X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

21|03|10 Iberdrola – Museoa 2020 Kontserbazio eta Zaharberritze Programa

2013tik, Iberdrola-Museoa Kontserbazio eta Zaharberritze programa arduratzen da museoko bilduma kontserbazio-egoera ezin hobean egoteaz. Helburu hori betetzeko, urtero hautatzen dira tratamendua behar duten hainbat artelan, nukleo kronologiko bati baino gehiagori eta askotariko teknika artistikoei dagozkienak. Horrez gain, beste jarduera-ildo bat gehitu zen 2019an, gure bildumakoak ez izan arren aldi baterako erakusketetan parte hartzen duten artelanentzat.


Horietakoak izan dira, adibidez, Ameztoy eta Valdés bildumako maisulanak erakusketetan egon diren eta bilduma pribatuetakoak diren zenbait margolan. Azkenik, programak bere misioa zabaltzen du, eta prestakuntza eskaintzen die etorkizuneko profesionalei; haiek, Iberdrola–Bilboko Arte Ederren Museoa bekari esker, beren ezagutza garatzen dute Kontserbazio eta Zaharberritze Sailean. 2020an, programak jarduera-ildo horiei eutsi die, berezitasun batekin: esandakoaz gainera, esku- hartzeak egin dira, orain, estreinako aldiz, jendaurrean erakusten ari diren zenbait artelan erosi berritan. Multzo horretakoak dira Ignacio Iriarteren Paisaia artzainarekin –orain dela gutxi eskuratutakoa, Museoaren Lagunen ekarpenari esker–; Juan de Barroetaren Sopelako hondartza eta Paisaia mendiekin; Gonzalo Chillidaren Pasaiako fabrika eta Jean-François Raffaëlliren Montmartre sous la neige; eta Joaquim Sunyerren eta Marta Cárdenasen estanpak. Horiei, bildumako zenbait lan ezagun gehitu behar zaizkie, Ángel Larroquek, Remigio Mendiburuk eta Pablo Milicuak sinatutakoak.

Bestalde, eta etorkizunean museoa handiagotzea helburu, martxan jarri da bitartekaritza-programa berri bat, kanpoaldean egindako bisita gidatuen bitartez museoko arkitekturak eta haren inguruan dagoen arte-ondarea ezagutarazteko. Bisitak doakoak dira museorako sarrera erosiz gero, eta asteburu guztietan egiten dira (larunbatetan, 12:30ean eta 18:30ean; igandeetan, 12:30ean; gaztelaniaz, eta euskaraz hileko azken igandean; izen-ematea online, edo museoko txartel- leihatilan, egun berean).

2020 Programa [PDF]
Hitzaldia: Iberdrola Museoa 2020 Programaren aurkezpena
Hitzaldia: Estudios técnicos y tratamiento del Retrato de la condesa de Mathieu de Noailles de Ignacio Zuloaga

logotipo de Iberdrola

 


logotipo de Iberdrola

L ARETOA (paisaia)



Ignacio de Iriarte
(Azkoitia, Gipuzkoa, 1621–Sevilla, 1670)
Paisaia artzainarekin, c. 1665
Olioa mihisean
2020an Museoaren Lagunek egindako ekarpenari esker eskuratua

 

Gipuzkoan jaio bazen ere, Ignacio de Iriartek Sevillan ikasi zuen, eta han garatu zuen langintza artistiko osoa, baita Pintura Artearen Akademia sortu ere. Dokumentu askorik ez dugu haren ibilbide eta nortasun artistikoari buruz, baina iritsi zaizkigun artelan urriak aski dira margolari garrantzitsutzat jotzeko, Flandesko eta Holandako inspirazio indartsuko paisaia mota batean espezializatua.


Obra honek lehenagoko zaharberritze bateko berrezartze kromatiko ugari zeuzkan, eta esku hartzean pintura geruzen tratamendua egin zaio. Gainazala garbituta, konposizioaren jatorrizko tonalitateak berreskuratu ditu. Gainera, eremu kaltetuenetan berniza eraberritu da, disolbatzaile soluzio berariazko batekin. Azkenik, kolore galera txikiak berrezarri dira.

