X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

16|12|13 Iberdrola Museoa Programa 2016

Zaharberritutako artelanen aurkezpena


Iberdrolak laguntza ematen dio Museoaren Kontserbazio eta Zaharberritze Programari; hain zuzen ere, finantziazioa ematen du urtero bilduma iraunkorreko artelan batzuen tratamendurako, eta, gainera, Prestakuntza eta Ikerketako Beka bat esleitzen du, Kontserbazio eta Zaharberritze Sailean aritzeko.

2016. urtean zehar, bildumaren lan hauetan egin dira tratamenduak, Kontserbazio eta Zaharberritze Iberdrola Programari esker: Jan Mandijn Flandesko maisuaren Bankete umoretsua (c. 1550), Alberto Arrúeren Oturuntza (c. 1921-1922), Vicente Ameztoyren bi lan, Izenbururik gabe (c. 1972) eta Izenbururik gabe [Poxpolinak (Arias Navarro)] (c. 1978) eta Antonio González Ruizen San Pedro Nolasco (c. 1739) eta dagokion erreprodukzioaren grabatua, Juan Bernabé Palominorena (urte berekoa). Azkenik, paper gaineko lanen hautaketari dagokionez, aurreko urteetan hasitako lanarekin jarraitu da, eta Roberto Laplaza bilbotarraren XIX. mende amaierako hamabi marrazki zaharberritu dira.

Iberdrola Programak, beste batzuetan bezala, laguntza eman dio, pieza horietako materialaren tratamenduaz gainera, horien azterketa historiko-artistikoari. Jarduteko modu horrek balio handiko ondorioak eskaini ditu San Pedro Nolasco kobrearen kasuan; 1927an sartu zen museoaren bilduman, XVIII. mendeko espainiar anonimo gisa, baina, gaur egun, Juan Bernabé Palominoren erreprodukzio-estanpa batekin egindako konparazioari esker, Antonio González Ruiz margolariaren lan gisa katalogatu ahal izan da. Zaharberritze lan horren bitartez berretsi ahal izan da hori, izan ere, lan horren ondorioz, haren sinaduraren arrastoak agertu dira lanaren eskuinaldean, behean; zehazki, "A" letra "g" kateatu batekin eta "Fa", faciebat esapidearen laburdura ("egin ninduen").

 

 

JAN MANDIJN

JAN MANDIJN
(Haarlem, Herbehereak, 1502-Anberes, Belgika, 1560)
Bankete umoretsua, c. 1550
Olioa oholean. 98,5 x 147 cm
Laureano de Jado jaunaren legatua, 1927

 

Pintura flandestar irrigarriaren tradizioari jarraitzen dion eszena da, eta landa eremuko ezkontza bat irudikatzen du. Bertako pertsonaia xelebreak eta lizunkeriaren, sabelkeriaren eta ergelkeriaren inguruan nola edo hala ezkutatuta dauden sinboloak garai hartako Herbehereetako literaturatik hartuak dira gehienbat, eta gizakien jokabide gaitzesgarriei buruzko ikasgai moralizantea eskaintzen dute.

TRATAMENDUA: Azaleko geruzari egin zaio tratamendua, eta oxidatutako berniza eta antzinako ukituak kentzea izan da lanaren oinarria. Materia piktorikoari egonkortasuna eman ondoren, hutsuneak iztukatu dira, eta, amaitzeko, berreskuratu egin dira koloreak eta bernizadura. Atzealdea garbitu da, eta Jado ondarearen jatorrizko bi etiketa berreskuratu dira. Itxurari dagokionez, halaber, marko berri bat jarri zaio, lanaren garai bereko estiloarekin eta garaiarekin bat datorrena, eta, kontserbazioko muntatze lana osatzeko, babes akriliko bat eta polikarbonato zelularrezko atzealdea jarri zaizkio.

 

 

ALBERTO ARRÚE

ALBERTO ARRÚE
(Bilbao, 1878-1944)
Oturuntza, c. 1921-1922
Olioa oholean. 124,5 x 185,5 cm
2014an egindako dohaintza partikularra

 

Lan hau Buenos Airesko Müller Aretoan antolatutako Alberto Arrúeren banakako erakusketan erakutsi zen, 1922ko uztailean, antzeko kezka soziala zuten beste hainbat lanekin batera –Itotako arrantzalea eta Kaleratuak–. Langile bat ikusten da Bilboko itsasadarrean, emazteak eta semeak ekarritako hamaiketakoa jaten, atsedenaldian. Sinplifikazio formalak eta irudien tratamendu monumentalak garai hartako euskal artearen premisei erantzuten die, eta hark, aldi berean, Aurelio Artetaren pintura hartzen zuen erreferentziatzat.

TRATAMENDUA: Oxidatutako bernizen eta azaleko geruzaren tratamenduak egin behar izan dira, prozesu kimiko eta mekanikoen bitartez, geruza horien gogortasuna eta lodiera dela-eta. Euskarria oso ahulduta zegoen, eta azaleko garbiketa egin da, deformazioak zuzendu dira eta armazoi berri batean muntatu da, forradura mugikor baten bitartez. Ondoren, hutsuneak iztukatu eta berreskuratu dira. Amaitzeko, bernizatu, eta kontserbatzeko markoan jarri da, polikarbonato zelularrezko babesarekin atzealdean.

