X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

17|07|12 Bilboko Arte Ederren Museoak Luis Paret y Alcázar artistaren (1746-1799) "Bermeoko bista" (1783) obra eskuratu du

BBKren babesari eta Museoaren Lagunen ekarpenari esker

 

Bilboko Arte Ederren Museoak Luis Paret y Alcázar artistaren (Madril, 1746 - 1799) Bermeoko bista obra aurkeztu du, 1783koa. José Luis Várez Fisaren oinordekoei erosi die Museoak koadroa. Ordainketa egiteko, mailegu bat eskatu du –finantza kosturik gabe, BBKren babesari esker–, eta datozen urteetan ordainduko da mailegua, Museoaren Lagunen ekarpenen bidez.

Bermeoko bista lanak(1783) interes historiko itzela du, balio artistiko handia ez ezik; izan ere, Kantauriko kostaldeko portuak erakusten dituzten koadroen saileko lehen obratzat hartua da, eta madrildar artistak marraztutako Euskadiko lehen irudia. Goyaren urte berean jaio zen Paret, eta, zorigaiztoko gorabehera biografiko batzuk zirela-eta erbesteratu egin behar izan zuelarik –Puerto Ricora, lehenik, eta Bilbora, gero–, galdu egin zuen Gortean lortutako ospe ona eta nagusitasuna, Goyaren mesedetan. Garai hartan, Euskadin ez zegoen tradizio artistikorik ia, eta Pareten mailako margolari bat hemen bizi izana gertaera ezohikoa izan zen, bai eta garrantzi handikoa ere, herrialdearen bilakaera artistiko eta kulturalerako.

Obra hau, XVIII. mendeko Espainiako pinturako maisulan handietakoa ez ezik, Euskadiko herri baten lehen irudi moderno eta hertsiki artistikoa dela esan daiteke. Bikain kontserbatutako olio pintura da, kobrezko euskarri delikatua izan arren, eta ezin hobeto uztartzen ditu konposizio zaindua eta eszenaratzea azken ukitu bikain eta xeheekin. Paretek topaketa sozial modura landu zuen bista, eta duintasunez agertu zituen tipoak eta ohiturak; alderdi horretatik, aurrekaririk gabeko lekukotza eman zuen Euskadiri dagokionez. 1783an margotu zuen, Karlos IV.a erregea izango zenarentzat, Karlos III.aren seme eta garai hartan Asturiasko Printze zenarentzat; seguru asko, don Luis infantearen –Karlos III.a erregearen anaia gazteena– bizimodu libertinoan izandako eraginagatik 1775ean ezarri zioten erbesteratze zigorra ken ziezaioten. Azkenean, 1785ean kendu zioten zigorra. Paretek Bermeoko beste bista batekin bikotea osatzeko asmoz landu zuen obra hau; bikoteko beste obra desagertua da gaur egun, baina portua ekaitz bete-betean ikusten zen hartan.
Bilboko Arte Ederren Museoak Paret y Alcázarren (1746-1799) bilduma osatuko du lan honekin.

Bilduma horretan daude, lehendik, Bilboko Arenalaren bista, 1783-1784koa; Baserritarren eszena (zatia), 1786koa; Hondarribiko bista (zatia), 1786koa; Maitasunaren garaipena gerraren aurrean, 1784koa; Ama Birjina Haurrarekin eta Santiago Nagusiarekin, 1786koa; Jainko Artzaina, 1782koa; eta, orain, Bermeoko bista eskuratu berria, 1783koa.

 

Luis Paret y Alcázarrek Bilbon egindako egonaldiak –1779tik gutxienez 1787ra– berebiziko garrantzia izan zuen euskal artearen historian, halabeharrezko gertaeren hurrenkera apetatsu bati esker gertatu bazen ere. Margolaria Puerto Ricora erbesteratu zuten 1775ean, Luis Borboikoaren –Karlos III.a erregearen anaia gazteenaren– bizimodu libertinoarekin zeukan konplizitateagatik; hain zuzen ere, Paret, infantearen ganberako margolaria ez ezik (1763tik), hark bere amodio-ibileretarako eskatzen zituen emakumeen hornitzaile ofiziala ere bazen, nonbait. Hala, 1778ra arte bizi izan zen Paret Puerto Ricon; baina, urte hartan, zigorra trukatu zioten, eta "aldi batez Gortetik eta Errege Kokalekuetatik berrogei legoatik behera ez hurbiltzeko" zigorra ezarri zioten. Ez dago jakiterik muga geografikoa ezartzen zion zigor hura betetzeko zergatik aukeratu zuen Paretek Bilbo.

