X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

20|01|22 Iberdrola-Museoa 2019 Programa

Kontserbazio eta Zaharberritze Programaren aurkezpena

Iberdrola museoaren patronoa da 2001etik; ordutik, museoaren funtsezko misioetako batean laguntzen du: bertako artelanen bilduma kontserbatzea. Helburu horrekin, Iberdrola-Museoa kontserbazio eta zaharberritze programaren bitartez, 2013. urtetik, zaintza behar duten obrak aukeratzen dira urtero bildumatik. Gainera, 2019an, ekintza-ildo berria gehitu zen, aldi baterako erakusketetan parte hartzen duten obrei dagokienez. Modu horretan, Ignacio Zuloaga 1870-1945 erakusketatik marrazki bat eta 22 olio tratatu ziren, besteak beste, bildumako maisulanetako bat: Mathieu de Noailles kondesaren erretratua (1913). Isabel Baquedano. Edertasunaz eta sakratuaz erakusketatik, paper gaineko 34 obra eta 95 pintura, museoak berriki eskuratutako Izenbururik gabe (c.1972) barne hartuta. Azkenik, Joos van Cleveren Deikundearen triptikoa lanaren azpian datzan irudiaren azterketa ere egin zen; izan ere, Santo Domingo de la Calzadako (Errioxa) katedralak museoari laga zion, Obra Gonbidatuaren programan parte hartzeko.

Orain lehen aldiz aurkeztuko diren bildumako obren artean, Mamerto Seguirena nabarmentzen da; 2018an eskuratu zen, eta, horri esker, artista bilbotarra museoaren bildumara gehitu ahal izan da, bere obra nagusietako baten eskutik. Regoyosen ordezkaritza ere handitu da, 2019an dohaintzan jasotako paisaiari esker. Azkenik, Roberto Laplazak XIX. mendearen erdialdean egindako 24 marrazki, horiekin amaitu da 2014. urtean Iberdrola-Museoa programarekin abiarazitako 112 artelaneko multzoaren zaharberritzea.

Erakusketan agertzen diren ordenaren arabera, zaharberritutako obrak hauek dira: Margolariaren emaztearen eta Ricardo semearen erretratua (c. 1918), Ricard Canals; Izenbururik gabe (c. 1972), Isabel Baquedano; Mathieu de Noailles kondesaren erretratua (1913), Ignacio Zuloaga; Job eta bere seme-alabak (c. 1650), Domenico Piola; Burdina, pilaketak (c. 1900), Darío de Regoyos; XIX. mendearen erdialdeko 38 marrazki, Roberto Laplaza, zeintzuen aukeraketa zaindu bat dagoen ikusgai; Zamakola eskribauei diktatzen (1881), Mamerto Segui; Stéphane Mallarméren erretratua (1891), Paul Gauguin; Musikariak (c. 1620-1623), Pieter Fransz de Grebber; eta Tangerreko zokoa (c. 1912), Francisco Iturrino.

Ezarritako tratamenduek –materia piktorikoa eta euskarriak egonkortzea, azaleko geruzak tratatzea, berrintegrazio kromatikoa eta muntaketa– nabarmen hobetu dute obren kontserbazio egoera. Gainera, analisi teknikoek –azpian datzan marrazkiaren azterketa, erreflektografia infragorriaren, erradiografikoaren eta argi ultramorearen bitartez– oso informazio baliotsua eman dute, esku hartzeko proposamenak zehazteko eta obren eta artisten ezagutzan sakontzeko.

 



RICARD CANALS
Bartzelona, 1876-1931)
Margolariaren emaztearen eta Ricardo semearen erretratua, c. 1918
Olioa mihisean. 143,5 x 85,5 cm
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1920an

A Aretoa

Ricard Canals margolari eta grabatzaile katalanaren lan hau 1919an bereganatu zuen Bizkaiko Probintzia Aldundiak, Bilbon egindako Nazioarteko Pintura eta Eskulturako Lehenengo Erakusketan. XX. mende hasierako estilo modernistaren adibide argia da, eta ezin hobeto bereizten da espainiar eskolaren herentzia.

