X

Webgune honetan, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, zure nabigazioari buruzko informazio estatistikoa biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Nahi izanez gero, lehentasunak alda ditzakezu edo informazio gehiago jaso ahal duzu. Ados nago

Igokundea

Zaharberritutako lana

Nicolás Solana (1401 eta 1441 bitartean dokumentatua )

Igokundea, XV. mendea. Lehen herena

Tenpera ohola gainean. 122 x 62,5 cm

Nicolás Solanaren jarduera artistikoa 1401 eta 1441 bitartean dokumentatuta dago, kontratu eta testamentu-xedapenen eta berak eskuz egin zituela dakigun lan apurren bitartez. Aragoiko Quattrocento garaiko Juan de Leví pintura-maisuaren taldean ikasi zuen, eta konposizio konplexuetan antzerki jarreran kokatutako pertsonaia adierazkorrek zehaztutako estiloa sortu zuen.

Igokundea eta Noli me tangere (olioa taulan. 123 x 64,5 cm bakoitzak) Kristoren bizitza edo nekaldiari eskainitako erretaula bat izango zenaren bi eszena dira. 1927an sartu zituzten museoaren bilduman, Laureano de Jado jaunaren legatuaren zati moduan. Haien zaharberritzea dela-eta, zenbait proba egin dituzte –erradiografiak, erreflektografia infragorria eta pigmentu eta aglutinatzaileen analisi mikrokimikoa–, lanak eurak eta egilearen teknika sakonago ezagutzeko, bai eta lan mota horientzako tratamendu egokienak zehazteko ere, euren tipologia eta aroagatik oso konplexuak izaten baitira.

Materia piktorikoa finkatu dute zenbait puntutan, eta garbitu egin dituzte zikinkeria-geruzaz eta lehenagoko hainbat zaharberritzetan gainean ezarritako berniz herdoilduz osatutako azaleko geruzak. Horrekin batera, birpinturak kendu dituzte, eta jatorrizkoa orain dagoen egoeran utzi. Azkenik, hutsuneen berrosatze kromatikoarekin eta bukaeran babesteko berniza emanez biribildu dute lana.