X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

19|01|24 Iberdrola-Museoa 2018 Programa

Kontserbazio eta Zaharberritze Programaren aurkezpena

Urtero, Iberdrola-Museoa programak bildumako artelanetako batzuk aukeratzen ditu, horiek kontserbatzeko eta erakusgai jartzeko baldintzarik onenetan egon daitezen bermatzeko. Batzuetan, zaharberritu egin behar izaten dira, eta, beste batzuetan, prebentziozko kontserbazio sistemak aplikatu. 2018an, egile, euskarri eta teknika kasuistika zabal batekin lan egin da, eta horien artean Dario Urzayren (Bilbo, 1958) Behatzailearen sabela (Arreta-atalasea) (Afterimages) muntaketa –iazko udan aurkeztua eta museoaren kanpoaldetik ikus daitekeena– da berrikuntza teknikoen behar handiena izan duena.

Orain aurkezten diren gainerako artelanen artean, Andre Mariaren zazpi bozkarioen ikonografiaren erretaula gotikoa, Pere Nicolaurena, Erdi Aroko artearen bildumako garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Aro berekoak dira, baina espainiar eskolako egile anonimo batenak, Ama Birjinaren eta San Joanen egur polikromatuzko bi figurak ere –zeinetan jantzien tailuen lan arretatsua eta pertsonaien keinu eutsiak nabarmentzen diren–, bai eta aragoiar eskolako XV. mendeko lau taulak ere, seguru asko San Bartolomeri eskainitako erretaula bateko parte izandakoak.

Paper gaineko obraren sailetik, Juan Barroeta Lecandak akuarelaz 1833an egindako erretratu batean esku hartu da, bai eta Roberto Laplazaren hamabost marrazki alegorikotan ere; horietatik, Venusen atsedenaldia (1875) jarri da ikusgai. Artelan gisa zein lekukotasun gisa duten balioarengatik, nabarmentzekoak dira José María Ucelayren 1957ko marrazki bat, José Camón Aznar arte-kritikaria erretratatzen duena, Goya aldizkariaren ale batekin –berak sortutakoa–, eta Francisco Durrio eskultoreari egindako omenaldi erdi-ezkutuko bat. Barroeta eta Ucelayren marrazkiak lehen aldiz erakusten dira haien dohaintzaz eta erosketaz geroztik, hurrenez hurren.

Azkenik, balio historiografiko handia duen margolan bat aurkezten da: Bartolomé Esteban Murilloren jatorrizko obra galdu baten XVIII. mendeko kopia anonimoa, Iberdrola-Museoa programako bekadunek zaharberritua.

Artelan guztiak, Murillorenaren kopia izan ezik, publikoari ikusgai jarri zaizkio ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketan.

 



Pere Nicolau
(Valentzian dokumentatua 1390. eta 1408. urteen artean)
Andre Mariaren zazpi bozkarioen erretaula, c. 1398
Tenpera basa-pinuzko oholean

P aretoa

Erretaula eder honek, zeina gaur egun ez den osorik kontserbatzen, Andre Mariaren zazpi bozkarioak irudikatzen ditu. Nazioarteko Gotikoaren adibide bikaina da, eta polikromia argia eta distiratsua erakusten du, marrazki fin eta dotorez lagundua. Egileak, Pere Nicolauk, nortasun originaleko margolaria bera, Valentzia eta Aragoi artean garatu zuen bere lan artistikoa 1390etik 1408ra arte, kontserbatzen den dokumentazioaren arabera. Haren obrak Sienako eta iparraldeko pinturaren eragina azaleratzen du, azken hori Marçal de Sax germaniarraren bidez jasoa, zeinarekin lankidetzan aritu zen lan batzuetan, garaiko valentziar margolarien ohiturari jarraituz.

TRATAMENDUA. Lehen azterketa teknikoa, 1986koa, azpiko marrazkiaren analisiarekin osatu da orain. Esku-hartzean, materia piktorikoa sendotu da puntualki; azaleko geruza garbitu da; iztukatua egin da, eta hutsarteak kromatikoki berreskuratu dira. Horrez gain, kendu egin dira jatorrizkoak ez ziren egurrezko pieza batzuk, eta oholak sendotu, trinkotasun urriko egurrezko txertoen eta epoxi erretxina espezifiko baten bidez. Geruza piktorikoaren tratamendua bernizadurarekin amaitu da. Kontserbazio neurri prebentibo gisa, aluminiozko egitura bat diseinatu eta fabrikatu da erretaula osatzen duten lau elementuak instalatzeko, eta, horri esker, piezaren muntaketa lanak sinplifikatu dira.

