X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

19|03|06 Aurkezpena BBK/Museoa Programa 2019

Museoa handitzeko eta berritzeko Arkitektura Lehiaketaren deialdirako BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren artean izenpetutako lankidetza hitzarmenaren ondoren –otsailaren 11n–, BBK/Museoa 2019 Programa aurkezten da gaur. Bertan azaltzen dira aurten egiteko aurreikusi diren jarduera nagusiak, ildo hauei jarraituz: hezkuntza eta zabalkunde jarduerak, ikerketa bekak eta aldi baterako erakusketak.

 

Hezkuntza jarduerak

 

35 urteko ibilbide sendoarekin, museoaren Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak jarduera eskaintza zabala antolatzen du, era askotako premien arabera diseinatua eta gero eta ikusle gehiagori zuzendua. 60 jarduera eta tailer baino gehiago egiten dira urtero, eta horietan biltzen dira, besteak beste, eskola curriculumean ingurumenaren arloko kontzientziazioa babesten duten proposamenak, adineko pertsonen esperientziari arreta, museoaz familian gozatzeko aukera, etab. Azken hamar urteetan 266.115 lagunengana iritsi dira jarduera horiek. Hezkuntza programa guztiak eskaintzen dira euskaraz, gaztelaniaz eta, maila apalagoan, ingelesez, eta museoaren webgunean argitaratzen dira.



IKASLEAK - Pentsamendu kritikoa, sormena eta ingurumenaren arloko sentsibilizazioa

Museoak ikasleentzat prestatzen dituen hezkuntza proposamenen bitartez, elkarrizketarako eta gogoetarako tresna bihurtzen dira artelanak, eta, horrez gainera, pentsamendu kritikoa eta sormena garatzen dituzte. "Museoan zehar", "Kontaktu ibilbidea", "Sarrera ibilbidea", "Oinarrizko ibilbidea" eta "Antzinako Pintura" ibilbide klasikoa, ingurumenaren alorreko sentsibilizazioari lotutako jarduerak –hala nola "Berrerabili ditzagun hondakinak" edo "Ezohiko ibilbideak" esaterako– eta aldi baterako erakusketa nagusietarako osatutako jarduera bereziak; jarduera horien guztien bitartez erantzuten die museoak hezkuntza sistemaren maila guztiei.



GAZTEAK - Museoa, eremu alternatiboa

"Begirada gurutzatuak" 15 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa bat da. Goiz batean zehar, bi artistek dinamizatutako proposamen bati buruzko eztabaida egiten dute ikasle talde txikiek, eta, ondoren, irudietan erakusten dute bizitako esperientzia. Era horretara, eremu alternatibo bat sortzen da museoan, zeinetan gazteak diren beren bizi ikaskuntzan balia ditzaketen ekintza-sorkuntzen protagonistak.



FAMILIAK - Artea eta sorkuntza familian

1 eta 3 urte bitarteko txikien estimulazio goiztiarreko jardueretatik hasi eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzako jardueretaraino, museoaz familian gozatzeko pentsatuta dago programa hau. Online erreserbatu liteke eta oso harrera ona edukitzen du urtean izaten diren bi deialdietan. Hezitzaile-artista baten bitartekaritzarekin, taldearen interesen arabera aktibatzen da esperientzia. "Imajinatu museo bat", "A zer kontua", "Museoa dantzan", "Zer forma dira hauek!", "Gyncana museoan", "Ehunaren ibilbideak", "Zure ametsetako txabola", "Postal bidaiariak" edo "Koloreen hotsa" dira programa honen izpiritua erakusten duten izenburuetako batzuk.



HELDUAK- Etengabeko prestakuntza

Etengabeko prestakuntza jasotzeko denok dugun eskubidea bermatzeko helburuarekin, epigrafe honetan biltzen dira prestakuntza programetako helduei eta kulturaren alorreko kezkak dituzten elkarteei zuzendutako jarduerak. Bilduma iraunkorrean barneko ibilbide autonomoak eskaintzen dira, Hezkuntza Sailak diseinatutako material idatzi eta ikus-entzunezkoekin lagunduak, eta baita aldi baterako erakusketekin lotura duten bisitak eta tailerrak ere, hezkuntzako langileek zuzenduak.



60 URTETIK GORAKOAK - Ezagutza eta memoria

60 urtetik gorakoentzako hiru jardueraren bitartez –"Istorioak elkarlotzen" eta "Memoria partekatuak", eta kafe tertulia bat–, arteak tresna kolaboratzaile gisa jarduten du, parte hartzaileen ezagutzari eta memoriari laguntzeko. Lehenengo kasuan, ehun zuntzekin eta hitzekin egiten den lanak gidatzen du jarduera; bigarrenean, erakusketari bisita egin ondoren, kafe katilu bat izaten da hitz egiteko eta iritziak trukatzeko aitzakia.

