X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

17|12|19 Iberdrola-Museoa 2017 Programa

Kontserbazio eta Zaharberritze Programaren aurkezpena

 

Bilboko Arte Ederren Museoa, 2017/12/19.- 2017. urtean, museoaren bildumako 37 artelanetan esku hartu da, kontserbazio eta zaharberritzerako Iberdrola-Museoa Programari esker. Besteak beste, pieza hauek ditugu: Platera (c. 1500), Alfar de Manises (Valentzia); Sortzez Garbia (c. 1665),José Antolínez; Juan Crisóstomo de Arriagaren monumentua, Francisco Durrio; Bilboko paisaia. Sendeja kalea (c. 1917), Aurelio Arteta; 13 esmalte, Ricardo Arrúe eta Ramiro Arrúe –besteak beste, Natura hila (1925), Biluzia, eta Medusa (1920)–; San Pedroren sermoia eta San Pedro eta San Pablo epailearen aurrean, Pedro Serra; Natura hila (XVII. mendearen hirugarren laurdena), Jan van Kessel I; Pietatea gurutzearen oinaldean, Luisa Roldan "La Roldana"; Saint Jeango muturra. Cap Ferrat (XIX. mendearen azken herena), Martín Rico; Topalekua IV (1973), Eduardo Chillida; Izenbururik gabe (1988-1989), Ricardo Catania –2017an museoari eman ondoren, lehen aldiz aurkeztua–; eta To the Sleeping Part (1993), Pello Irazu.

Azkenik, paper gaineko obren atalari dagokionez, jarraipena eman zaio aurreko hiru urteetan hasitako zaharberritze-lanari: Bilboko Roberto Laplazaren XIX. mende amaierako hamabi marrazki zaharberritu dira, ikatz-ziriz, arkatzez eta tintaz paper gainean eginak denak.

Beste batzuetan bezala, Iberdrola Museoa Programa, piezen tratamendu materialaz arduratzeaz gain, lagungarria izan da haien azterketa historiko-artistikoa egiteko.

María José Ruiz-Ozaitak, Jon Apodakak, Mercedes Brionesek, José Luis Merino Gorospek eta Sandra Rodríguez de Paulak –Ibedrola España Fundazioa bekaduna– osatutako Kontserbazio eta Zaharberritze Sailak obra guztietan esku hartu du, Javier Chillida eta Equipo 7ren laguntzarekin.

 

 

FRANCISCO DURRIO

FRANCISCO DURRIO
(Valladolid, 1868 - París, 1940)
Juan Crisóstomo de Arriagaren monumentua
Letoizko eskultura, urre-geruzarekin eta granitozko oinarriarekin.

 

Eskulturan, zeramikan eta urregintzan aritutako Durrioren lanek postulatu modernistak eta sinbolistak betetzen dituzte, eta joera nabaria dute forma oker, lau eta soilekiko. Artista honek erakusketa ugaritan parte hartu zuen Parisen, eta kritikari askok laudatu zuten haren obra, esaterako, Mallarmék eta Apollinairek.

Arriagaren monumentuak musikaren musa irudikatzen du, lira bat eskuetan duela, bularrean bermaturik, Bilboko musikagilearen galera goiztiarrak eragindako nahigabearen sinbolo gisa. Sutan horitutako letoiaz egindako figurak zerurantz zuzentzen du begitartea, eta arku iradokigarri bat markatzen du gorputzarekin. Monumentuaren oinarrian, aldeetako batean, maskara bat dago, begiak itxirik eta eskuak gorantz zabaldurik dituena, ahotik ura dariola. Kontrako aldean, bi esfinge txiki daude, ur-turrustaz horniturik.

