X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

12|12|04 Eskuraketa garrantzitsu baten aurkezpena

Bilboko Arte Ederren Museoak, BBVA fundazioaren lankidetzari esker, Lucas Cranach Zaharraren lan nabarmen bat sartuko du bere bilduman. Aipatutako egilea artearen historiako margolaririk aipagarrienetakoa da, eta, Alberto Durerorekin batera, Alemaniako Errenazimentuaren protagonista garrantzitsua izan zen


Museoak Lukrezia (olioa oholean. 50,8 x 35,8 cm) izeneko artelana eskuratu du, Lucas Cranach Zaharrak (Kronach, Alemania, 1472–Weimar, Alemania, 1553) 1534an pintatutakoa. Madrilgo bilduma partikular batetik dator, eta 1.400.000 euroko prezioa izan du; zenbateko hori ordaintzeko, BBVAk artelanak erosteko museoaren esku jartzen duen eskuraketa-funtsa erabili da. Funts horri esker, 2002tik, museoaren bilduma aberasteko kudeaketa egonkorra ahalbidetzen du, eta duela gutxi berritu da zazpi urterako, 2,1 milioi euroko balioarekin; denbora-tarte horretan, museoaren instituzio fundatzaileek (Bilboko Udala, BizkaikoForu Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) printzipala itzulikodute, eta finantza-erakundeak, Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren babeslea den aldetik, bere gain hartuko ditu interesak.

Azken urteotan, museoak eskuraketa esanguratsu bat egin nahi zuen antzinako artearen bildumarako. Museoaren eta BBVAren arteko akordioa duela gutxi berritu izana eta mendebaldeko artearen historia osoko artistarik garrantzitsuenetako baten lan nabarmen bat agertu izana aukera aparta izan dira museoaren antzinako pinturaren bildumako ondare artistikoaren kalitatea areagotzeko.

Horri guztiorri, gaur egungo egoera ekonomikoa eta horrek artearen merkatuan duen eragina gehitu zaio. Lucas Cranach Zaharraren lan autografo honen erosketa kokatzeko, hona hemen aipatutako margolariaren lanen inguruan duela gutxi egin diren beste bi eskuraketa: 2010ekomartxoan, David eta Betsabe (1534) lana 5,3 milioi euroren truke salduzitzaion bildumagile pribatu bati, Maastrichteko (Holanda) arte eta zaharkinen azokan; eta, urte bereko abenduan, Louvre Museoak 4milioi euroren truke eskuratu zuen HiruGraziak (1531) lana.

Aukera honi esker, orain arte museoaren bildumako maisulanen artean ez zegoen artista baten margolan esanguratsua edukiko dugu.Gainera, lan honek nabarmen aberastuko du Europa iparraldeko Errenazimentuko margolarien ordezkaritza; izan ere, Cranach alemanaren garaikideak ziren antzinako flandestarren eta holandarren adibide garrantzitsuak daude bertan, esate baterako, Jan Gossarten Familia Santua (c.1525-1530), AmbrosiusBensonen Pietatea gurutzearen oinetan (c. 1530), edo Pieter Coeckeren Kristo hilaren gaineko erosta (XVI.mendearen lehen erdia), besteak beste.


Lucas Cranach Zaharra (Kronach, Alemania, 1472–Weimar, Alemania, 1553)

Lucas Cranach Zaharra margolari eta grabatzailea artearen historiako artistarik aipagarrienetakoa da, eta, Alberto Durerorekin batera, Alemaniako Errenazimentuaren protagonista garrantzitsua izanzen. Kronach (Frankonia) hiri alemaniar txikiaren izengoitia hartu zuen, bertan jaio eta bertan jaso zituelako, aitaren eskutik, lanbideari buruzko lehenengo ikasketak. Erreforma protestantearen guztiz alde zegoen, eta Martin Lutherren adiskide mina ere izan zen; hain zuzen ere, izaera didaktikoko lan erlijiosoak eta zenbait erretratu egin zituen harentzat. Gainera, biluzi femeninoaren gaineko ideal propioa sortu zuen, eta estilo horren erakargarritasun bereziak gaur egunera arte iraun du.