 

 

VICENTE AMEZTOY

VICENTE AMEZTOY
(Donostia, 1946-2001)
Izenbururik gabe, c. 1972
Olioa oholean. 195 x 114 cm
1988an eskuratua

 

Horizontalki bi erdi berdinetan banatuta dagoen konposizio bertikala da. Iparraldeko argi lainotsua gogorarazten duten antzeko orografiako eta berde eta gris paleta bereko bi paisaiatan dago banatuta lana. Surrealismoaren baliabideen bitartez, Ameztoyk nahastu egiten du ikuslearen pertzepzioa; izan ere, beheko erdian urruneko perspektiba bat aurkezten du, eta goiko erdian, berriz, hurbilagoko bat; era berean, biak halo atmosferiko batez daude uztartuta. Lan honetan naturak ematen duen misterioak XIX. mendeko margolari erromantikoen interesekin lotzen du Ameztoy.

 

VICENTE AMEZTOY

VICENTE AMEZTOY
(Donostia, 1946-2001)
Izenbururik gabe [Poxpolinak (Arias Navarro)], c. 1978
Olioa oholean. 140 x 108 cm
2015eko dohaintza partikularra

 

Irakurketa konplexuko lan honetan, Euskal Herriaren intrusio politiko, kultural eta ingurumenaren alorrekoa lantzen du Ameztoyk, elkarren artean guztiz desberdinak diren osagaietatik abiatuta eta karga ironiko nabarmenarekin. Carlos Arias Navarro politikari frankistaren irudi bikoiztua agertzen da, zuri beltzean eta koloretan, euskal jantzi tradizionalekin (Sección Femeninak sortua), Muskizko paisaiaren gainean: Petronor findegia ikusten da atzean, eta insignus pinu landatuak, aurrealdean.

TRATAMENDUA: Bi margolan hauek xurgatze bidezko tratamendua izan dute, finkoa zein eramangarria, materia piktorikoa sendotzeko eta euskarriak zuzentzeko; bestalde, euskarrietan konponketak egin dira, perimetroko urratuetan. Aurrealdeko eta atzealdeko azaleko garbiketak egin dira. Amaitzeko, hutsuneak zein aurretik egindako tratamenduen ukituak doitu dira kromatikoki. Kontserbazioko markoak jartzeko lanari dagokionez, polikarbonato zelularrekoak jarri dira atzealdean.

 

 

ANTONIO GONZÁLEZ RUIZ

ANTONIO GONZÁLEZ RUIZ
(Corella, Nafarroa, 1711-Madril, 1788)
San Pedro Nolasco, c. 1739
Olioa kobrean. 42,5 x 30 cm
Laureano Jado jaunaren legatua, 1927

 

Antonio González Ruiz XVIII. mendeko espainiar artista aipagarrienetako bat izan zen. Fernando VI.aren ganbera-margolaria eta San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademiako zuzendari nagusia izan zen. Kobrezko euskarri txiki honetan, kolore soil eta marrazki zehatzen bitartez, Mesedetako ordenaren sortzaile San Pedro Nolascoren debozio-irudi bat agertzen da.

TRATAMENDUA: Azaleko geruzari tratamendua egin zaio, eta oxidatutako bernizak eta aurreko zaharberritze lanen ondoriozko ukituak kendu dira. Materia piktorikoa egonkortu eta sendotu ondoren, iztukatu egin dira hutsuneak, eta koloreak eta bernizak leheneratu dira. Euskarri metalikoan, kobrean, ere egin da tratamendua, deformazioak zuzentzeko. Kontserbazioko muntaketari dagokionez, marko berri bat, babes akriliko bat eta polikarbonato zelularreko atzealde bat erantsi dira.

 

 

JUAN BERNABÉ PALOMINO

JUAN BERNABÉ PALOMINO
(Kordoba, 1692-Madril, 1777)
San Pedro Nolasco, 1739
Zizelkatze leuna paperean. 33,3 x 21,9 cm
Partikular baten dohaintza, 2014

 

Juan Bernabé Palomino XVIII. mendeko grabatzaile handia Antonio Palomino tratatu-idazle ospetsuaren iloba eta Antonio González Ruiz margolariaren suhia izan zen. Aitaginarrebaren ereduari jarraituz, beheko idazkunean ageri den bezala, José Antonio López de Mezquía arabarra Mesedetako ordenaren maisu nagusi izendatu zutela ospatzeko egin zuen estanpa hau.

TRATAMENDUA: Zaharberritzeko, lehenbizi, bigarren mailako euskarria eta finkatzeko itsasgarria kendu dira. Ondoren, paperaren deformazioak zuzendu dira, eta euskarria eta eutsitako osagaiak sendotu dira. Amaitzeko, hutsuneak kromatikoki doitu dira, eta kontserbazioko muntatze lanak egin dira.

 

 

ROBERTO LAPLAZA

ROBERTO LAPLAZA
(Bilbao, 1842-Madril, 1930)
Ikatz-ziriz eta tintaz marraztutako 12 marrazki, paper berjuratuan, 1875 eta 1895 bitartekoak
2007an eskuratuta

 

Laplaza bilbotarraren karrera artistikoa Madrilen igaro zen batez ere. Horma-irudien lan handietan hartu zuen parte han. Museoak ikatz ziriz egindako ehun marrazki inguru ditu, irudi alegorikoekin, urtaroei buruzkoekin, arte edo bertute teologalekin, besteak beste, madrildar aristokraziaren elizetako eta jauregietako dekorazioen zirriborro izan zirenak.

TRATAMENDUA: Garbiketa mekanikoa egin da, brotxa eta goma bereziekin. Ondoren, kimikoki egonkortu da euskarria, deformazioen tratamenduak egin dira eta galerak leheneratu dira, txertoen bitartez. Azkenik, kromatikoki doitu dira hutsuneak, eta kontserbazioko muntaketa lana egin da.

 

 



Iberdola Museoa Programa
Museoaren beka-programa
Fundación Iberdrola

Zerrendara itzuli