TRATAMENDUA: Obran esku hartzen hastean, ura banatzeko barneko sistema berraztertu zen. Horretarako, eskultura garabi batekin jaso eta ura iturriko hodietara bideratzen duen zirkuitua utzi zen agerian. Teknikari espezializatuek berrikusi ondoren, konpondu egin zen. Aldi berean, eskulturaren gainazala garbitu, eta ukituak egin ziren patinan. Tratamenduaren azken aldian, granitozko junturetako morteroa kendu, eta tonu berdintsuko beste mortero berezi bat jarri zen haren ordez.

 

 

PEDRO SERRA

PEDRO SERRA

PEDRO SERRA
(Bartzelona, 1343 - 1405)
San Pedroren sermoia / San Pedro eta San Pablo epailearen aurrean
Tenpera oholean. 125 x 101 zm

 

XIV. mendean jardunean ari zen Kataluniako pintore familia garrantzitsu batena izan zen. Serra anaiek Sienako eraginpeko estilo italo-gotikoa landu zuten: figura estilizatuak, begi arrailduak eta aho txikiak. Aurkezten ditugun piezak San Pedro de Cubellseko (Lleida) erretaula nagusikoak izan ziren; ziurrena, santuari eskainitako zikloa irudikatzen duen erdiko atalean egongo ziren.

TRATAMENDUA: Azterketa teknikoak baloratu ondoren (RX, erreflektografia, infragorria, UV argia, estratigrafiak eta analisi kimikoak), gainazala garbitu ziren, obraren irakurketarako oztopo ziren berniz eta birpintura zaharrak ezabatzeko. Taulak sendotu ziren dentsitate baxuko zur-mentuak jarriz, eta polikromiarako itsasgarri naturalak erabili ziren. Obrak egonkortu ondoren, hutsuneak estukatu ziren, eta, bukatzeko, berrintegrazio kromatikoko eta bernizatzeko lanak egin ziren.

 

 

ALFAR DE MANISES, VALENCIA

ALFAR DE MANISES, VALENTZIA
(XV. mendearen amaiera eta XVI. mendearen hasiera)
Platera, c. 1500
Urre-koloreko erreflexua, eta ebakirik eta urdinez nabarmendurik dagoen marrazkia. 47 zm (diametroa) 6,2 zm (altuera) 3,11 kg (pisua)

 

Alfar de Manisesen urre-koloreko toskako plater honetan, lehoi zutitu bat dago irudikatuta azalera osoan, ingerada ebakiz egina. Plateraren gainerako aldeetan, urdin kobaltoz azpildutako ezkatak daude. Atzealdean, eguzkiaren estilizazioa hautematen da erdialdean, eta garo-hosto bakunduak gainazaletik barreiatuta.

TRATAMENDUA: Pieza UV argiaz aztertu ondoren, zaharberritze-lan zaharren aldeak aurkitu ziren, arazoak baitzituzten jatorrizko materialari itsasteko. Tratamenduaren bidez, artelanaren balio kromatikoak aldarazten zituzten itsasgarriak, bernizak eta birpinturak ezabatu ziren. Horrez gain, ukitu batzuk egin ziren akuarelaz.

 

 

JAN VAN KESSEL I

JAN VAN KESSEL I
(Amberes, Belgika, 1626 - 1679)
Natura hila, XVII. mendeko hirugarren laurdena
Olioa kobrean. 40,5 x 54 zm
Bilduma partikular baten komodatoa 2015ean

 

Flandesko pintore honek jarraipena eman zion aitona zuen Jan Brueghel zaharraren tradizio artistikoari. Kobrean egin zituen pinturak, kolore dirdaitsuz eta zehaztasunez xehatuak, estimu handiz hartu zituzten haren garaikideek. Van Kessel bereziki nabarmendu zen loreak, intsektuak eta animaliak irudikatzen, baina maskorrak, armadurak, natura hilak, lore-sortak eta girlandak ere pintatu zituen.