Bilbon egin zituen urteetan, obra heldua, askotarikoa eta modernoa landu zuen Paretek, baina Francisco de Goya (1746-1828) handiaren itzalak ilundua nolabait. Paretek Bilbon margotutako obrak rokoko estiloaren erakusgarri bikainak dira; hain zuzen ere, oraindik indarrean zen estilo hura, eta haren ordezkari gorentzat hartua da Paret. Estilo hark pintura ausart, fribolo eta hutsalaren aldeko apustua egin zuen, goi mailako klaseen bizipoza eta axolagabekeria adierazteko. Eta ezaugarri horiek ezin hobeto islatuta daude artistak irudikatutako portuen bistetan, bai gutxienez 1783tik aurrera margotu zituenetan, baita 1786ko uztailaren 4tik aurrera errege aginduz –alegia, Karlos III.ak Kantauriko portuak margotzeko eman zion aginduari jarraituz – margotu zituenetan ere.

Paretek margotutako euskal portuen irudiek Karlos IV.a erregea izango zenaren egoitzak apaindu zituzten; zehazki, Printzearen Etxetxoa, edo Beheko Etxetxoa, El Escorialen. Hantxe egon ziren margolanak frantsesen inbasiora arte; eraso haren ondoren, ordea, Napoleonen gudarosteek indarrez ebatsi zituzten haietako batzuk. Hala, obra guztiak aurkitzerik izan ez denez eta informazio dokumental aski ez dagoenez, ez dago jakiterik zenbat bista margotu zituen Paretek, ezta zer portu irudikatu zituen ere. Balio artistikoa alde batera utzirik, Kantauriko portuak agertzen dituzten bistak bereziki adierazgarriak dira alderdi historikorik, euskal portuen bista fidel eta zorroztasun topografiko ikaragarrikoak landu baitzituen madrildar margolariak.

Aipatzekoa da XVIII. mendean zehar ez zela egin Paretek margotutako portuen bisten antzeko estilorik eta gairik zuten obra asko, ez Euskadin ez Espainian, eta, are gutxiago, harenek adinako kalitatekoak. lldo horretan, Mariano Sánchez valentziar margolariari (1740-1822) eskatutako "Espainiako eta atxikitako uharteetako bista, portu eta gudu ontziolen bilduma osoa" da nabarmentzekoa, batez ere; bilduma haren xedea zen errege izango zenaren itsas bisten kabinete bat osatzea. Orobat dira kontuan hartzekoak Pedro Grolliez y Servier frantses jatorriko teniente ingeniariak erregearen aginduz 1782. eta 1785. urteen bitartean marraztutako hogeita hamahiru bistak. Karlos III.aren erregealdiko enkargu ilustratu horiei lotu ohi zaie, halaber, Espainiako eta Portugalgo portuen bisten bilduma, Frantziakoekin osatua. Alexandre-Jean Noel –Claude-Joseph Vernet paisajista eta itsas bisten margolari ospetsuaren (1714-1789) ikaslea– izan zen bilduma haren egilea, eta bildumako bistak grabatu bihurtu zituen Francisco Allixek. Bada Cádizko portuaren zabaletarako estanparen bat, Nicola Maria Ozannerena, zeina Frantziako Luis XVI.a "Handientzaren itsas ingeniaria eta ostatatua" baitzen. Groillezen lanak alde batera utzita, gainerakoetan ez da ageri euskal kostaldearen irudirik, eta, hala, Pareten obra lekukotasun bakar eta balio artistiko izugarrikoa da.