Bere lehenengo urteetako ezer gutxi dakigu, baina dokumentatuta dago 1502an Vienan egon zela. Hiri horretan unibertsitatearen inguruan sortutako giroak eragin handia izan zuen Cranachengan, izan ere, handik aurrera, ideal humanistak hartu zituen bere gain. 1505ean, Wittenbergen zegoen, eta hantxe geratu zen 1550era arte, Federiko III.a hautesleak gorteko margolari izendatu baitzuen. Han, eredu humanistari jarraituz, margolari eta grabatzaile gisa aritzeaz gain, artisautza antolatzeaz, proiektu arkitektonikoak gainbegiratzeaz, zeremonien garapena kontrolatzeaz eta gortearekin erlazionatutako giro estetiko osoa zaintzeaz arduratu zen. Hiriko burgumaisu izanik, liburu-dendabaten eta farmazia baten jabe ere izan zen, eta oparotasuna eta maila ona ekarri zizkioten hainbat negozio abiarazi zituen.

1508an, misio diplomatikoan, Herbeheretara bidaiatu zuen, Maximiliano enperadorearen gortera. Une hartatik aurrera, aldaketa sumatu zen bere pinturan, figurak modelatu leunez egiten hasi baitzen. 1520tik aurrera, bere tailer aktiboa (bertan lan egin zuten Hans eta Lucas Cranach Gaztea bi semeek) enkargu ugari jasotzen hasi zen, eta, gai erlijiosoekin eta erretratuekin batera, gai klasiko eta mitologikoen ekoizpen zabala egin zuen.

Bere bizitzako azken urteetan, Cranachek erbestera lagundu zion Juan Federiko I.a hautesleari; lehenengo, Augsburgera, eta, gero, Weimarrera. Hain zuzen ere, azken hiri horretan hil zen, 1553an. Joera askotan aritutako artista oparoa izaki, Lucas Cranach Zaharrak margolan eta grabatu ugari utzi zituen, eta haren tailerrak gerora ere jarraitu zuen lanean, margolaria hil eta hainbat hamarkadaren ostean ere haren lanen bertsioak sortuz.


Lucrezia

Tito Livioren narrazio klasikoaren arabera (gero hainbat historialarik jasotakoa eta idazle zein margolari askoren inspirazio-iturri izandakoa), Lukrezia neska gazte birtuosoa izan zen, LuzioTarkinio Harroa erregearen senidea zen noble erromatar batekin ezkondutakoa. Erregearen semea, Sexto Tarkinio, Lukreziaren edertasunarekin eta zintzotasunarekin maitemindu zen, eta hura seduzitzen saiatu zen, baina, helburua lortu ez zuenez, bortxatu egin zuen. Lukreziak bere aitari eta senarrari aitortu zien desohore hura, eta mendekua hartuko zutela zin eginarazi zien, euren aurrean aiztoa sartu eta bere burua hil baino lehen. Haren neba Lucius Juniusek garbitu zuen laidoa, erruduna hiltzerakoan. Gertakari horrek monarkiaerromatarraren amaiera ekarri zuen, eta, ondoren, errepublika ezarri zen.



Bilboko Arte Ederren Museoko Lukrezia

Espainiako museoek Lucas Cranach Zaharraren oso lan gutxi dituzte, eta Bilboko Arte Ederren Museoak olio bat gehitu dio multzo urri horri; aipatutako lanetatik, bost Thyssen-BornemiszaMuseoarenak dira, lau Pradoko Museoarenak, bat Lázaro Galdiano Museoarena, bat Sevillako Arte Ederren Museoarena eta beste bat Museu Nacional d'Art de Catalunya museoarena. Horietatik guztietatik, Thyssen-Bornemisza bildumako Iturriko ninfa lanean baino ez da biluzi femenino bat irudikatzen; beste guztiak, gai erlijiosoak, erretratuak edo paisaiak dira. Christian Zervosen Nus de Lucas Cranach l'ancien liburuan (1950ean editatua, Parisen) agertu zen lehen aldiz argitaratuta.