TRATAMENDUA: Behar ziren azterketa teknikoak egin ondoren, gainazaleko estratuan esku hartu zen, berniz oxidatua eta ukitu zaharrak ezabatzeko. Pintura egonkortu ondoren, hutsuneak estukatu ziren, eta, bukatzeko, berrintegrazio kromatikoko eta bernizatzeko lanak egin ziren. Atzealdea garbitu eta kobrean zeuden efloreszentziak ezabatu ziren. Marko berria ere jarri zaio, artelanaren estiloarekin eta garaiarekin bat datorrena.

 

 

JOSÉ ANTOLÍNEZ

JOSÉ ANTOLÍNEZ
(Madril, 1635 - 1675)
Sortzez Garbia, c. 1665
Olioa mihisean. 201 x 149,5 zm

 

Antolínez, goiz hildako artista izan arren, XVII. mendeko Espainiako Barrokoaren funtsezko ordezkaritzat hartzen da. Haren corpus artistikoaren barruan, Sortzez Garbiaren irudikapen ikonografikoa gailentzen da. Tipologia pertsonala sortu zuen, esaterako, artelan honetan: Birjina leunduta eta bilduta agertzen da, eta, kontrastean, ingurua asaldaturik dago.

TRATAMENDUA: Hasteko, berniz oxidatuaren eta gainazaleko estratuaren tratamendua egin zen prozesu kimikoekin. Gero, euskarrian zeuden deformazioak zuzendu, urratuak konpondu, eta sendotu egin ziren. Hutsuneak estukatu eta haien berrintegrazio kromatikoa egin zen, eta, azkenik, bernizatu egin zen. Markoa zaharberritzeko, garbitu eta polikromia doitu zen.

 

 

LUISA ROLDÁN LA ROLDANA

LUISA ROLDÁN "LA ROLDANA"
(Sevilla, 1652 - Madril, 1704)
Pietatea gurutzearen oinaldean
Buztina, igeltsua, egur polikromatua. 70,6 x 41,6 x 33,1 zm

 

Pedro Roldán eskultorearen alaba zen, eta aitak Sevillan zuen tailerrean trebatu zen artista gisa Luisa Roldán. Espainian ganberako eskultore izendatu zuten lehenengo emakumea izan zen, eta Karlos II.a eta Felipe V.a erregeen zerbitzuan aritu zen. Zur-lanketan eta buztinarekin ezin hobeto jardun zuen. Hazpegiak eta eskuak irudikatzeko zuen leuntasuna zen haren bereizgarrietako bat.

TRATAMENDUA: Multzo eskultoriko hau egur polikromatuz egindako oinarri errektangular batean zegoen bermatuta; eta, xilofagoen ondorioz, sendotasuna galdua zuen. Tratamenduaren bidez, oinarriaren egitura konpondu zen, itsasgarriekin eta presioaz. Azkenik, polikromiaren gainazala garbitu eta hutsune batzuetan doitze-

 

 

ROBERTO LAPLAZA

ROBERTO LAPLAZA
(Bilbao, 1842-Madril, 1930)
Arkatzez eta/edo ikatz-ziriz vergé paperean egindako 12 marrazki

 

Bilboko Laplazaren ibilbide artistikoa Madrilen izan zen gehienbat; horma-obra garrantzitsuetan hartu zuen parte han. Museoan, irudikapenak dituzten ehun bat ikatz-marrazki daude. Irudikapen alegorikoak dira, besteak beste, urtaroenak, eta arte edo bertute teologalenak, Madrilgo aristokraziaren jauregiak eta elizak dekoratzeko zirriborroak izandakoak.

TRATAMENDUA: Garbiketa mekanikoa egin zen, brotxa eta goma bereziekin. Gero, euskarria kimikoki egonkortu, deformazioak zuzendu, eta galerak berrintegratu ziren, mentuak jarriz. Azkenik, hutsuneak kromatikoki doitu eta kontserbatzeko muntatze-lana egin zen.