 



Anonimo espainiarra
Ama Birjina eta San Joan gurutzearen oinaldean, XIV. mendea
Egur polikromatuak

P aretoa

Ama Birjinaren eta San Joanen irudikapenak dituzten artelan hauek Kalbario baten parte izandakoak behar dute, baina Kalbario horren figura zentrala ez da kontserbatzen. Beren egikera finduagatik, toles harmoniatsuengatik eta presentzia delikatuarengatik nabarmentzen dira. Keinuek sakrifizioaren onarpena deskribatzen dute, baina aberastasun kromatikoak, zeinak multzoari dotorezia ematen dion, leundu egiten du dramatismoa.

TRATAMENDUA. Obren azterketa erradiografikoak egurrezko euskarriaren konposaketa eta piezen euste-sistema zein den jakitea ahalbidetu du. Materialen identifikazioak teknika –tenpera– eta egur mota –pinus nigra– berretsi ditu. Zaharberritzea azaleko geruzaren eta antzinako birpintatzeen tratamenduarekin hasi zen. Gero, tailuak sendotu ziren trinkotasun urriko egurrezko txertoen eta epoxi erretxina espezifiko baten bidez, eta polikromia, itsasgarri naturalekin. Artelanak egonkortu eta gero, haiek aurkezteko, antzinako ainguratze sistemen ordez kontserbazioko berri batzuk ezarri ziren. Azkenik, hutsarteak berreskuratu ziren eta bernizadura bat aplikatu zen.

 



Juan Barroeta Lecanda
(Ugao-Miraballes, Bizkaia, 1801-Bilbo, 1852)
Evaristo Echave jaunaren erretratua, 1833
Akuarela, gouachea eta grafitoa paperean

R aretoa

Juan Barroeta Lecanda XIX. mendearen lehen erdiko Bizkaiko burgesiaren erretratugile nagusietako bat izan zen. Akuarela honetan, Evaristo Echave Unibaso irudikatzen du, Bilboko lehen setioan, 1835ean. Evaristo Echave Unibaso tropa karlisten aurka borrokatu zen milizia nazionaleko kidea izan zen. Guduaren ondoren, Echavek kargu garrantzitsuak izan zituen udalean: Udal Diruzaina, Hiriko obra elizkoien Gordailuzaina eta Administratzailea.

TRATAMENDUA. Azterketa teknikoa amaitu eta gero, tratamendua hasteko, obra desmuntatu zen; itsasgarriak kendu zitzaizkion, eta euskarria eta eutsitako elementuak mekanikoki garbitu ziren, bisturien, brotxa espezifikoen eta gomen bidez. Ondoren, tarratatuak sendotu ziren, eta galeren doitze kromatikoekin amaitu zen lana. Zaharberritzearen ondoren obra aurkezteko, kontserbatzeko muntaketa ezarri da.

 



José María Ucelay
(Bermeo, Bizkaia, 1903-Bilbao, 1979)
José Camón Aznar jaunaren erretratua, 1957
Tinta eta grafitoa paperean

F aretoa

Lerroa nagusi den egikera zorrotz eta aratzeko artelan honetan, José María Ucelayk bere adiskide José Camón Aznar erretratatu zuen, jarrera lasaian eta bere lorpen akademikoei lotutako objektuz inguratuta, hala nola Goya aldizkaria. Marrazkiak beste erreferentzia interesgarri bat dauka, Francisco Durrio eskultorearena, zeinaren irudia ageri den konposizioaren atzealdean, asto batean dagoen erretratu txiki batean.

TRATAMENDUA. Kolore gorrikara duten hiru tinta mota desberdinez eta grafitoz paper abitelatuan egindako marrazki honen zaharberritzea goma espezifikoen bidez egindako garbiketa mekanikoarekin hasi zen. Ondoren, atzealdearen antzinako muntaketako itsasgarria kendu zen disoluzioekin; azalera osoa estaltzen duten foxing puntu ugariak egonkortu ziren kimikoki, eta euskarria sendotu zen. Amaitzeko, kontserbazioko muntaketa berria egin da.