 

Juan de Barroeta Anguisolea
(Bilbo, 1835-1906)
Sopelako hondartza, 1863
Paisaia mendiekin, 1863
Olioa mihisean
2019an eskuratuak

 

Bi mihise hauek Barroetak egindako paisaia lanen adibide azpimarragarriak dira. Bizitzako azken urteetan, genero hori utzi eta erretratugintzan soilik aritu zen. Gainera, Luis Paretek XVIII. mendearen amaieran egindakoez geroztik, hauek jo izan dira euskal itsasertzaren lehen irudikapen ezaguntzat. Pinturek paisaia moderno era bat erakusten dute, errealismo objektiboz jasoa, natura zuzenean ezagutzetik sortua.

Bi obren konposizioa egokituta dago Barroetak mihisearen goiko eta beheko ertzetan grafitoz mugatu zuen markoaren neurrira; orain muntaiaren azpian ezkutatuta dago hori. Tratamenduan, gainazala garbitu egin da, pH-soluzio urtsu doitu batekin. Sopelako hondartza lanean, gainera, birpintatzeak kendu dira, eta egitura deformazioak eragiten zituzten adabaki zaharrak ordezkatu. Amaitzeko, hutsuneen iztukatzea eta berrezartze kromatikoa gauzatu dira.

 



Jean-François Raffaëlli
(París, 1850-1924)
Montmartre sous la neige (Montmartre elurpean), 1880-1890
Olioa, gouachea eta grafitoa kartoi meheari atxikitako paperean
2020an eskuratua

Jean-Léon Gérôme margolari akademiko ospetsuaren gidaritzapean hezi ostean, Raffaëllik gainditu egin zuen bere garaian nagusi zen errealismoa, Degasi miresmena eraginez. Horri esker, 1880ko eta 1881eko erakusketa inpresionistetan parte hartu zuen Raffaëllik; mugimendu horri atxiki zitzaion. Paleta soila eta atmosfera poetikoa erabilita, margolariak protagonismo osoa eman zien Parisko aldirietako paisaiei eta haietan bizi ziren pertsona anonimo eta bakartiei.

Lan honetako esku hartzea markoan eta kontserbazio-muntaia berrian egindakora mugatu da: pintura (olioa, gouachea eta grafitoa) berariazko kristal akriliko batekin babestu, euskarria paperezkoa delako. Urre-koloreko markoak hutsune ugari eta pitzadura batzuk zituen, batez ere angeluetan. Tratamenduan, hutsune horien berrezartze bolumetrikoa eta kromatikoa egin da.

 



Gonzalo Chillida
(San Sebastián, 1926-2008)
Pasaiako lantegia, 1960
Olioa mihisean
2019an eskuratua

Gonzalo Chillida 1950eko hamarkadaren hasieran agertu zen euskal eszena artistikoan. Lan goiztiar honek Daniel Vázquez Díazen Fabrika behelainopean entzutetsua berregiten du; margolari hark euskal artisten hainbat belaunalditan eragin handia izan zuen. Konposizio geometriko baten bidez, Chillidak paisaiaren inguruko giro heze eta lanbrotsua jaso zuen, formak disolbatuz; margolan honetan, artistak geroko lanen ezaugarri bihurtuko zen "abstrakzio naturalista" aurre-irudikatu zuen.

Azterketa teknikoaren ostean, zaharberritzeari ekin zitzaion, pintura geruzen berreskuratzearekin, zigilatzeko soluzio baten bidez. Geruza piktorikoa eta euskarriaren deformazioak finkatzeko funoria erabili da, Gloiopeltis furcata algatik ateratako sulfato polisakarido bat, era kontrolatuan hezetasuna, presioa eta tenperatura aplikatzearekin konbinatuta. Azkenik, hutsuneak eraberritu dira, eta gainazaleko proiekzio-orbanak estali.