 

 

MARTÍN RICO

MARTÍN RICO
(San Lorenzo de El Escorial, Madril, 1833 - Venezia, Italia, 1908)
Saint Jeango muturra. Cap Ferrat, XIX. mendearen azken herena
Olioa oholean. 18 x 36 zm

 

Frantziako itsasaldeko eszena honetan, barietate kromatikoa eta zehatz aztertutako argitasuna nabarmentzen dira, Madrilgo pintorearen bereizgarriak biak ala biak. Haren pinturek Barbizongo eskolaren eta Turner, Claude Gellée eta Fortunyren eragina izan zuten. Ospe izugarria lortu zuen garai hartako kritikarien artean eta merkatuan, haren estilo pertsonalarekin. Harreman estua izan zuen arte-saleroslea zen Adolphe Goupilekin, eta, horren ondorioz, haren artelan gehienak atzerriko bilduma pribatuetan daude.

TRATAMENDUA: Azterketa teknikoak, UV argia eta IR erreflektografia baloratu ondoren, konposizioaren goiko ezker angeluan zeuden birpinturak ezabatzea erabaki zen, erabat aldarazten baitzuten artelana irakurtzeko era. Horretarako, a secco garbitze-lana egin zen, bisturi bidez. Azkenik, leku zehatz batean bernizatu zen.

 

 

RICARDO ARRÚE

RICARDO ARRÚE
(Bilbao, 1889 - Caracas, Venezuela, 1978)

RAMIRO ARRÚE
(Bilbao, 1892 - Donibane Lohizune, Frantzia, 1971)

13 esmaltek kobrean

 

Ricardo Arrúek Ramiro anaiarekin elkarlanean egindako esmalteek euskal arteko dekorazioko arteetan izan den ziklorik berezienetako bat eratzen dute. Forma bakunduak eta oso naturalista ez den kromatismoa landuz, era askotako gaiak jorratu zituzten: natura hilak, biluziak, euskal eszenak eta pertsonaiak, pertsonaia mitologikoak eta erlijioko kontuak.

TRATAMENDUA: Ricardo eta Ramiro Arrúeren hamahiru esmalteak zaharberritzeko, lehenik, atzealdeko etiketak kendu eta kapsulan sartu ziren. Euskarrian, kobrean, gatzak ugaltzen ari ziren metalaren eta esmaltearen artean, eta horrek galerak ekartzen zituen. Gatz horiek aztertu ondoren, mekanikoki ezabatu ziren, korrosiboak zirelako. Metala babesteko, erretxina akrilikoa erabili zen kaltetutako aldeetan. Kontserbatzeko biltegiratzean, hezetasun erlatiboko kontrol-sistema bat sartu da.

 

 

AURELIO ARTETA

AURELIO ARTETA
(Bilbao, 1879 – Mexiko Hiria, 1940)
Bilboko paisaia. Sendeja kalea, c. 1917
Olioa kartoian. 53,5 x 60,2 zm

 

Aurelio Artetak adiskidetze-lana egin zuen tradizioaren eta abangoardiaren artean, Gerra Zibilaren aurreko euskal artean. Ibilbidearen barruan, interes handia izan zuen beti gizarte- eta langile-errealismoarekiko, eta soiltasun kromatiko nabarmena eta forma bakunduak dituzten eszenen bidez irudikatu zuen, Bilboko Sendeja kale ezagunaren irudi honetan ikus daitekeenez.

TRATAMENDUA: Atzealdetik hasi ziren zaharberritze-lanak, kraft paper-zerrenda bat kenduz, perimetro osoan baitzegoen gomaztatuta. Paper-zerrenda hori oso oxidatuta zegoen, eta, ondorioz, kartoizko euskarria erabat desitxuratuta zegoen. Euskarria tratatu zen, deformazioak zuzentzeko, arrakalak sendotzeko, eta berrintegrazioa egiteko, paper japoniarrezko mentuak jarriz.

 

 

RICARDO CATANIA

RICARDO CATANIA
(Bilbao, 1953)
Izenbururik gabe, 1988 - 1989
Teknika mistoa. 43 x 200 x 54 zm
Ipiña - Bidaurrazaga bildumaren dohaintza 2017an

 

Ricardo Cataniak eskultura pertsonala eta intimista garatu zuen: formaz garbia, nolabaiteko minimalismoarekin, eta funtsaren bila dabilen esanahi kontzeptual zabal batez.