Prebentziozko kontserbazio berrikuspenetan ikusi zenez, itsaspen eskasa zegoen materia piktorikoaren eta mihisearen euskarriaren artean; hortaz, zaharberritu beharra zegoen lana. Lehenik, azaleko garbiketa zorrotza egin da; era horretara, pintura-geruzak finkatu dira, eta, ondorioz, kohesioa eman zaio berriro ere multzoari. Era berean, beharrezko doitze kromatikoak egin dira, eta euskarrian deformazioak eragiten zituen bastidorearen haustura konpondu da. Markoa ere zaharberritu da, polikromia garbitu eta berrintegratzeko tratamenduaren bitartez.

 



ISABEL BAQUEDANO
(Mendabia, Nafarroa, 1929-Madril, 2018)
Izenbururik gabea, c. 1972
Olioa mihisean. 81 x 100 cm
2019an eskuratua

E Aretoa

XX. mendearen bigarren erdialdeko Espainiako pinturaren margolari pertsonalenetako bat da Isabel Baquedano. Iruñeko Eskolaren bultzatzaile izan zen hirurogeiko hamarraldian, oso errespetatua izan zen zirkulu txiki batzuetan eta erregulartasunez erakutsi ohi zituen bere lanak, figurazioari atxikiak, bai Madrilen bai Euskal Herrian.

Lan honen tratamenduarekin hasteko, askatzeko arriskuan zegoen materia piktorikoa finkatu da. Egonkortu ondoren, euskarriaren deformazioak zuzendu dira. Margolanak zikintasun geruza trinkoa zuen, eta garbiketa urtsua egin da; horri esker, balio kromatikoak berreskuratu ahal izan dira. Ondoren, materia piktorikoa sendotu da, galera txikiak iztukatu dira eta hutsarteak kromatikoki berreskuratu dira.

 



IGNACIO ZULOAGA
(Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madril, 1945)
Mathieu de Noailles kondesaren erretratua, 1913
Olioa mihisean. 152 x 195,5 cm
Ramón de la Sota y Llano jaunaren dohaintza 1919an

F Aretoa

Zuloagak izen handia lortu zuen, eta XX. mendearen hasierako artista kotizatu eta nazioartean errespetatuenetako bat bihurtu zen, arrakasta horren ondorioz. Ospe horri esker, halaber, garai hartako pertsona ospetsu askoren enkarguak egin zituen, besteak beste honako hau, Anna-Elisabeth de Brancovan olerkari paristarrarena.


Azterketa tekniko sakona egin zaio lanari, X izpien, IR erreflektografiaren eta argi ultramoreen eta materialen identifikazio mikroskopikoaren bitartez. Azterketa horien ondorioz, lortutako datuak aurretik zegoen dokumentazioarekin bateratu eta margolanaren zaharberritzeen historiala egin ahal izan da; lehenengo zaharberritzea Zuloagak berak egin zuen. Oraingo esku-hartze honetan, lehenik geruza piktorikoaren azaleko garbiketa egin da, disoluzio indargetzaile baten eta ukitu zaharren eta bernizaren doitzearen bitartez. Azkenik, mihisearen deformazioak konpondu dira, presio baxuko mini-mahai batekin.

 



DOMENICO PIOLA
(Genoa, Italia, 1628-1703)
Job eta bere seme-alabak, c. 1650
Olioa mihisean. 175,5 x 220 cm
1923an eskuratua

H Aretoa

Lan hau museoan sartu zenean, 1923an, Giovanni Lanfrancorena zela uste zen; baina aurreko zaharberritze batean, 1995ean egindakoan, lanaren sinadura aurkitu zen, eta egilea Domenico Piola zela jakin zen horrela. Piola izan zen, hain zuzen, Italiar Barrokoko Genovar Eskolako ordezkari nagusietako bat.

Olioak, arrasto tenebrista handikoak, intentsitate txikiko degradazioak zituen, eta, horren ondorioz, ezin zen behar bezala irakurri. Esku-hartzearen bitartez, geruza piktorikoen gainazala garbitu da, eta antzinako ukituak eta berniza doitu dira. Nabarmentzekoa da, halaber, euskarria aldatu dela, inbaditzaileegia baitzen, eta, horren ordez, obra honetarako zaharberritu eta egokitutako beste bat jarri da, hura garbitu eta sendotu egin da, eta bolumena eta koloreak berrintegratu dira. Zaharberritze lan honen bitartez indartu egiten da margolan bikain honen aurkezpena.