 



Marta Cárdenas
(San Sebastián, 1944)
Teilatua, c. 1975-1977
Akuafortea paperean
2020an eskuratua

Gaur egungo sortzaileen artean, bakanetakoa da Marta Cárdenas, eta haren ekoizpenean guztiz leku nabarmena hartu du paper gaineko langintzak. Marrazkiak, grabatuak eta pastelak artistak bizitako esperientzien isla dira. Honako akuaforte hau Cárdenas Kanadako Ottawa hirian bizi zen garaikoa da, eta orduko artelanen ezaugarri nagusi dira teknika zaindua, zuri-beltza erabiltzea, eskematismo nabarmena eta argazki-enkoadratzeak.


Akuaforteak gainazala zikinduta zeukan, zelulosan oxidazio-orbanak, mikroorganismo eraso bat estanpazioaren beheko aldean, eta lehenagoko muntaia bateko itsasgarri hondarrak atzealdeko lau angeluetan. Eraso biologikorako tratamendu kimikoa ezarri ostean, euskarria eta itsasgarriak mekanikoki garbitu dira, eta orbanen gainean guneka egin da lan. Artelana kontserbazio-muntaia berri batean aurkeztu da, kartoi neutrozko karpetan.

 


N ARETOA (beltza)


Ángel Larroque
(Bilbao, 1874-1961)
Neska katuarekin, 1895
Olioa mihisean
Bilboko Udalaren ekarpena 1945ean

Margolan hau gaztetan egin zuen Ángel Larroquek, Parisen zegoela; funtsezko hiria izan zen haren arte prestakuntzan. Eugène Carrière margolariaren akademian matrikulatu zen han: modu erabakigarrian eragin zion hark gama kromatikoan, orobat argiztatze apalean eta atmosfera inguratzailean oinarritutako estetika garatzerakoan. Frantziako hiriburuan, gainera, etxe barruko eszenekiko interesa erne zitzaion, XIX. mende amaieratik genero betea zena; Larroquerengan eragin sinbolista argia nabari da.

Azterketa erradiografikoari esker, pinturaren azpian, noranzko horizontalean, beste konposizio bat dagoela baieztatu da. Eraberritzea piezaren egiturazko tratamenduarekin hasi zen, euskarriari agar-agarra aplikatuz eta oihala armazoian behar bezala tenkatzea ahalbidetzen duten perimetro-zerrendak erantsiz. Materia piktorikoa tratatuz gauzatu dira berniz oxidatua eta birpintatzeak kentzea, iztukatzea, hutsuneetako berrezartze kromatikoa eta, amaitzeko, bernizatzea. Artelana marko berri batean muntatuta aurkeztu da.

 


O ARETOA (Bestea)

Joaquim Sunyer
(Sitges, Barcelona, 1874-1956)
Les Soliloques du Pauvre (Pobrearen bakarrizketak), 1897
Koloretako litografiak paperean
2019an eskuratua

Koloretako litografiak bultzada handia jaso zuen Parisen 1890eko hamarkadaren amaieran. Les Soliloques du Pauvre Jehan Rictusen izen bereko poema-liburua ilustratzeko sortu zuen Joaquim Sunyerrek, eta Espainiako artisten artean teknika hori erabili izanaren adibide bakanetako bat da.
Album honetan, egileak agertu egiten ditu abangoardiarekin lotutako esperimentazio formal handia eta Rictusen berezko gizarte-bazterketako hizkuntzarekin bat datorren estetika.

Albumean zortzi litografia daude, kartoi prentsatuko karpeta batean. Zuntz tindatuko estalkia argiaren oxidazioz koloregabetuta zegoen, eta hutsuneak eta urradurak zeuzkan. Estanpetan deformazioak, oxidazio-orbanak eta gainazaleko zikinkeria zeuden. Garbiketa mekanikoa egin da brotxa eta goma berezien bidez, eta paperaren egonkortze kimikoa gauzatu kapilaritatez. Deformazioak ere tratatu dira, eta euskarriko hutsuneak berriz osatu. Azkenik, kontserbazio-muntaia egin da kartoi neutrozko karpetetan.