 

Zabalkunde jarduerak

 
•Letra partekatua tailerra (ABC sekretua)

Erakusketek irauten duten bitartean jarduerak egiteko aukera ematen du erakusketa programak. Denborari egokitzen zaion ezaugarri horri esker, proposamenak askotarikoak izaten dira, eta museoaren webgunearen bitartez doan deskargatu daitezkeen materialarekin batera eskaintzen dira.

"Letra partekatua tailerra (ABC sekretua)" tailerrean, Ana Isabel Román eta Edu Lópezen eskutik, bost ibilbide proposatzen zaizkie ikusle helduei ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketan barrena. Hitzaldi parte hartzailearen bitartez, artelanekin duten harremana azaltzen dute bi artistek, eta beren lanari buruzko ezagutzen berri ematen dute, erakusketaren muntaketan izan duten esperientziatik abiatuta.

 

• Prado Museoaren Lagunen Fundazioarekin antolatutako hitzaldi zikloa

1998. urteaz geroztik hau da museoan aitorpen handieneko jardueratako bat, bai gaien kalitateagatik eta interesagatik bai zikloetan parte hartzen duten hizlarien izenagatik, gure ikusleei bildumarekin eta Prado Museoaren historiarekin zerikusia duten hainbat alderdi erakusten baitizkie. Dagoeneko 21 edizio antolatu dira, eta hiru mila parte hartzailek baino gehiagok eman dute izena. 2018/2019 ikasturtean "Arte fantastikoa" zikloa izan zen –erabat bete zen–. Ziklo horretan, halaber, Fundazioaren zuzendari Francisco Calvo Serraller-i hil ondoko omenaldia egin zitzaion, aurreko urteko azaroan zendu baitzen.

 

BBK-Museoa Ikerketa artistikorako Bekak

 

Museoaren beraren ikerketa zereginaren barruan, 1982. urteaz geroztik, lehiaketa baterako deia egiten da bi urtez behin, bi ikerketa beka emateko helburuarekin; graduondokoa duten unibertsitateko ikasleei eta doktoradutza ikastaroetan izena emana dutenei zuzendua da. Ikerketa beka horien helburua da museoko bildumetan garrantzia duten gaiei eta, bereziki, euskal arteari buruzko azterketak eta ikerketa sustatzea. Urtebetekoak izaten dira bekak, eta diru kopurua 1.000 eurokoa da, hileko.

2019. urterako, David Fuente Adriáni emandako 17/18 beka, Encuentros y desencuentros y estelas del Grupo Emen. Arte en Bizkaia (1966-1980) gaiari buruzkoa, urtebetez luzatzea hitzartu zen.

 

Zuloaga (1870–1945) erakusketa

 

Bilboko Arte Ederretako Museoa, 32. aretoa
2019ko maiatzak 29 – urriak 20
BBK-k babestua

Bilboko Arte Ederren Museoak, BBKren babesarekin, Ignacio Zuloaga (Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madril, 1945) margolariari buruzko atzera begirako erakusketa handi bat aurkeztuko du uda honetan. Zuloaga bere garaiko espainiar artista handienetakotzat hartzen da, eta baita nazioartean oihartzun handiena izan zuenetakotzat ere.

Zuloagaren pinturak figurazioa ulertzeko modu berri bati eman zion hasiera, XX. mendearen hasieran, estetika oso pertsonalaren bitartez, zeinak uztartzen dituen herri mailako osagaiak eta erreferentzia klasikoak abangoardiako hizkuntzekin eta Espainiako eskolaren tradizioarekin.

Erakusketa hau izango da 1990. urteaz geroztik margolariaren ibilbideari buruz antolatzen den atzera begirako lehenengo erakusketa. Ehun margolan inguruk osatuko dute erakusketa, hasi lehenengo urteetatik eta estatu mailan zein nazioartean izena lortu arteko urteetara. Azken urteetan egindako ikerketa sakonari esker erakutsiko dira lehen aldiz hainbat eta hainbat lan eta artistaren hainbat alderdi ezezagun.

Bilboko museoan gordeta dauden margolariaren maisulanez gainera –besteak beste Villamarciel markesaren erretratua (c. 1893), Kardinala (1912) eta Mathieu de Noailles kondesaren erretratua  (1913)–, partikularren eta hurbileko erakundeen maileguak erakutsiko dira, hala nola Pedrazako Ignacio Zuloaga Museoa (Segovia), Madrilgo Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionala, Museu Nacional d'Art de Catalunya, baina baita nazioartekoenak ere, hala nola New Yorkeko Hispanic Society, Parisko Musée d'Orsay, Galleria Internazionale d'Arte Moderna di Ca'Pesaro Venezian eta Mexikoko Franz Mayer Museoa.