 



DARÍO DE REGOYOS
(Ribadesella, Asturias, 1857-Bartzelona, 1913)
Burdina, pilaketak, c. 1900
Olioa oholean. 32,5 x 55,1 cm
Bilduma partikular baten dohaintza 2019an

I Aretoa

Regoyosek harreman artistiko eta familiar estua izan zuen betidanik Euskal Herriarekin, eta funtsezko eginkizuna bete zuen euskal pinturaren modernizazioan.

Bizkaiko Gallarta herriko meatze-paisaia erakusten duen ohol txiki hau horizontalki puskatuta eta bitan banatuta zegoen. Intsektu xilofagoak zituela baieztatu zen, eta horregatik egin zitzaion anoxia tratamendu bat. Geruza piktorikoetan gai organiko eta inorganikoak zeuden, aldaketa kromatikoak, hodeietan bereziki, eta zikinkeria geruza bat zegoen azalean. Esku-hartzearen hasieran gelifikatutako urez eta pH doituz garbitu zen, eta, ondoren, mikroskopio digitalaren bidez ezabatu ziren partikulak. Amaitzeko, galera txikiak iztukatu eta berreskuratu ziren, gorabeherak kromatikoki doitu, eta pisu molekular baxuko berniz geruza bat aplikatu zitzaion.

 



ROBERTO LAPLAZA
(Bilbao, 1842-Madril, 1930)
Munolesko gudua, 1869
Ikatz-ziria paperean. 31,4 x 44,3 cm
2007an eskuratua

L Aretoa

Roberto Laplaza bilbotarraren ibilbide artistikoa Madrilen gauzatu zen bereziki, eta bertan trebatu zen XIX. mendearen erdialdean indarrean zegoen akademizismoan. Marrazketa katedra lortu zuen Arte eta Ofizioen Eskolan, eta garrantzizko ibilbidea egin zuen astoko margolari gisa; dekorazio pinturan ere nabarmendu zen.

Laplazaren marrazki hauen zaharberritzearen bitartez amaitzen da Iberdrola-Museoa 2014 programan hasitako 112 lan multzoren zaharberritzea. Gehienek antzeko patologiak zituzten, hala nola marea orbanak, mikroorganismoen erasoak eta euskarriaren degradazioak eta galerak. Garbiketa mekanikoa egin da, brotxa eta goma berezien bidezkoa, eta baita paperaren egonkortze kimikoa ere. Desitxuratzeak tratatu dira, eta euskarri galerak txertoen bitartez berreskuratu dira; amaitzeko, beharrezko doitze kromatikoak egin dira, eta kartoi neutroko karpetatan egin da kontserbatzeko muntaketa.

 



PAUL GAUGUIN
(Paris, 1848-Atuona, Markesak uharteak, 1903)
Stéphane Mallarméren erretratua, 1891
Akuafortea, xixela eta punta lehorra paperean 440 x 305 mm (papera) - 183 x 143 mm (orbana)
2019an eskuratua

L Aretoa

Gauguinek 1891n grabatu zuen Stéphane Mallarmé kritikariaren eta poetaren erretratua, adiskidetasun keinu gisa, hark asko lagundu baitzion Gauguini hainbat lan saltzen, dirua behar izan zuenean Markesa Uharteetara bidaia egiteko. Lan hau nabarmena da ez bakarrik bere estilo pertsonalagatik, baita Mallarméren erretratua artistaren produkzio grafikoan ezagutzen den akuaforte bakarra izateagatik ere.

Paperaren gainazala zikina eta horiztatuta zegoen, argiaren eraginpean zeuden guneetan. Horrez gainera, foxing puntu ugari zeuden, eta baita zimurrak, tolesak eta deformazioak ere; estanpa bilduta egon zela adierazten du horrek. Esku-hartzean goma mekanikoaren bitartez garbitu da azaleko geruza, eta foxing orbanen eta zimur zehatzen tratamendua egin da. Paperaren azidotasuna konpontzeko, ukipen bidezko desazidifikazioa egin da atzealdean. Azkenik, kontserbazio karpeta batean muntatu da lana.