OBRAREN DESKRIBAPENA

Bermeoko bista, 1783an sinatua eta datatua, Paretek egindako lehen bista ezaguna da: lehen bistatzat hartua da, baita gainerako guztien aurrekaritzat hartua ere. Kobre gainean margotuta dago, eta 60,3 x 83,2 cm-ko neurria du. Asturiasko Printzeak Beheko Etxetxoan gordetako obren inbentarioan 215. zenbakia zuen obra honek –zenbaki horixe ageri da, oraindik, pinturaren aurrealdean–, eta antzeko bista batekin bikotea osatzen zuen, baina, beste hartan, honako hau bezala itsasbeheran margotua izan ordez, ekaitza ikusten zen.

Paretek garai bateko kaia edo portu txikia irudikatu zuen koadroan, gaur egun Bermeoko Portu Zaharra dena. Hura margotzeko, portuko sarrerako bokalearen eskuinaldeko moilan jarri zuen astoa, gaur egun Venacio Nardiz deritzon moilan; zehazki, orain Nestor Basterretxearen Olatua eskultura dagoen gunean. Hortik, herriaren ikuspegi zabala zuen margolariak, portuaren gaineko amildegiaren aurrez aurre.

Santa Eufemiaren eliza gotikotik –konposizioaren ezkerraldean– abiatzen da ikuspegi panoramiko hau; Ertzilla dorre adierazgarria agertzen da koadroaren erdian, eta Talako Andra Maria elizaren hondakinak, amaitzeko, eskuinaldean. Eliza hareharrizkoa zen, eta estilo gotikokoa; neurriagatik (84 metro luze eta 55 metro zabal), Bizkaiko eraikin erlijioso ikusgarrienetako bat izan zen: XIV. mendearen hasierarako dokumentatuta zegoen, eta han egiten ziren hiribilduko gremioen eta kofradien bilerak. Gurutze latindarreko oina zuen, eta hiru nabe, gurutzadura nagusi bat, kapera eta sakristia asko eta bi kanpandorre; lau sarrera zituen, puntu kardinaletara orientatuak. Erre egin zen eliza 1504an eta 1722an, eta kalte handiak izan zituen, hainbeste, non aurri egoeran baitzen XVII. mendearen amaierarako.

Juan E. Delmasen arabera, Talako Andra Maria elizari "gangak erori zitzaizkion 1776an, eta, horregatik ez da mezarik eman eliza horretan 1784ko otsailaren 9tik; data horretan aldatu ziren eliz jantzi, imajina eta gainerako bitxiak Talako Andra Mariaren ermitako parrokia elizara" 1. Arrazoi hori zela eta, 1782ko ekainaren 12an, autoa eman zen "eliza hura gurtzarako ixteko, eta Santa Eufemia eliza hurbila berritzeko erabakia hartu zen" 2, hura ere aurri adierazpena jasoa, 1780tik. 1784an, Juan Martín de Uriberrondok "eliza aztertu zuen […], eta hura zurkaizteko agindua eman zioten, hango material bikaina erabiltzearren" 3. Dorrea besterik ez zen salbatu hondamenetik –argi eta garbi bereizten dena Pareten bistan–, baina gainbehera erortzeko arriskua zegoenez, eraitsi egin zuten, azkenean, 1853an. Jakina denez, 1859ra arte zutik iraun zuten eliza haren hondakin batzuek 4.

Bestalde, Santa Eufemia elizari dagokionez, "1782ko apirilaren 23an hasi ziren Gazteluko Santa Eufemia parrokia elizaren dorrea eraisteko lanak, aurri egoeran zegoelako, hiribilduak Joaquin de Uriarte jauna eta Manuel de Aurrecoechea jaunari mandatua eman zielarik, Santiago de Barandica jaun txit gorenaren aurrean emandako hiribildu honetako eskrituran agertzen den bezala: berria hasi zen, adierazi urteko ekainaren hamazazpian,..." 5. Dorre berria, Gabriel de Capelastegui maisuak egindako diseinuari jarraituz egina, urte hartako ekainaren 17an hasi ziren eraikitzen "...eta 1783ko uztailaren 11n amaitu zuten, eta parrokia funtzioak 1784ko otsailaren 16an aldatu ziren Santa Eufemia elizara". 1783ko abuztuaren 1ean, gurutzea jarri zen dorre horretan, eta, esan bezala, 1784ko otsailaren 16an –Delmasek 9an izan zela adierazi zuen arren– hasi ziren berriro Santa Eufemian meza ematen.