Komisario lanetan Museoko Bilduma Saileko buru Javier Novo González eta Mikel Lertxundi Galiana ikertzailea aritu dira elkarlanean, eta elkarlan hori izan da, hain zuen, atzera begirako erakusketa honen, katalogoaren eta dokumentu ugarien oinarria. Horri guztiari esker ikusleek hobeto ulertuko dute margolariak lortu zuen garrantzia: liburuak, aldizkariak, argazkiak, gutunak eta beste agiri batzuek erakutsiko dute Zuloagaren giza alderdia zein hark eragindako masa fenomenoa.

Erakusketa hiru aldi hauen inguruan egituratuko da:

 

Zuloaga Zuloagaren aurretik 1889-1898

Ignacio Zuloagaren lana lotuta dago Errealismoarekin. Ia modu autodidaktan trebatu zen estilo horretan, 1880. urtearen amaieran, Madril eta Erroma artean, eta, handik gutxira, mende amaierako Parisen hobetu zuen. 1889an Parisera iritsi zenetik bertatik interesatu zitzaion joera sozialeko eta estetika sinbolistako errealismoa, eta interes horrek bultzatuta sortu zituen Parisko aldiriko pertsonaia anonimoak protagonista zituzten paleta hotz eta giro poetikoko lanak. Ikuspegi haiek formatu txikiko lanetan jaso zituen, zeinetan esperimentatu zuen abangoardiako hainbat hizkuntzekin.

 

Zuloaga 1898–1925

1898an, Zuloagak erabat aldatu zuen bere ibilbidea eta Espainiako pinturan Goyaz geroztik aurrekaririk ez zuen arrakasta lortu zuen nazioartean, Mariano Fortunyren ekoizpen labur baina emankorra alde batera utzita, Joaquín Sorolla garaikidearen arrakastarekin baino ezin konpara daitekeena.

Garai horretan sortu zitzaion Gaztelako herrietako nekazarien lanarenganako interesa, baina horiek mihise handietan erakusten zituen. Irudi bereziak eta pertsonaia apalak ziren berriro ere protagonistak. Lan horiek ospe handia eman zioten nazioartean, artista berezi eta bakar gisa; jaio zen herrialdean, aldiz, lanen bidez 98aren ondorengo krisi nazionala agerian uzten zuela salatu zitzaion. Espainiaren bere ikuspegia garaiz kanpokotzat jo zen berehala, eta, XX. mendean barrena, Zuloagaren arrakastak sakon haserretu zituen Espainiar artearen egitura zaharrak, erakundeak zein agintariak, arte lehiaketak eta horietako epaimahaiak, arte kritikariak eta, hedaduraz, aurreko horiek guztiek alienatuta, iritzi publikoa.

1890eko hamarraldiaren amaieran, Zuloagak eratua zuen bere hizkuntza propioa, zeinetan, gazte denborako erreferentzien izpiak ikusten badira ere oraindik, nabarmenak diren Espainiako eskola tradizionalarekin dituen loturak, hasi manierismotik eta barrokotik Goyaraino. Zuloaga, bere izaeraren eta bere familia harremanen ondorioz, giro intelektual bikainetan eta kosmopolitetan ibili zen beti. Hala ere, eibartar margolariarentzat beti izan zen erakargarria bizitza bohemioa eta mundutarra, eta horregatik bete zituen bere lanak pertsonaia bereziekin, nola Pariskoak hala Segoviakoak: eskaleak, gizaki nanoak, konkordunak, morfinomanoak, ijitoak, prostitutak, karta botatzaileak, dantzariak, abeslariak, kopla abeslariak, pikadoreak edo zezenketariak.

Garai horretan lortu zuen ospea, nekazarien, zezenketarien eta ijitoen eszenengatik –Espainia Beltza deitu izan dena–, baina baita erretratu dotore izugarriak margotzeko gaitasunagatik ere. Garai horrek hartzen du nazioartean izan zituen lehenengo arrakastetatik hasi eta 1925ean Estatu Batuetan egindako erakusketetarainoko aldia, eta ordukoak dira margolariaren margolan enblematikoenak.

 

Zuloaga Zuloagaren ondoren 1925–1945

1925an Ipar Amerikan egindako biraren ondorengo arrakasta eta gero, Zuloagak etekina atera zien arrakasta eman zioten formulei, eta maisuaren erretratuak nahi zituzten goi-mailako bezeroen aginduak baino ez zituen egin ia.

Ez zuen ia generoko lanik egin, natura hil finak salbu; erretratuen aldia izan zen, inondik ere. Baina, horrez gainera, aldi iluna eta haren biografo gehienek saihestutako aldia ere izan zen, oso zaila zelako ikuspegi ideologikotik. Bi mundu gerren eta bereziki Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, Zuloaga propaganda nazionalaren helburu izan zen zuen izenagatik eta abangoardien esperimentazio formalen panoramatik urrun zegoen hizkuntza artistikoa erabiltzen zuelako.

 

 

Zerrendara itzuli