 



Anonimo aragoiarra
San Bartolome Enperadorearen aurrean
San Bartolomeren martirioa
San Bartolome apostoluaren sermoia
San Bartolomeren lepamoztea


c. 1450-1480
Tenpera oholean

H aretoa

San Bartolomeri eskainitako erretaula honen egiletzari buruzko hipotesiak Jaume Huguetekin, Arnaut de Castellnourekin eta are Martín de Soriarekin lotzen du. Haren estiloan, erreferentzia argiak igartzen dira Aragoiko Gotikoarekin, arkitekturen irudikapenean eta pertsonaien janzkera originalean. Jakina da, bilduma partikular batean, erretaula honetako beste bi eszena daudela.

TRATAMENDUA. Esku-hartzean, lau margolanen kasuan, euskarrien berrikuste egiturazkoa egin da, materia piktorikoa sendotu da puntualki, azaleko geruza garbitu da –antzinako bernizak eta inguruneko zikinkeria– eta hutsarteak berreskuratu dira kromatikoki. Jatorrizkoak ez ziren antzinako ukitu batzuk endekatuta zeuden, eta, ondorioz, kolorea egokitu da. Amaitzeko, babes bernizadura eman zaio. Halaber, tratamenduari esker, obraren azterketa teknikoa osatu da, erradiografiaren, erreflektografia infragorriaren, argi ultramorearen eta materialen identifikazioaren bidez.

 



Roberto Laplaza
(Bilbo, 1842-Madril,1930)
Venusen atsedenaldia, 1875
Ikatz-ziria paperean

S aretoa

Roberto Laplaza bilbotarraren ibilbide artistikoa Madrilen garatu zen batik bat, non horma-irudi garrantzitsuetan lan egin zuen. Artistaren ehun marrazki dauzka museoak, urte-sasoien eta bertute teologalen irudikapen alegorikoekin eginak, besteak beste; margolariak elizak eta Madrilgo aristokraziaren jauregiak dekoratzeko erabili zituen zirriborro horiek.

TRATAMENDUA. Zaharberritzeko, lehenik, brotxen eta goma espezifikoen bidez garbitu da, eta euskarria kimikoki egonkortu. Ondoren, desitxuratzeak tratatu dira, eta galerak konpondu, txertaketen bidez. Beharrezko doitze kromatikoekin eta kontserbazioko muntaketa bat eginda amaitu da esku-hartzea.

 



Anonimo espainiarra
Erromatar Karitatea, XVIII. mendea
Olioa mihisean

S aretoa

Margolan honek erromatar karitatearen alegia paganoaren pasarte bat irudikatzen du, Factorum et dictorum memorabilium libri IX liburuan jasoa –exemploen bildumen artean ezagutzen den antzinakoena– eta Valerio Maximok K.a. I. mendean idatzitakoa. Zaharberritutako obra Bartolomé Esteban Murilloren jatorrizko obra gaur egun desagertu baten kopia da; baina haren erreprodukzio-grabatu bat kontserbatzen da, Tomás López Enguídanosek 1809an egina, Liburutegi Nazionalean.

TRATAMENDUA. Museoan sartu aurretik, artelan honek zaharberritze tratamendua jaso zuen; besteak beste, barrabaskaz egindako oihaleztatzea eta geruza piktorikoen garbiketari buruzko hainbat proba egin zitzaizkion. Oraingo esku-hartzea azterketa tekniko sakon baten ondoren hasi zen; aurreko oihaleztatzea kendu, jatorrizko euskarria sendotu, eta indartzeko banda perimetral batzuk gehitu ziren, azkenik, bastidore berri baten gainean kokatzeko. Garbiketa hainbat fasetan banatuta egin da: lehenik, azaleko zikinkeria kendu da; gero, berniz ugertua, eta, azkenik, antzinako birpintatzeak. Tratamendua iztukatuarekin, hutsarteen berreskuratze kromatikoarekin eta pisu molekular baxuko erretxina zetonikoz egindako bernizadurarekin amaitu da.

 



Programa Iberdola Museo
Programa de becas del museo
Fundación Iberdrola

Zerrendara itzuli