X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

19|06|24 Museoaren eta Bilboko Koral Elkartearen arteko lankidetza hitzarmena

Bilboko Arte Ederren Museoak eta Bilboko Koral Elkarteak akordioa sinatu dute, bi erakundeen arteko kultur lankidetza estutzeko

Bilboko Arte Ederren Museoa eta Bilboko Koral Elkartea dagoeneko mende batetik gorako historia daukaten hiribilduko bi kultur erreferente dira. Koral Elkartea XIX. mendearen amaieran sortu zen (1886an), musikaren ezaguera eta hedapena sustatzeko xedez, eta arreta berezia eman zion kantu koralari. Bestetik, museoa XX. mendearen lehenengo hamarkadan sortu zen (1908), antzinako artearen, arte modernoaren eta arte garaikidearen bilduma jaso, gorde, ikertu, erakutsi, aberastu, zerbitzuak mantendu eta kalitatezko jarduerak sustatzeko, gizartea hezteko asmoz eta Euskal Autonomia Erkidegoko balio kulturalak proiektatzeko xedez.

"Artearen ahotsak. Bilboko Korala Arte Ederren Museoan / Las voces del arte. La Coral de Bilbao en el Museo de Bellas Artes" izenburupean, hitzarmen honi esker, programa bat garatuko da, eta, horren baitan, koraleko hiru abesbatzetako edozeinek —haurrenak, gazteenak edo helduenak— bi emanaldi egingo ditu urtean, museoan bertan. Gainera, museoaren hezkuntza-programaren parte izango den tailer didaktiko bat antolatuko du Koralak.

Azkenik, Koraleko bazkideek eta museoko lagunek hainbat korporazio-onura jasoko dituzte: Koraleko bazkideek jasotzen duten deskontu bera izango dute museoko lagunek, kontzertuetara joateko sarrerak erosteko eta udan antolatzen diren haurrentzako musika-udalekuetan izena emateko orduan. Bestetik, Koraleko bazkideek tarifa murriztua ordaindu ahalko dute, museoa bisitatzeko.

Lankidetza hitzarmen bat orain eta lehen aldiz sinatzeak bi erakundeek beren pedagogia-lanarekiko duten konpromisoa indartzen du, eta, aldi berean, museoko testuinguru artistikoan musika hedatzeko esparru berezia sortzen du.

 

Zerrendara itzuli