarrena, berriz, 2008koa da, eta museoak bere mendeurrenaren harira eta hainbat artistaren ekarpenekin osatu zuen karpetari dagokio.


 

Juan Carlos EGUILLOR
(Donostia, 1947–Madril, 2011)

Izenbururik gabe
Tinta eta koloretako arkatza paperean
27,1 x 23,1 cm
Carmen Eguillor andreak emana, 2020an

Eguillor Donostian jaio zen, Madrilen aritu bazen ere lanean, eta Bilbon igaro zuen bere bizitzaren zati handi bat, non hirian gertatzen zenaren analista zorrotz bihurtu zen. Hiriaren berezitasunei ez ezik, Eguillorrek arreta jarri zien gaurkotasuneko gai polemikoei ere. Mota guztietako ilustrazio eta sorkuntza grafikoak landu zituen, hala haurrentzako ilustrazioak nola publizitatea, eta gauzak aztertzeko zituen dohain paregabeak baliatu zituen ezin konta ahala lanetan –asko, umore grafikoaren alorrekoak–, bai marrazkilari, ilustratzaile, pintore, historiagile, bideo-artista edo grabatzaile gisa.

Artistaren arrebak egindako dohaintza honetako lanak Eguillorrek hil zenean utzi zuen funts handitik aukeratu dira. Azken emaitza da haren ekoizpen polifazetikoaren errepresentazio paregabea: 99 obra paperean, 7 koaderno eta 4 objektu. Horietako batzuen aukeraketa txiki bat ikus daiteke areto honetan.


 

Vicente AMEZTOI (Donostia, 1946-2001)
Jose Luis ZUMETA
(Usurbil, Gipuzkoa, 1939, Donostia, 2020)
Carlos ZABALA
(Irun, Gipuzkoa, 1952)

Izenbururik gabe, 1980
Olioa tablex erako taulan. 500 x 700 cm gutxi gorabehera
Andikona 1936 elkartea, 2020an

1980ko azaroan Herrikoi Topaketak izeneko jardunaldiak antolatu ziren Bilboko Erakustazokan, Lemoizko (Bizkaia) zentral nuklearraren aurka, eta bertan egin zuten mural hau Vicente Ameztoi, Jose Luis Zumeta eta Carlos Zabala «Arrastalu» artistek. Zuzenean egin zuten, eta, ekitaldiaren ondoren, murala han geratu zen, abandonatuta. Hainbat gorabeheraren ostean, Andikona 1936 fundazioak hartu zuen obraren ardura; Otxandioko elkarte horrek memoria historikoa babesten du. Zumetak zaharberritu zuen murala, eta, orain arte, Otxandioko eskola publikoan eduki dute.

Mahaian, paisaia idiliko bat ageri da –larreak, zuhaiztiak, baserriak eta muinoak–; mahaiaren bueltan, berriz, botere politiko, ekonomiko eta militarraren ordezkari maltzurrak ikus ditzakegu. Bi suge aseezinek, elkarri loturik –batak bandera espainiarra islatzen du; besteak, berriz, estatubatuarra–, lurraldea eta haren baliabideak suntsitzen dituzte, eta bildutako gizonak gustura ari dira ikuskizunari begira. Mahai buruan, Ronald Reagan dago, garai hartan Estatu Batuetako presidentea zena.


 

Juncal BALLESTÍN
(Vitoria-Gasteiz, 1953-2015)

Izenbururik gabe, 1977
Margoa egurrean. 125 x 17,5 x 3 cm
Bildumagile pribatu batek emana, 2020an

Bilboko bildumagile pribatu batek eman ditu obra hauek: batetik, Juncal Ballestín, Miguel González de San Román, Carmelo Ortiz de Elgea eta Juan Mieg artista arabarren obren multzo garrantzitsu bat; bestetik, Alfonso Gortazar margolari bilbotarraren bi kartel original.

Nabarmentzekoa da Juncal Ballestín (1953-2015) artistaren funtsa: hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran sinatutako eskultura batzuk biltzen ditu, eta, orobat, laurogeiko hamarkadan egin zituen grabatuen ale eder batzuk. Horrez gainera, kultur instituzio eta elkarteentzat diseinatu zituen kartelak eta gonbidapenak daude. Pieza horiei esker, laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadan Arabako inguru artistikoan jardun ziren artista garrantzitsuenen lagin mardula edukiko dugu museoan, lehen aldiz.


 

Dora SALAZAR
(Altsasu, Nafarroa, 1963)

Ehuntzea II, 2001
Kobrezko haria. 230 x 60 x 60 cm
Jose Ramón Prieto jaunak emana, 2020an

1990eko hamarkadan agertu zen Salazar euskal artearen eszenan: hasierako obra hartan, objektu birziklatuak erabili zituen, eta giza figura hartu zuen erreferentzia gisa. Ehuntzea II izeneko pieza, berriz, eskala naturalean egindako eskultura-serie txiki baten parte da: kobrezko alanbrearekin eginda dago, material hori ondo egokitzen baita artistak bere eskulturari eman nahi zion arintasunarekin. Obra –figura femenino bat, gorputz-adarrik gabea–, sabaitik zintzilikatzen da. Ez du aurpegierarik ez identitate indibiduala adieraz lezakeen bestelako elementurik. Badirudi gorputza preso dagoela soineko baten edo kortse baten barruan, feminitatearen irudi estereotipatu bat islatzen duela. Ez dago inongo asmo narratiborik; aitzitik, arketipo bat bezalakoa da, eta zalantzan jartzen ditu emakumeen gorputzari eta jantziei tradizioan esleitu izan zaizkien rolak.

Salazarren helduaroko obra honen bidez, artistaren ekoizpeneko obra nabarmenetako bat gehitzen zaio Museoaren bildumari.


 

Thomas STRUTH
(Geldern, Alemania, 1954)

Iglesias familia, Donostia, 2015
Inprimatze kromogenikoa paperean
182 x 289 cm
Iglesias Fernández-Berridi familiak emana, 2020an

Obra hau –Guggenheim Bilbao Museoan erakutsi da berriki, Struthi eskainitako erakusketaren barruan– artistaren argazki-serie bereizgarrietako baten parte da; argazki-serie horietan, hain zuzen, mundu zabaleko jendea erretratatzen du, beren familiarekin. Kasu honetan, Eduardo Iglesias Hernández enpresari donostiarraren sendia ikus dezakegu –2019an hil zen bera–: bere etxeko lorategian agertzen zaigu, eserita. Alboan ditu bere lau seme-alabak: Eduardo, Alberto, Lourdes eta Cristina –azken hori, Cristina Iglesias, eskultorea da, eta, argazkia egin zen garaian, Struthekin batera lan egin izan zuen zenbait arte-proiektutan–; argazkian daude, halaber, protagonistaren seme-alaba politikoak eta bilobak. Badirudi argazkia bat-batean egin dela, baina, Struthen erretratu guztiak bezalaxe, aurrez egindako lan-saio luzeen fruitua da.

Askoren ustez, bizirik dagoen argazkilari sonatuenetako bat da Struth; horregatik, biziki interesgarria da gure museoko bilduman emari hau txertatzea..

Loturak