 



MAMERTO SEGUI
(Bilbao, 1862-1908)
Zamakola eskribauei diktatzen, 1881
Olioa mihisean. 142 x 110,5 cm
2018an eskuratua

S Aretoa

Mamerto Segui, formazio akademikokoa bera, historia-pinturan nabarmendu zen. Lan honetan Simon Bernardo Zamacola notario eta politikaria agertzen da, bizkaitar foruen babesa diktatzen. 1882ko Bizkaiko Erakusketa Probintzialean aurkeztu, eta zilarrezko domina lortu zuen.

Kontserbazio egoera ahulean iritsi zen museora; egiturazko kalteak zituen, bai euskarrian bai materia piktorikoan. Zaharberritzea azaleko geruzan hasi zen, eta jatorrizko materiaren zati bat estaltzen zuten berniz oxidatuak eta birpinturak kendu ziren. Bereziki garrantzitsua izan da euskarrian egindako esku-hartzea: aurretik zaharberritutako bi haustura handiren tratamendua egin da, eta jatorrizko oihala sendotu da, bigarren mailako euskarri baten edo oihaleztatze mugikor baten bidez. Amaitzeko, iztukatua egin da, hutsune ugari eta zabalak kromatikoki berreskuratu dira, eta pisu molekular baxuko erretxina batez bernizatu da.

 



PIETER FRANSZ DE GREBBER
(Haarlem, Herbehereak, c. 1600-c. 1652/1653)
Musikariak, c. 1620-1623
Olioa mihisean. 91 x 73,7 cm
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

V Aretoa

Erlijio-erretratu eta -eszenetan espezializatua, Grebberrek koadro kostunbrista gutxi margotu zituen; eszena musikal hau –XVII. mendeko Holandako pinturan asko errepikatzen den gaia– salbuespen bat da, hortaz, Grebberren produkzioaren barruan. Horrez gainera, egileak margotutako obra goiztiarrenetako bat da.

Obra honi egindako tratamenduaren alderdirik aipagarriena garbiketa izan da. Lehenik, azaleko zikinkeria kendu zaio, eta, ondoren, berniz oxidatua eta kromatikoki aldatuta zeuden birpintatze zaharrak. Zaharberritze lana amaitzeko, galera txikiak kromatikoki berreskuratu eta azken bernizatzea eman zaio. Esku-hartze honi esker berreskuratu da lanaren indar kromatikoa, aurpegi eta jantzietan bereziki. Museoan sartu aurretik, berrehundu eginda zegoen lana, eta aldatuta zuen euskarria; beraz, ez dira osagai horiek aldatu, multzoa oso egonkorra baita.

 



FRANCISCO ITURRINO
(Santander, 1864-Cagnes-sur-Mer, Frantzia, 1924)
Tangerreko zokoa, c. 1912
Olioa mihisean. 67,5 x 100,3 cm
1931n eskuratua

Z Aretoa

Iturrinoren lana postinpresionismoaren barruan sartzen da, fauvismotik hurbil, argiaren eta kolorearen erabilera berezia dela-eta. Margolariaren hurbileko artisten eragina erakusten du, hala nola Renoir, Derain, Picasso eta, bereziki, Matisserena. Azken horrekin ibili zen 1910ean Espainia hegoaldean, eta 1912an Marokon.

Garai horretakoa da, hain zuzen, Tangerreko Zokoa lana. Margolanaren azterketa teknikoaren ondoren ekin zitzaion zaharberritze lanari. Geruza piktorikoak garbitu ziren lehenik, baliabide urtsu baten bitartez, eta berniz oxidatua kendu zen, ondoren, disolbatzaile nahastura baten bitartez. Horrez gainera, euskarriaren egitura konpondu da, eta, era horretara, euskarriaren desitxuratzeak kendu dira. Azkenik, beharrezko doitze kromatikoak egin dira, eta pisu molekular baxuko berniz geruza bat aplikatu zaio.

 

 



 

 

 

Iberdola Museoa Programa
Museoaren bekaren programa
Fundación Iberdrola

Zerrendara itzuli