X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

BERRIAK

21|11|24 Víctor Erice. Piedra y cielo. Jorge Oteiza, una evocación

Bilboko Arte Ederren Museoak eta BBVA Fundazioak Harria eta zerua. Jorge Oteiza, oroipen bat saiakera-liburua aurkeztuko dute. Lan honetan, Víctor Ericek Oteizari buruz hausnartzen du, Harria eta zerua bideo-instalazioa aurkezteko 2019an museoan eman zuen hitzaldi batetik abiatuta. Aipatutako bi erakundeek elkarrekin bultzatzen duten Bideoarte eta Sorkuntza Digitaleko Programaren barruan egin zuen bideo-instalazioa.

Lan hori aurkezteko, Ericek hitzaldi bat eman zuen, eta horixe da argitalpen honen oinarria, aurretiazko ohartarazpenean egileak adierazten duen moduan: "2019ko azaroaren 13an, Bilboko Arte Ederren Museoan hitzaldi bat eman nuen bezperan inauguratu zen Harria eta zerua bideo-instalazioaren sorkuntza-prozesuari buruz; Aita Donostia (1886-1956) musikariari eskainitako Agiña (Lesaka, Nafarroa) mendiko monumentua hartzen zuen gaitzat. Monumentu horretan, Jorge Oteizak egindako hilarria zen elementu nagusia, eta nire ikus-entzunezkoan hori islatzen ahalegindu nintzen. Horrexegatik, Orioko eskulturagilearen figuraren eta obraren arteko antzekotasunak leku nagusia izan zuen nire hitzaldian".

Liburuan, Ericeren testu bat dago, non hausnarketa pertsonal bat egiten duen museo eta arte-zentroekin izan dituen lankidetzei buruz; berak kode zinematografikoan ulertzen ditu. Jarraian, Jorge Oteizaren figura hartzen du hizpide –berrogeita hamarreko hamarkada amaieran eta hirurogeiko hamarkadaren hasieran harekin harremana izan zuen–, eta eskulturagileak Agiñara egin zuen lehen bisitatik gordetzen diren oharrak eta cromlecha gizakiaren eremu babesle gisa hartzearen Oteizaren ideia gogora ekartzen ditu. Oteizaren pentsamenduarekin batera, Ericek adierazten du inspirazio-iturritzat balio izan ziola Gillermo Zuaznabarrek idatzitako testu bat ere, zeina 2005ean Altzuzako (Nafarroa) museoak monumentuari eskainitako Harria paisaian erakusketaren komisario gisa idatzi zuen. Ericek honela deskribatzen du lan hori: "... gida bat, Oteizaren hilarriari bisualki argi-edukiontzi gisa heltzeko...". Hortik aurrera, zinemagileak agerian jartzen ditu Oteizaren oroipen pertsonal honetan pentsamenduaren eta estetikaren oinarriak transmititzeko erabili dituen prozedurak –time-lapsea, gaueko errodajeak...– eta baliabideak –Oteizaren bi poemaren zatiak bi bideoen amaieran gaininprimatzea–.