1534an datatutako eta margolariaren anagramarekin (hegodun suge bat) sinatutako Lukrezia lana pago-egurraren gaineko olioa da, 50,8 x 35,8cm-koa, zenbait belaunaldiz Espainiako bilduma batean egon dena.Rafalgo markesaren familiaz ari gara; XVIII. mendearen hasieran,Vienara erbesteratu zuten, Karlos artxidukearen aldeko Orihuelako altxamendua zuzentzeagatik Ondorengotza Gerran (1701–1713). Utrechteko Bakearen amnistiapean, erbestetik itzuli zen, eta Cranachen margolana Orihuelako bere jauregira eraman zuen. XIX. mendearen amaieran, koadroa Madrilera eraman zuten, eta bertan egon da geroztik, Gerra Zibilaren urteetan izan ezik; izan ere, garai hartan, Figueresera eraman zuten, Pradoko Museoko koadroekin batera. Duela gutxi, Espainiako Ondare Historikoko Ondasunen Kalifikazio, Balorazio eta Esportazio Batzordeak ondasun esportaezin izendatu zuen, Pradoko Museoak emandako txosten batean oinarrituta.

Koadroa Lucas Cranach Zaharraren jatorrizko lan autografoa da, eta bere tailerrak ez zuen bertan parte hartu. Gai profanoa jorratzen du–gorteak eta aristokraziak gai klasikoen inguruan izan zuen sukarraldi humanistaren ondorioz–, eta Cranachek aitzakia gisa erabiltzen du hori, bere ekoizpeneko biluzirik ederrenetakoa pintatu ahal izateko. Margolariaren gairik gogokoenetakoa da, eta, bakarka edo tailerraren laguntzarekin, gai honi buruzko hirurogei bertsiotik gora eginzituen. 

Atzealde ilun baten gainean, Lukreziaren emakume-figura agertzen da, maisu alemaniarraren ohiko zehaztasun teknikoa zirudikatuta, erdi biluzik eta hiru laurdenetan. Lepoan apaingarri aberats bat dauka, eta, bular gainean, kate-mailaz egindako idunekoa, biak ere nobleziaren ikurrak. Eskuineko eskuan daraman dagaren heldulekuak agerian uzten du, lehen aipatutako bi elementuekin batera, margolana egiteko modua osoa zaindua dela, urregintza-lanak irudikatzeko orduan. Beste elementu apaingarririk edo atzealdeko paisaiarik gabe, arreta guztia Lukreziaren pertsonaian eta haren anatomiaren edertasun zurbilean pilatzen da; izan ere, Cranachek nabarmendu egiten du emakumearen anatomia, argi indartsu bati esker. Elementu horien ukimenezko ezaugarriez gain, emakumeak bere gorputzaren zati bat estaltzeko erabiltzen duen belus granateko mantuaren ezaugarriak hartu behar dira kontuan, bai eta askoz ere finagoak diren beste batzuk ere; adibidez, ilea edo belo arina, zeintzuen bitartez Cranachek biluziaren sentsualtasuna nabarmentzen baitu, besoak eta eskuak kokatzeaz gain. Marrazketa bikaina, forma biribilduak eta siluetaren erritmo uhintsua erabiliz, Cranachek konposizioa osatzen du, eta, ondorioz, figura osoa begiradarekin zeharkatu beharra dago, aurpegiaren edertasun liluragarrira eta hiltzear den emakume heroiaren aurpegiera ameslarira heldu arte. Hori guztiori dela eta, artelan hau Lucas Cranach Zaharraren ibilbide oparoko eder, fin eta dotoreenetakoa da.


BBVA Fundazioa

Zerrendara itzuli