Pareten koadroan, argi ikusten da Santa Eufemiako dorrea eraikuntza prozesu bete-betean; kanpandorrea erdi amaiturik dago, hain zuzen. Beraz, uste izatekoa da –kontuan harturik dorrearen eraikuntza oso aurreratua dagoela eta 1783ko uztailean amaitu zutela– Paret Bermeon zela 1783ko lehen seihilekoan, eta orduan hasi zela bista margotzen. Litekeena da 1782az geroztik izatea hiribilduan, baina dorrearen eraikuntza lanak hain aurreratuta egonik, obraren beraren data ikusirik eta margolariak kanpoan eguraldi egokiarekin lan egitea nahiago zuela jakinik, pentsatzekoa da 1783ko udaberri-udan hasi zela madrildar margolaria Bermeoko bere bista adierazgarria lantzen.

Bermeoko bistak kalitate artistiko itzela zuzenez, mahai bikain bat sortzeko erabili zuten; onize, kaltzedonia, serpentina eta beste harribitxi eta erdi-bitxi batzuez osaturiko mahai baterako erabili zuten. Buen Retiroko Harri Gogorren Errege Laborategiak egin zuen, erakunde hura jardunean aritu zen azken urteetan, seguru asko, Luis Poggetti zuzendari zela.

PARETEK IRUDIKATUTAKO EUSKAL PORTUEN BESTE BISTA BATZUK

Euskal portuen bistei loturik, Bilboko Arenalaren bista bat dago Londresko National Galleryn: ohol gaineko olio pintura bat, 1784koa, Bermeoko bistaren neurri berekoa. Era berean, Bilboko Arte Ederren Museoak Bilboko Areatzaren beste bista bat du. Eta orobat kontserbatu da Portugaleteko bista, Madrilgo Museo Cerralbo museoan, zeina horizontalean moztu baitzen, eta, seguru asko, baita bertikalean ere. Hiru obra horiek bezalaxe, uste izatekoa da Olabeagako ontziola koadroa (bilduma partikularra) ez zela sartu erregeak 1786an Pareti egindako enkarguan, Olabeaga ez baita, hertsiki, itsas portua.

Erregearen enkarguari dagokionez, lau obra gorde dira 1786tik aurrera eginak. Hain zuzen ere, Donostiako Kontxako bista, Pasaiako Portuaren bista (biak Gipuzkoakoak, eta Ondare Nazionala bilduman sailkatuak), eta Hondarribiko bi bista, Caeneko Arte Ederren Museoan gordea bata (Frantzia), eta Bilboko Arte Ederren Museoarena, bestea. Bilbon kontserbaturiko Hondarribiko bista erditik moztu zen, eta perimetroak ere moztu zizkioten.

Javier Novo Gonzalez
Bilboko Arte Ederren Museoko Bildumen Saileko burua

 


 

1 Juan Bautista Eustaquio Delmas: Guía histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya. Bilbo : [s.n.], 1864, 124. or. .

2 Cirilo de Zabala Allica. Atalaya histórica de la muy noble e muy leal villa de Bermeo. Junta de Cultura de Vizcaya, 1964.

3Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco.Diccionario enciclopédico vasco. Uran-Urrug. [s.l.]: Auñamendi argitaletxea, 1999, 283. or.

4 Javier de Ybarra y Bergé. Torres de Vizcaya. Madril: Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Instituto Diego de Velázquez, 3. libk., 1946, 108. or.

5 Irune Allika eta Victor Uriarte. Bermeoko toponimia. Bermeo: Bermeoko Udala, 2015, 278.-282. or. [Santa Eufemia elizarako] eta 359.-360. or. [Talako Andra Maria elizarako].

 

 

Zerrendara itzuli