 


S ARETOA (ametsa)

Pablo Milicua
(Bilbao, 1960)
Monegros, Irudimenezko paisaiak seriekoa, 2007
Collagea paperean
2019an eskuratua

Pablo Milicuaren lanaren zati handi bat lehendik zeuden elementuak konbinatu eta eraldatzetik eratorritako arrazoibide berriak eraikitzean oinarritzen da. Margolan-collage hau berrogeita hamarretako eta hirurogeietako argitalpenetan argazki ugari ebaki, eta haiek zatar-paper gainean kolatzearen emaitza da. Lan neketsu eta obsesibo horren bidez, artistak irudizko paisaiak berregin zituen, eta narrazio sinboliko umoretsuekin osatu.

Multzoa kimikoki egonkortzeko, azidorik gabeko kartoi neutro bat jarri da, paperari azidotasuna ematen zion zurezko bigarren euskarriaren ordez. Itsasteko zailak ziren collagearen elementuak metilzelulosa bidez finkatu dira. Gainera, deformazioak zuzendu dira, gainazaleko orbanak kendu eta hutsune nahiz urradura txikiak kromatikoki doitu. Azkenik, kontserbazio-muntaia berria egin da.

 


T ARETOA (lurra)

Remigio Mendiburu
(Hondarribia, Gipuzkoa, 1931–Barcelona, 1990)
Txori askeentzako kaiola, 1969
Haritz- eta hurritz-egurra
2006an eskuratua

Remigio Mendiburuk 1950eko hamarkadaren amaieran ekin zion bere karrerari, eta haren lana urte haietako proposamen informalistekin nahiz beste haustura-mugimendu batzuekin lotu izan da; arte poverarekin, esate baterako. Mota askotako materialak erabili zituen (harria, burdina, brontzea, alabastroa, zementua), baina lanik esanguratsuenak zurez egin zituen, eta zuhaitzaren figura izan zen berarentzat inspirazio-iturri nagusietakoa.

Eskulturan, hurritz-zurez egindakoa eta haritz-zurezko onairriarekin, elementuetako bat hautsita zegoen, eta puntu batzuetan ezin zen ongi egokitu. Tratamendua hasteko, lehengo lanetatik eratorritako hondakinak ezabatu ziren, eta obraren garbiketa orokorra egin. Gainazala prestatu ondoren, hautsitako elementua kolatu da, eta ahokatze-puntuak doitu dira. Halaber, obra osatzen duten bi piezen arteko lotura-zurtoinaren ordez luzera handiagoko bat jarri da, multzoa egonkortzeko. Azkenik, argizari mikrokristalinozko errematea eman zaio.

 

AUDITORIUMEKO HALLA

Remigio Mendiburu
(Hondarribia, Gipuzkoa, 1931–Barcelona, 1990)
Sustraiak, c. 1970-1971
Pago-egurra
1971n eskuratua

Zaharberritzeko jarduerari esker, artistak berak diseinatutako jatorrizko idulkia berreskuratu da, goiko eta beheko piezak uzkurtzeak egituraren zati handi bati eragin baitio, tentsioak eratuz eta elementu batzuk lekuz aldatuz. Ahalik eta erasan txikiena eragiteko irizpideari eutsiz, zuraren mugimenduak eragindako espazioetan haritz-zurezko pieza txikiak txertatu dira, artelanari jatorrizkotik hurbilen dagoen ikuskera itzularazteko asmoz. Gainera, idulkiaren eta eskulturaren gainazalak garbitu dira, ondoren argizari mikrokristalinozko errematea aplikatuz eta intsektu xilofagoen eraso batek eragindako zuloak berrosatuz.