X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

14|12|19 Iberdrola Museoa Programa 2014

Zaharberritutako artelanen aurkezpena

Iberdrolak museoaren Kontserbazio eta Zaharberritze programa babesten du, bertako bilduma iraunkorreko zenbait artelanen urteroko azterketa eta tratamendua finantzatuz, eta Kontserbazio eta Zaharberritze sailean Prestakuntza Beka bat eskainiz. 2014 urtean, pieza hauek tratatu dira: XVI. mendeko ohol flandestar bat; Antonio María Lecuona eta Juan Barroeta euskal egileen margolan bana, XIX. mendekoak; eta beste bi, Vicente Ameztoy eta Mikel Díez Alaba artista garaikideenak. Azkenik, paperean egindako lanen atalean, XIX. mendeko azken hamarkadetan datatutako 15 marrazki landu dira, denak ere Roberto Laplaza bilbotarrarenak.

Artelan horien doikuntza-lanak egiteko, zenbait esku-hartze mota egin behar izan dira, zeukaten kontserbazio-egoeraren arabera. Hori horrela, kontserbazio prebentibora bideratutako ekintzak egin dira; esate baterako, markoztatzea eta muntatzea, artelan bakoitzerako prestatutako material zehatzekin. Atal hau bereziki esanguratsua da Roberto Laplazaren paper gaineko marrazkien kasuan; izan ere, euskarriak berez duen hauskortasunaren ondorioz, modu berezian markoztatu behar izan dira, hezetasunaren, argiaren eta tenperaturaren ingurumen-aldaketen eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Era berean, Zigorkatzea margolan flandestarraren markoa aldatu da, eta bere garaiarekin bat datorren beste bat aukeratu da. Marko berriak babes-sistema dauka, islatzeen aurkako kristal organikodun kutxa klimatikoan. Kristal horrek ez du margolana ikusteko aukera oztopatzen, eta, aldiz, artelana babesten du kaltegarria izan daitekeen edozein agentetatik.

Beste zenbait lan egin dira ikerketa zientifikoaren esparruan; esate baterako, artelanen gainazal piktorikoa osatzen duten pigmentu, aglutinatzaile eta bernizen berri zehaztasun osoz izateko egindako azterketa analitikoak. Halaxe egin da aipatutako margolan flandestarrarekin, eta analisiak balio handiko datuak eman ditu, obra hori hobeto ezagutu ahal izateko. Gauza bera gertatu da Vicente Ameztoyren obrarekin ere, eta, modu horretan, gainazal piktorikoa eraldatzen zuten eta jatorrizkoak ez ziren berniz eta substantzien osaera zehaztu da.

Azkenik, kontserbazio-lan zehatzak egin dira (esate baterako, materia finkatzea eta haren egitura edo osaera kimikoa egonkortzea), bai eta zaharberritze-lanak ere, materia piktorikoaren hutsuneak berrintegratzeko orduan. Obrarik zaharrenetako berniz herdoilduak garbitu eta desagerrarazi ostean, kasu guztietan egiaztatu zen galerak edo hutsuneak zeudela geruza piktorikoan, eta, antzinako zaharberritzeetan, hobeto edo okerrago, ukitu egin zirela geruza horiek. Berrintegrazio kromatikoko lan zorrotza egin behar izan zen, obra bakoitzari unitate bisuala itzularazteko. Lan hori bereziki zehatza izan da Juan Barroetaren Nire familiaren erretratua obran; izan ere, txarto eginda zeuden eta jatorrizkoak ez ziren esku-hartzeek nabarmen kaltetu zuten artelana.



Iberdola Museoa Programa
Museoaren beka-programa
Fundación Iberdrola

Zaharberritze programa Storify-ean
Bideoa: Zaharberritzea - "Retrato de mi familia", Juan Barroeta

Zerrendara itzuli