TRATAMENDUA: Artelan honen tratamendua artistak zehaztu du, eta, gainera, bera ere arduratu da lana egiteaz. Obra egitean, artistak produktu bat erabili zuen oxidaziotik babesteko, eta horrek metala hondatu du. Zaharberritze-lanari ekiteko, obra desmuntatu eta gainazala tratatu zen, oxidazioaren ondoriozko orbainak ezabatzeko. Azkenik, babes akrilikoa eman zitzaion.

 

 

PELLO IRAZU

PELLO IRAZU
(Donostia, 1963)
To the Sleeping Part, 1993
Egurra eta binilo pintura. 169 x 109 x 37,1 zm

 

Funtsezko figura egungo panorama artistikoan, Pello Irazuk txandaka landu ditu eskultura, argazkiak, marrazkiak eta horma-irudiak. 90eko hamarkadan egin zituen piezetan, jolasean aritu zen erreferentzia arkitektonikoekin, de-konstrukzioa eginez eta gero bir-muntatuz jarraitutasunik gabe; era horretan, arrozte-efektua sortu zuen, objektuen eta eguneroko materialen esanahiarekiko.

TRATAMENDUA: Obra honen tratamenduan, artistaren lankidetza izan zen taldean, eta jarduteko plan bat prestatu ahal izan zen elkarrekin. Tratamenduarekin, euskarria eta materia piktorikoa sendotu ziren. Azkenik, berrintegrazio kromatikoa egin zen hutsune txiki batzuetan, artelana egiteko baliatutakoa bezalakoa zen binilo pinturarekin.

 

 

EDUARDO CHILLIDA JUANTEGUI

EDUARDO CHILLIDA JUANTEGUI
(Donostia,1924 - 2002)
Topalekua IV, 1973
Hormigoi armatua. 215 x 475 x 408 zm

 

Chillidaren eskulturen corpus zabalean, izaera monumentala duten artelan batzuk nabarmentzen dira, toki publikoetan ikusgai jartzeko bereziki sortu zituenak, generikoki Topalekua izena dutenak. Obren serie horretan, Chillidak eskultura arkitektonikoen eredu berriak asmatu zituen, hiri-ingurune garaikideetan sartzeko modukoak. Egin zituen oinarrizko ikerketen artean, artistak berariaz jorratu zuen formak espazioan egituratzeko era, bai eta forma inguratzen duen kanpoko espazioaren eta formaren barruko espazioaren arteko harremanak ere. Serieak zazpi pieza ditu, hamarkada batean eginak denak, 1964. urtetik aurrera.

TRATAMENDUA: Obra honetan esku hartzeko, Javier Chillida kontserbatzaile-zaharberritzailea izan zen taldean, aditua baita harrizko materialen tratamenduan, eta erreferentea Chillidaren hormigoietan esku hartzeko. Horrez gain, beste instituzio batzuekin eta arlo zientifiko nahiz industrialeko beste aditu batzuekin eren egin zen lan. Aurretiazko azterketa teknikoak amaitu ondoren, obraren gainazaleko estratuaren tratamendua egin zen, besteak beste, produktu biozida bat emanda. Gero, harrizko materialetarako sendotze-lan berezi bat egin eta elementu metalikoen oxidazioak tratatu ziren. Azkenik, berrintegrazioa egin zen, ahalik eta gutxien esku hartuta, eta piezaren galera historikoak erreserbatuta. Prebentzioko kontserbazio-programak aukera emango du obrak etorkizunean izango duen bilakaera kontrolatzeko, eta jarduteko protokoloa definitzeko.

 

 



Programa Iberdola Museo
Programa de becas del museo
Fundación Iberdrola

Zerrendara itzuli